Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Itxuran

2015eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Etxe burgesetan eta tradizio kristauan aski ezaguna da itxura gordetzearena, ez zaie ausaz esaten izen oneko soka horretako familiei. Era berean, itxurazkoa zer den zehazteko beti da lagungarri itxurarik gabea ere argi zedarriztatzea, ahal dela jendemodu aise identifikagarri bati erantsita adjektiboa, eta listo, hortxe pagaburu perfektua, hortxe, azken batean, Bestea. Batarekiko eraikia, noski, eta klasikoak aipatzearren, hona hemen: andrea gizonarekiko, beltza zuriarekiko, biolentoa demokratarekiko.

Azken horri helduko diot, benetan betean jo zuen-eta euskal kasuari aplikatu zitzaionean eta fruituak ere jori eman baitizkie luzaroan ideia sustatu zutenei, zeregin zinez nekeza izan ohi denez Bestearena egitea egokitu zaienentzat dikotomia haustea, ez baita sekula aski esatea lan politikoa baino ez zutela egiten, inkomunikazio-aldiko torturen ostean esan zituztela esandako guztiak, auzitegi berberak absolbitu zituen 40 militante politikoren lana jarraitzea leporatuta nahi dituztela espetxeratu.

Harik eta arrakalatzen hasten den arte, eta horregatik izan ziren erabakigarriak herri harresiak, itxura itzulipurdikatu zutelako zeharo. Ez duzulako itxura gordetzen zeure demokratarentzat eraikitako biolentoak gorputz soilarekin ematen duenean aurpegia, beste hamaika gorputz soili besarkatuta gogor, sabel eta bular. Ez duzulako itxura gordetzen zeure demokratak bere neurrira eraikitako biolentoari borra-kolpeka eta izter-erreka irakasten dionean demokrazia zer den. Kontrara, erabat galtzen dituzu manerak. Eta, noski, berreskuratu nahi dituzu lehenbailehen, bereziki eskulanez hornitzen zaituenak nahi ditu berriro harro jantzi, eta hauteskundeak ere ez dabiltza urruti. Argazkian zatarren ematen duenari ihes egiten saiatzen zara beraz, epaia jakinarazi aurretik atxilotuz auzipetuak.

Gorde litekeen itxurarik honezkero ez zaizu geratzen, barren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.