Donostiako ez-jaiak

Euskal dantzaren plaza

Aurten ez da euskal dantzarik izango Donostiako Konstituzio plazan. Eskola, Goizaldi eta Trebeska taldeetako dantzariek «ikusgarritasuna eta babesa» eskatzen diete instituzioei, kalitatezko dantza emanaldiak egin ahal izateko.
Eskolako Ane Gaztelumendi, Trebeskako Nahia Ruiz eta Goizaldiko Amaia Zurutuza dantzariak, hurrenez hurren.
Eskolako Ane Gaztelumendi, Trebeskako Nahia Ruiz eta Goizaldiko Amaia Zurutuza dantzariak, hurrenez hurren. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Elkoroberezibar Beloki -

2020ko abuztuak 13

Donostiako Aste Nagusiko iluntzeetan, Konstituzio plazatik igarotzen den edonork ikusten eta entzuten ditu soineko luzeak bueltaka, uztaiak edo ezpatak elkar joka eta jauzi eta irrintziak, halabeharrez. Izan ere, egunero, euskal dantza emanaldiak izan ohi dira plazako oholtzan, eta urte osoan egindako lana erakusten dute hiriko dantzari talde gehienek, bakoitzak dagokion egunean. Hala ere, COVID-19aren ondorioz, Konstituzio plaza hutsik egongo da aurten, eta dantzariak etxean geratuko dira.

Amaia Zurutuza, Nahia Ruiz eta Ane Gaztelumendi dantzariak dira, eta, aste honetan, ez dira dantzatu, osasun egoeraren ondorioz. Hirurek umetatik egiten dute dantza, baina bakoitzak euskal dantza tradizionaleko talde amateur batean: Zurutuzak Goizaldin, Ruizek Trebeskan eta Gaztelumendik Eskolan. Hirurek garrantzia aitortzen diete Aste Nagusian Konstituzio plazan egin ohi dituzten emanaldiei.

«Urtero egin ohi da», Zurutuzaren arabera: «Emanaldi berezia da, urterokoa, eta aukera ematen du ikasturte osoan egindako lan guztia erakusteko. Badauka bere xarma». Gaztelumendiri, berriz, «urduritasun handia» eragin izan dio emanaldiak: «Denboraldiaren amaiera izaten da, eta beste oholtza eta plaza batzuk baino geureagoa da. Askatasun handiagoa izaten dugu emanaldia prestatzeko, eta ikusle fidelak izatea lortu dugu. Dantza talde guztiak berdintzen ditu, gainera, eta hori aberasgarria da hiriarentzat».

Ruizek ere «oso emanaldi berezia» dela uste du: «Talde bezala lotzen gaitu: emanaldia amaitzen denean, elkarrekin afaldu, eta festara irteten gara. Donostiarekin batzen gara, baina geure artean ere bai».

Euskal kulturak leku txikia

«Plaza garrantzitsuena dela ematen du, emanaldi asko egiten direlako hor. San Joan bezperan, adibidez, Goizaldik mende erdia baino gehiago darama han dantzatzen», esan du Amaia Zurutuzak. Hala ere, erlatibizatu egiten du Eskolako dantzariak: «Emanaldi hori beste plaza batean izango balitz, garrantzi bera izango luke. Azkenean, euskal dantza asko lotu da Konstituzio plazarekin, eta horrek pena pixka bat ere ematen dit».

Hala ere, Donostiako Aste Nagusian, euskal dantzak ez dira Konstituzio plazan bakarrik dantzatzen; normalean, plaza dantza gidatuak ere egiten baitituzte Bulebarrean. «Lehenago, erromeriak egiten ziren, baina kendu zituzten. Distantzia handiagoa jarri da publikoarekin», esan du Eskolakoak. Euskal jaia ere antolatzen dute, irailean: «Euskal kulturak Aste Nagusian daukan lekua ikusteko, adierazgarria da euskal jaia izeneko beste jai bat izatea», Eskolakoaren arabera. «Agenda baten barruko gauza bat da: ez dauka oihartzun handirik», Trebeskakoaren ustez.

Agenda bateratua

Hirurak bat datoz: Eskola, Goizaldi eta Trebeska dantza taldeak desberdinak dira. Eskolak 80 urteko ibilbidea dauka, eta «koreografiak lantzeko grina izan du beti», Gaztelumendiren arabera. Trebeska 1976an sortu zuten, eta, Ruizen ustez, «tradizioari lotuago dago». «Euskal dantza tradizionala birproduzitu egiten dugu», erantsi du. Goizaldi, berriz, 1948an sortu zuen Kandido Pujanak, eta Gipuzkoako dantza tradizionalak egiten dituzte, Zurutuzaren arabera.

Hala ere, askotan egiten dute topo hiru taldeek, «agenda bateratu bat» daukatelako, Zurutuzaren esanetan. Baina instituzio publikoetatik jasotzen duten aitortza «oso txikia» da, hiruren ustez. Hala azaldu du Ruizek: «Gauza bat da baliabide ekonomikoak ematea, eta beste bat hori eman duzulako gainerakoaz ahaztea. Zaintza, errespetua eta komunikazioa behar dira, eta ez dago halakorik».

Instituzioekin daukaten harremanaz gain, koordinazioa beharko lukete dantza taldeek euren artean, Gaztelumendiren ustez: «Talde bakoitzak oso argi dauka bere bidea, baina, batzuetan, koordinazioa beharko genuke, gure artean indar pixka bat egiteko interes bateratu batzuen alde. Komunikazio handiagoa behar dugu gure artean». Ruizek dantzari amateurren prekaritatea salatu du: «Zerbait bagara, prekarioak gara».

Distantzia soziala

COVID-19aren ondorioz, distantzia soziala mantendu behar da. Hala ere, dantzariek aspalditik gorde dute nolabaiteko distantzia soziala euskal dantzetan, besoak altxatuta dantzatuz edota zapi baten bidez elkarri helduz. Baina, Nahia Ruizen arabera, ez da betidanik hala izan: «Zapiak erabiltzen hasi ziren kristautasunak debekatu zuelako elkarri eskutik heltzea, eta pertsonak haien artean bereizi behar zirelako. Baina ezinezkoa da gertutasunik ez izatea, dantza mugimendu fisiko bat delako». Amaia Zurutuzak uste du garai jakin bateko ideologiari dagokiola: «Euskaldun fededun zintzoek elkar ukitu gabe dantzatu behar zuten, Eliza katolikoaren arabera».

Euskal dantza tradizionala garai bakoitzera egokitu da, eta garai bakoitzak egokitu du. COVID-19aren gaitzak kulturari gogor eragin dio, baita euskal dantzari ere. Horregatik, aste honetan ez da emanaldirik izango Konstituzio plazan. Hurrengo astean egingo dituzte, Koldo Mitxelena liburutegiaren aurrean. Eskola dantza taldeak, adibidez, abuztuaren 22an eskainiko du emanaldia, 19:30ean.

Trebeskak eta Goizaldik emanaldirik ez egitea erabaki dute. Izan ere, Trebeskakoek ez dute entseatzeko tokirik: «Behin-behinean, Musika eta Dantza Eskolan gaude, eta udan itxita dago», esan du Ruizek. Antzekoa gertatzen da Goizaldirekin ere, Zurutuzaren arabera: «Goizaldiren egoitza Musika Kontserbatorioaren sotoan dago 1948tik, baina, joan den abenduan, zentroko zuzendaritzak sarraila aldatu zion gure lokalari, eta ezin gara han sartu. Ordutik, arazoei eta mugei aurre egin behar izan diegu entseguak egin ahal izateko, eta eskola itxita dago udan. Beraz, baldintza horiekin, ezin dugu eskaini nahiko genukeen emanaldia egin».

Euskal dantzak «ikusgarritasuna eta babesa» behar ditu, Nahia Ruizen arabera: «Euskal dantza ondarea da, eta, horregatik, beharrezkoa da babestea, zaintzea, elkarrekin lantzea, erakustea eta transmititzea. Hori egin behar dugu dantzariok, dantza taldeek eta instituzioek. Babes instituzional handia behar dugu dantzan jarraitu ahal izateko: kalitatezko zerbait atera nahi dugu, baina ez dizkigute ematen horretarako behar diren baliabideak».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Sindikatuen agerraldia, gaur. ©BERRIA

Hezkuntza Sailak «planifikazio integralik» ez duela salatu dute sindikatuek

Gotzon Hermosilla

Ohartarazi dute «transmisio kasuak ugarituko» direla neurriak hartzen ez badira. Greba egunetik astebetera, adierazi dute ez dutela baztertzen beste mobilizaziorik egitea.

Hainbat ikasle, ikasgeletara sartzeko zain, Bilbon. ©Luis Jauregialtzo / Foku

32 ikasgela itxi dituzte egun bakarrean Hego Euskal Herrian

Mikel O. Iribar

Ikasturtea hasi zenetik, 364 ikasgela daude itxita Hegoaldean. Guztira, 231 ikastetxetan dute eragina itxiera horiek.

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Lehen aldiz, laurehun kasuren langa gainditu du Nafarroak

Uxue Rey Gorraiz

Beste 826 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Horietatik 421 Nafarroan detektatu dituzte. Positiboek goia jo dute lurralde horretan, eta hildako bat izan da. 497 lagun daude erietxean Hegoaldean: horietatik 81, ZIUetan.

Azkoienen lasaitasuna zen nagusi atzo. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Azkoien, ia bakartuta

Joxerra Senar

Bihartik, ezinbesteko arrazoiengatik ez bada, ezingo da herrian sartu edo irten. Edukiera erdira jaitsiko dute, eta tabernak 22:00etan itxiko dituzte

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna