Afixaren erdian

Peio Etxeberriak lau eta erdiko San Fermin torneoan eman dio jarraipena buruz burukoaren bide onari. Astelehenean Altuna izango du aurkari, Eibarren.

Peio Etxeberria pilota sotamanoz astintzeko prestatzen, buruz buruko txapelketako partida batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
San Joan eguna berezia da Aspeko bulegoetan. Eibarko jaietako egun nagusia da, eta Astelena pilotalekuan jokatzen den azken jaialdia udako lozorroaren aurretik. Hemerotekan pixka bat murgiltzea nahikoa da enpresak ahalegin berezia egin ohi duela ikusteko. Puntako jaialdiak antolatzen ditu etxeko jaietan. Aurten, astelehen honetan jokatuko da, eta ezohiko izen bat egongo da afixaren erdian, partida nagusiarentzat gordetako tokian: Peio Etxeberria. «Jaialdi oso garrantzitsua da. Pentsa, lehen partida jokatzeak ilusioa egiten zidan, hura jokatzeko itxaropena nuen, bada pentsa orain estelarra jokatuko dudala». Jokin Altunaren aurka ariko da, lau eta erdiko San Fermin torneoko kanporaketan.

Hasiberri baten hitzak dirudite, Etxeberria (Zenotz, Nafarroa, 1998), izan ere, ia hasiberria baita. Duela bi urte pasa egin zuen debuta, eta iaz bigarren mailako binakako txapeldunorde izan zen arren, aurtengo buruz burukoan eman du jauzia. Txapelketan Javier Zabalari (22-11), Asier Agirreri (22-6) eta Beñat Rezustari (22-10) irabazi die, final-laurdenetan Danel Elezkanoren aurka galdu aurretik (22-13). Iragan astean, baina, ordaina hartu zuen: 20-22 irabazi zion lau eta erdian. Bide batez, buruz buruko lan ona egun bateko lorea ez dela erakutsi du.

«Altunaren aurka jokatzeak errespetu handia ematen du, bera txapeldun handia baita. Behin jokatu dut haren aurka, binaka, Larraintzarren, eta 22-18 irabazi zidan. Partida ederra jokatu genuen». Errespetua logikoa da, baina azken hilabeteko emaitza onek Etxeberriaren ikuspegia aldatu dute. «Konfiantza eman didate emaitzek. Ikusi dut nirea ematen badut, handienen aurka lehiatzeko gai naizela. Jauzitxoa eman dudan? Nik jauzitxoa eguneroko lanean sumatzen dut». Hori buruz buru, eta binaka? Oso urrun ikusten al ditu enpresako aurrelari handiak? «Urrun baino gehiago, motibazio iturri dira niretzat. Aukeratzat hartzen ditut». Sanferminetan ez da torneoan sartu, baina hiru partida ziurtatuak ditu gutxienez. «Egia esan, ez dut haratago pentsatzen. Enpresak jartzen didan edozein aukera ongi etorria izango da. Badakit garai gozoa igarotzen ari naizela baina egun batetik bestera aldatu daitekeela».

Egunero entrenatzen

Hori eragozteko, baina, badu errezeta: «Lana». Zorte pixka bat ere izan duela uste du, baina zehaztu nahi izan du. «Zortea landu egiten da. Zortea eguneroko lanaren ondorioa da». Etxeberriak pilotari jarduna abeltzain lanarekin uztartzen du. Etxeko ganadutegia darama, eta, dioenez, udan ordu pare bat baino ez dizkio kentzen egunean. Horregatik, egunero doa Zentrum kirol zentrora lan fisikoa egitera. «Debutatu nuenetik nabaritu dut aldea arlo fisikoan. Partiden azken txanpan lehen ez nuen bultzada bat sumatzen dut. Baina oraindik zailtzeke nago».Besteak beste, Joseba Ezkurdia edo Juan Martinez de Irujo dira lan multzo horretako kide, eta Barañainen elkartzen dira.

Etxeberriak, dioenez, baina, asko du hobetzeko teknikoki, eta, ia ezker guztiek bezala, berak ondo daki «zuloa» non duen: «Eskuinean, zabaleko pilotak bueltatzeko garaian batez ere. Hor behean, kontrakantxan, oso astunak izaten dira. Baina, tira, dena dut hobetzeko. Etxanizekin jarrera guztiak lantzen ditut. Oso berde nago». Bilakaera horrekin jarraitzen badu, astelehenekoa ez da izango bere izena erdian duen azken afixa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.