Ohikora ohitzeko beharra

Gizakiek ez ezik, etxeko animaliek ere pairatu dituzte osasun krisia eta bi hilabeteko itxialdia, eta, orain, normaltasun berrira ohitzeko beharra dute haiek ere. Horrek animaliengan hainbat arazo sor ditzakeela ohartarazi dute albaitariek .

Konfinamendua. Txakurrek ere pasiera laburragoak ematera eta etxean egotera ohitu behar izan dute. JON URBE / @FOKU.
Peru Azpillaga Diez.
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Bi hilabetez etxetik irten ezinik egon ostean, aldaketa asko izaten ari da «normaltasun berrira» igarotzeko prozesuan. Konfinamenduak goitik behera eraldatu zituen jendearen bizitzak, eta argi geratu da hori gainditzea ez dela egunetik gauerako afera izango. Gizakiak, ordea, ez dira konfinatuta egotera ohitu behar izan duten bakarrak. Gaur egun, hamaika dira etxean animaliaren bat duten herritarrak, eta maskota horietako askorengan ere eragina izan dute osasun krisia gainditzeko hartu diren neurriek.

Albaitariek ohartarazi dutenez,txakurrek eta katuek sumatu dute egoera aldaketarik handiena etxeko animalien artean. Desberdin bizi izan dute, baina, konfinamendua: lehendabizikoek jabeen presentziaz «gozatu» dutela eta bigarrenak «estresatuta» bizi izan direla ohartarazi dute albaitariek. Hala baieztatu du, gutxienez, Maite Poveda Altsasuko (Nafarroa) Zelai albaitaritza klinikako jabeak.

«Zalantzarik gabe, katuak izan dira animaliarik kaltetuenak». Katuak egunaren zati handi batean bakarrik bizitzera ohituta daudela dio Povedak: «Konfinamenduan, ordea, etxea betea izan dute egunero, eta, gainera, kalera ateratzen ez direnez, bada, egia da estres kasu dezente izan direla, are gehiago kontuan izanda berez erraz estresatzen direla».

Aitzitik, katuentzat sufrikario izan den egoera hori bera txakurrentzat «plazera» izan dela dirudi. «Gozatu egin dute», erantsi du Povedak. «Jabearekin egon dira denbora guztian, eta maiz atera dira. Agian, egia da ezin izan direla haiek ohituta dauden espazioetara joan, eta askok berdea asfaltoarekin ordezkatu behar izan dutela, baina, hala ere, harremanei dagokienez, irabazi egin dute».

Konfinamendua, ordea, amaitu egin da, eta «normaltasun berrira» ohitzeko prozesua zenbait txakurrentzat «kaltegarria» izaten ari dela nabarmendu du Povedak. «Aldentze antsietatearen kasuak daude, txakurrek berriro ere bakarrik egotera ohitu behar dutelako». Povedarekin bat etorri da Egoitz Bikandi Bizkaiko Albaitari Elkarteko presidenteordea. Hainbeste denboran jabeekin eguneko 24 orduak eman ostean animaliak ohitu egin direla baieztatu du Bikandik.

«Orain jendea lanera itzultzen hasi da, eta animalia horiek etxean bakarrik geratzen dira berriro ere». Horrek arazoak sortzen dituela argudiatu du, azkenean txakurrek «jabeekiko dependentzia» sortu baitute. «Denbora gehiago ematen dute orain bakarrik; gizakion presentziara ohitu dira, eta, orain, askok beren kabuz egoten ikasi behar dute berriro».

Povedak kontatu duenez, txakurrek hainbat arazo sor ditzakete antsietate kasuen ondorioz: «Sufritu egiten dute. Batzuek negar egiten dute; beste batzuek, zaunka, edo etxeko altzariei hozka. Horrekin batera, badira bazter guztietan pixa eta kaka egiten dutenak ere». Argi du txakur askori kostatu egingo zaiela egoera berrira ohitzea, eta, horregatik, zenbait gomendio eman ditu: «Gauzak antolatu eta hartutako ohitura galdu beharra dute. Jabeek poliki ibili behar dute, irteera motzak egiten hasieran, txakurrak ikus dezan ez dela ezer gertatzen». Sartzerakoan eta irteterakoan txakurra ez agurtzea ere gomendatu du, baita etxean «txokoren» bat prestatzea ere, eroso egon dadin. «Batzuek irratia uzten dute piztuta; badaude ere feromona gailu batzuk txakurrentzat lasaigarriak direnak; eta, gero, muturreko kasuetarako, badira antsiolitikoak eta halakoak ere».

Askotariko esperientziak

Euren txakurrekin bizi izan dute konfinamendua Sarah Ugartek eta Ander Martinek. Mendiko lasterketetan lehiatzen da Ugarte, eta Euskal Herriko emakume korrikalaririk onenen zerrendan dago. Orain, ordea, bere txakurrari lotuta bizi da, mendiko lasterketaz harago, txakur krosean ere hasi baitzen iaz. Hortaz, konfinatuta egoteak erabat aldatu zion bizitza, bai berari, bai bere txakurrari.

«Egia esan, uste genuen baino hobeto eraman dugu biok; etxean sartuta okerrago ibiliko zela pentsatzen nuen, baina oso gustura egon da». Agian lehenbiziko egunetan «urduritasun» puntu bat zuela dio, baina, gero, gizakien antzera, «txipa aldatu» duela eta ondo egon dela gehitu du. «Etxean egon gara harekin 24 orduz, eta, egia esan, ondo etorri zaiola esango nuke; konturatu gara txakurrak ere lasaitu behar zuela pixka bat; etxean egon eta ariketa alde batera utzi denbora batez».

Hilabete hauetan txakurrak lauzpabost kilo hartu dituela adierazi du Ugartek, baina, entrenatzen hasi, eta segituan galdu ditu. «Txakurrak gu bezalakoak dira, denbora asko egoten badira kirolik egin gabe, kiloak hartu, eta kostatu egiten zaie berriz erritmoa hartzea». Haren txakurra, ordea, oso aktiboa da, eta, oraindik korrikarako arnesa jantzi ez dion arren, mendian korrika egiten hasi direla esan du. Bestalde,azpimarratu du berak ez duela arazorik izan lanera itzultzearekin batera: «Gu ondo gaude; txakurra oso azkarra da, eta, goiz jaikitzen garenean, badaki lanera goazela. Normalean ez du begia ireki ere egiten, eta, itzultzen garenerako, lotan egon ohi da beti; beraz, ezin gara kexatu».

Bestelakoa da Martinen kasua. Euskal Herriko beste hainbat familiatan bezala, txakurra dute etxeko animaliatzat, eta konfinamenduan «pozarren» egon dela adierazi du. «Nik uste dut nabaritu dela txakurra askoz alaiago zegoela, guztiak egon garelako etxean». Azaldu duenez, arreta gehiago izan du, denbora gehiago aritu dira berarekin jolasean, eta kalera ere ohi baino gehiagotan atera dute. Kontrara, ibilbide motzak egitera ohitu zela dio, eta mendira eraman zuten lehen egunean «leher eginda» amaitu zuela.

«Normaltasun berrira» ohitzeko arazoei lotuta, berriz, esan du oraindik ez dutela sumatu. «Azken finean, neba, ahizpa eta hirurok ikasleak gara, eta, orain etxetik ari garenez, oraindik ez da, lehen bezala, etxean bakarrik geratu; ikusiko dugu aurrerago».

Ezinbesteko lana

Larrialdi egoera ezarri arren, albaitarien lanak ez du etenik izan. «Ezinbesteko lanen» barruan kokatu da, eta, euren jarduna moldatu behar izan badute ere, ez dute ixteko agindurik jaso. «Arraroa izan da», aitortu du Povedak. «Hasieran ez genekien nola babestu, nola antolatu... baina elkargotik nahiko azkar zabaldu zituzten neurriak, eta, egia esan, ondo joan da». Lana antolatzen ere lagundu diela esplikatu du Povedak, eta jendeak ere «oso jarrera ona» izan duela nabarmendu du.

Hain zuzen ere, osasun larrialdiarekin bat zetorren jardun hori kudeatzen ibili da Bikandi. «Moldaketak egin behar izan ditugu: klinikara etortzen den jendea murriztu, eta kasu larriei lehentasuna eman». Aurrez ordua hartuta aritu dira, eta kontaktua ahalik eta gutxien murrizten saiatu direla erantsi du. Oro har, egokitzapenaren balorazio ona egin du Bikandik, eta argudiatu du apenas izan dutela kutsatze kasurik.

Animaliek kutsatzeko edota birusa garraiatzeko zuten gaitasunaren inguruan ere mintzatu da: «Horretarako neurriak ere zabaldu ditugu. Ikerketen arabera, katuak dira kutsatzeko arrisku handiena duten etxeko animaliak, uroekin batera». Txakurrekin ere gomendio batzuk egon direla azaldu du: «Zentzuzko gauzak: hankak garbitzea, kontaktua saihestea eta higiene eta kontrol apur bat, ez?».

Era berean, albaitariei emandako garrantzi faltaz kexatu da Bikandi. «Instituzioek ez digute eman egoeraren kudeaketan parte hartzeko behar besteko garrantzirik». Krisia hasi zenean euren materiala Jaurlaritzaren eskuetan jarri zutela argitu du. «Hori izan zen dena; eskutitz bat ere igorri genion Jaurlaritzari gure prestutasuna eskainiz. Azken finean guk ere epidemiekin egiten dugulako lan, eta badugulako laguntzeko gaitasuna, baina ez genuen erantzunik jaso». Albaitaritza txakurretatik eta katuetatik harago doala nabarmendu du Bikandik, eta, beraz, larritzat jo du «bazterrean» utzi izana. Era berean, kezkatuta azaldu da Alemanian atzemandako kasuarekin: «Albaitariak halako enpresetan ere ibiltzen gara lanean; argi dago kontu handiz ibili beharra dagoela oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.