Donostiako ez-jaiak

Abordatze gabe, hiria abordatu

Era desberdin batean bada ere, piraten mugimenduak Donostia abordatu du beste behin. Sinbolikoki abordatu dute, baina berandu abiatu dira itsasorantz, ustez marrazo bat agertu dela eta. Ekitaldi ugari egin dituzte; guztiak Trinitate plazan. Ikuskizun bat, musika eta bertsoak izan dituzte, adibidez.

Pirata talde bat, abordatze sinbolikoan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun

Itsasoa bare dago, eta ortzia, triste. Ohi baino jende gutxiago dabil Donostiako kaian: turista talderen bat portuan, familia bat paseoan, lagun talde ugari itsasertzean... Txispun. Suziri bat. Txispun. Beste bat. Inguruko guztiak hurbildu dira hotsa sortu den tokira: kasu handirik egin gabe zenbait, jakin-minez beste hainbat. Eta hara non, Matti, pirata talde bat inguruan duela. Jaitsi da itsasora, igo da belaontzira, eta begiratu du ingurura. «Gora piratak!», entzun da. Haur bat da, leihoan, ama ondoan duela. «Gora piratak!», egin du oihu berriro. Badaki zer datorren; edo, behintzat, Aste Nagusia pandemiaren itzalean egingo ez balitz zer ikustear egongo litzatekeen. Abordatzea. Ohi baino umilago aurtengo aldian: kolore bizien eta zalaparta jendetsuaren hutsunean; baina helburu eta aldarri ugariren itzulian, beste behin.

[Youtube]https://youtu.be/E7Xh_sgqPLE[/Youtube]

Eta, koronabirusa gutxi balitz, gehitu zaie beste aldagai bat: marrazo bat. «Marrazo bat?», galdetu die kaian dagoen gazteak udaltzaingoei. «Hori dirudi», langileak. Mattiren eta belaontziaren inguruan daude kofradietako kideak, piraguetan. Abordatze sinboliko bat egin nahi dute: Donostia abordatu nahi dute, sinbolikoki bada ere. Baina marrazo baten presentziaren susmoak oztopatu du haien irteera. Animaliaren presentzia ziurtatu arte itxaron egin behar dutela jakinarazi diete udaltzainek. Bitartean, Matti hondartzara bidean da itsasontzian. Piraguak, esperoan. Jendea, begira. «Barkatu, zer gertatzen da?». Hurbildu zaio turista bat lagun bati. «Baduzu Donostiako Piraten berririk?», erantzun dio gazteak. «Ez, Kataluniatik nator», esan dio. Mugimendu alternatiboaren berri eman, eta tristuraz mintzatu da turista: «Gustura ikusiko nukeen... Ederra da horrelako mugimenduak eta egitarau alternatiboak izatea».

Bueltan da Matti. Eskifaia kideak atzean gelditu direla eta, berriz itzuli da portura. «Guardia Zibilarekin egon gara», esan die lagunei. Algara konplize anitz. Udaltzainengana gerturatu da pirata bat: «Joan gaitezke jada itsasora?». Oraindik ez dakiela erantzun dio Udaltzaingoak, eta errezeloz begiratu diote gainerako kideek ere, itxaroteaz eta ezer ez jakiteaz gogaituta bezala. Handik bost minutura, Espainiako Guardia Zibilaren ontzi bat iritsi da. Marrazoaren arrastorik ez dutela aurkitu jakinarazi diete udaltzaingoei. Eta horrela abiatu dira piraguak, suziriak bota eta ordu erdi geroago, baina energia eta ilusio berarekin. «Piraguekin eta pankartekin atera behar genuen. Esan digute marrazo bat zebilela, eta itxaron egin behar izan dugu. Belaontzia bakarrik atera ahal izan da», azaldu du Aiora Enparantza kideak. «Txupinazoarekin eta piraguen abordatze sinbolikoarekin batera, hondartzara iristean guztiok elkarrekin bainatzeko asmoa genuen, baina, marrazoa agertu dela-eta, ezin izan dugu».

Nortasunari eutsiz

Ekintzaren bitartez, beren jarduna eta presentzia nabarmendu nahi izan dute. Enparantzaren hitzetan: «Kaian gaudela, hemen jarraitzen dugula, eta, nahiz eta abordatze handi bat ezin egin, hemen gaudela adierazi nahi dugu: egoera berezia izanda ere, pirata izaten jarraitzen dugula». Egoera ikusita geldirik egon ez izana goraipatu du Malen Merino piraten mugimenduko kideak ere: «Aurtengoa ez da Aste Nagusia, argi dago: ez dugu festarik egingo, baina piraten setioak ere egiten dio erreferentzia Donostiako historiari». Hain justu, Pirata Setioa izenez antolatu dute aurtengoan jai egitaraua, ekintza guztiak egun bakar baterako prestatuta. «Eskaintza txikitxo bat eman nahi izan diegu herritarrei: kontsumo eredutik at ere zerbait sortu eta eskaini nahi genuen», gehitu du.

Trinitate plazara lekualdatu dute aldarri sorta: Flamenkatik Alde Zaharrera. Plazara sartu, eta: Pirata Setioa. Apur bat eskuinerantz, eta: Oztopo adina ezpata ditugu. Aldarriak atzean dituela dator Beñat Arruti, J Martinaren kontzertua ikusi berri. Urtero etorri ohi da Donostiako Aste Nagusira: «Giro arraro samarra dago: ez gaude ohituta piraten kontzertuak horren solemne, lasai eta formal ikustera. Desberdina da, baina polita ere bai, aldi berean». Arrutiren hitzetan, «ez du zerikusirik» beste urteetako jaiekin, baina «moldatu beharra» azpimarratu du: «Horrela da, eta onartu behar dugu: ongi pasatzeko beste moduak ere badaudela ezagutzeko balio diezaguke. Herri kultura, herri mugimendua eta jaiak beste modu batera bizi daitezkeela adierazteko».

Gazteengan eta helduengan bakarrik ez, haurrengan ere pentsatu dute egitaraua prestatzean. Merino: «Beti saiatzen gara adin tarte guztietako jendeari zerbait eskaintzen». Goizean izan da haurren txanda. Ikuskizuna izan dute 12:00etan: ipuin kontalariak agertokira igo, eta ordubetez girotu dute plaza. Ipuin ugari kontatu dituzte, haurren parte hartzeaz eta marrazkiez lagundurik. Balorazio positiboa egin du Ane Antxustegi pirata gazteak: «Polita izan da. Ipuin kontalariekin ere hitz egin dugu, eta asko gozatu dutela esan digute. Itxaropentsua da haurren aurpegi alaiak ikustea».

Eta horrela hasi da eguna, horrela piraten setioa. Donostiako jaien mugarri bihurtu den abordatzearen itzalean, Trinitate plaza setiatu dute: taldean, komunitatean. Eta ez da edozein toki, ezta edozein txoko ere; izan ere, Trinitate plaza izan zen piraten mugimenduaren sorreraren lekuko. Antxustegi: «Beti izan da toki berezia guretzat; 2003. urtean hau izan zen gure Flamenka». Pandemiak baldintzatuta itzuli dira hara, aingura sustraietan jartzera: izatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.