jakes goikoetxea
TOKIO 2020. ERAZTUN MOREA. Stamata Revithi

1896. urtea

2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Kathy Switzer sinbolo bihurtu zen: emakumeek kirol probetan jasaten zuten bazterketaren kontrako eta eskubide berdintasunaren aldeko ikur. Maratoiaren moduko erresistentzia proba batean: 1967ko Bostongo maratoian parte hartu zuen, 261 zenbakia txandalean jarrita, Jock Semple antolatzailearen kanporatzeko ahaleginei aurre eginez.

Switzer ikur bihurtu baino 71 urte lehenago, beste emakume batek aurre egin zien garaiko debekuei, eta agerian utzi zituen bai emakumeen kontrako bidegabekeria, bai gizonen arauen zentzugabekeria. Stamata Revithi zen.

Greziako Syros uhartean jaio zen, 1866an. Pobrea zen. Seme zaharrena, 7 urtekoa, hil egin zitzaion, eta 17 hilabeteko beste bat zeukan. Haurtxoa besoetan hartu, eta Atenasera abiatu zen, etorkizun hobe baten bila. Oinez, ez baitzeukan beste aukerarik. 1896. urtea zen.

Bidean, bidaiari batek hirian egitekoak ziren Olinpiar Jokoei buruz hitz egin zion. Eta maratoiaz, maratoiko irabazleek izango zuten loriaz eta diruaz. Hura entzun zuenetik, maratoian parte hartzea izan zen Revithiren helburu bakarra.

Ez zioten utzi parte hartzen, ordea. Arauek debekatu egiten zuten emakumeek parte hartzea: 1896ko Olinpiar Jokoetan ez zuen emakume bakar batek ere parte hartu. Revithik ez zuen etsi, eta Marathoira joan zen, lasterketaren hasiera herrira. Izan ere, 1896ko Olinpiar Jokoetan maratoiaren jatorrizko ibilbidea, historikoa, egin zuten, Marathoi eta Atenas artean. 42 kilometro.

Gizonak martxoaren 29an, ostiralean, lehiatu ziren. Revithi hurrengo egunean abiatu zen, bakarrik eta lehiaketatik kanpo. Hala ere, irteera ordua jarri zuen agiri batean, eta Marathoiko alkateak, epaileak eta irakasleak sinatu zuten. Beheko gona belaunetaraino jaso, eta korrika hasi zen. Bost ordu eta erdian iritsi zen Atenasera, Panathinaiko estadiora. Estadioan sartu nahi zuen, gizonek bezala, lasterketa han bukatzeko. Ez zioten utzi.

Emakumeak 1984an lehiatu ahal izan ziren lehen aldiz Jokoetako maratoian, Stamata Revithiren ahaleginetik 88 urtera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.