Himalaiaraino iritsi da jendetza

Orain arte ohikoak ziren Nepal inguruko mendietarako trekkingak. Orain, bidaia horiei 8.000 metroko mendi tontorretarako bidaia antolatuak gehitu zaizkie. Gero eta enpresa gehiagok antolatzen dituzte horrelako bidaiak, eta jende anitz dabil mendian horrelako espedizioetan.

Oinarrizko kanpamendua. Cho Oyu mendiko beheko kanpalekua, 5.700 metrotan. FREDO ARBURUA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Garai batean Himalaiara (Nepal) joan eta 8.000 metroko mendi bat igotzeko balentria hagitz jende gutxiren esku zegoen. Egun, ordea, aldatu egin da hori. Mundu osoko hainbat bidaia agentziak 6.000 eurotik hasita eskaintzen baitituzte Himalaiako mendiak igotzeko bidaia antolatuak. Gero eta jende gehiago joaten da mendira horrelako agentzien bidez, eta horrek berekin ekarri du orain arte leku lasaiak zirenak turismoz eta jendez betetako leku bilakatzea. Orain arte Himalaia inguruko mendietako ohiko trekkingak antolatzen zituzten bidaia agentziei, beraz, bertze bidaia mota batzuk gehitu zaizkie. Turismoa munduko mendi tontor garaienetara iritsi da, eta badirudi luze iraungo duela.

«Mendiari errespetua galdu zaio». Patxi Goñi mendizale nafarraren hitzak dira. Manaslu, hau da, munduko mendi garaienetan zortzigarrena igotzekoa zen Goñi, Jordi Bosch Barraca lagunarekin, baina han ikusitakoak Manasluko tontorra ukitu gabe etxera itzultzera bultzatu du. «Gure eguneroko bizitzako erosotasunak eraman dituzte mendira, eta okerrena da hirietako pentsamoldea eraman dutela Himalaiako leku bakartienetara». Jendeak baino gehiago, mendian bertan aurkituduen giroak bultzatu du Goñi etxera itzultzera: «Ez dugu jendearen aurka ezer, bainabertan zegoen giroa ez zen guretzako egina. Gure lehen espedizioa balitz, beharbada egingo genukeen, baina ez. Erosogeunden leku bakarra gure denda zen, eta ez, hori ez da espedizio bat».

Izan ere, jende uholdea aurkitu du mendian Irunberriko mendizaleak, gehienak bidaia agentzien bidez joanak eta mendian inolako esperientziarik gabeak. 1956. urtean lehenengo aldiz igo zutenetik, ehunka espedizio egin dira munduko zortzigarren mendira. Manaslu, gainera, mendi arriskutsutzat hartzen da,50 pertsonatik gora hil baitira mendi tontorra eskalatu nahian. «Manasluko behe kanpalekuan kanpadenda propioa generaman bakarrak ginen; bertze guztiek agentziaren esku utzia zuten dena, eta 400 pertsona geunden denetara». Koloretako dendak, behe kanpamenduko sukaldea baino handiagoak ziren kanpadendak... Manaslun denetarik aurkitu duela kontatu du mendizaleak.

Bertze bideen bila

Bidaia horiek antolatzen dituzten agentziek erraztasun guztiak eskaintzen dizkiete bezeroei, arropatik hasi eta mendirako behar den materialeraino. Xerpek igotzen diete oxigenoa, baita janaria ere.

Goñi kexu da agentziek bezeroei saltzen dieten bidaia ereduaz: «Dena posible den bidaia saltzen diete; berdin du ez badakizu kranpoiak erabiltzen eta ibiltzea zaila egiten bazaizu. Oxigenoak eta xerpek konponduko dute dena».

Mendi hain ez altuetan arrisku egoerak sortzen diren bezala, ohikoa izaten da mendi garai horietan ere tarte latzak pasatzea. Mendira igotzean ez ezik, kanpamentuan ere gerta daitezke tentsio handiko uneak. Arrisku egoera horiek ahalik eta gehien gutxitzea ezinbertzekoa izaten da dena ongi joan dadin; Manaslun ikusitako jende anitz, ordea, ez zen jabetzen arriskuez, mendizale nafarraren ustez. Jendea soka bati lotuta ikusi du eskiatzen, ohiko eski estazio baten balego bezala, baita kaleko beroki batekin zegoen emakume bat ere. Xerpen arteko tirabirak ere bizi izan ditu, eta baita metro gutxitara elur jausi bat izan eta mugitu ez den jendea ere.

Egoerak gainezka eginda, Manasluko tontorra igotzeko abentura utzi, eta mendi txikiagoetan trekking bat egitea erabaki zuen Goñik. «Azkenean, jende anitzek lortuko du Manasluko tontorra zapaltzea, nahi dutena lortuko dute, baina ez zaie inporta zein modutan lortzen duten. Guretzat, ordea, hori da garrantzitsuena». Lehen, lagunekin igotzeko mendi egokia zen; orain, berriz, ohiko garaitik kanpo igotzeko mendia dela uste du Goñik.

Iritzi berekoa da Fredo Arburua, Cho Oyutik itzuli berri den mendizale ezpeletarra. Munduko mendirik altuenetan seigarrena oxigenorik gabe igotzeko asmoarekin joan zen Nepalera, abuztu bukaeran, eta helburua beteta «pozik» itzuli da etxera. Manaslun bezala, jende uholdea ikusi du Cho Oyun ere mendizale lapurtarrak: «Ehun alpinista inguru ginen han; denetariko jendea zegoen. Erdiak, mendiko turismoa; bertze erdiak, mendizaleak». Hala ere, Goñiren antzeko sentsazioa izan du mendian zela: «Nik badakit zertarako nagoen han; saiatzen zara bertzelako turistekin ez mintzatzen. Ez dut ulertzen haien filosofia». Goñik ez bezala, turistei izkintxo egitea erabaki du Arburuak, eta bere bidean jarraitu eta Cho Oyuko gailurrera igo da: «Nik ezin ditut gauzak aldatu; nire buruan hori dena baztertzen nuen, eta ez nuen jakin nahi zergatik joaten diren horrela».

Cho Oyun zeuden 100 lagunetatik 97 zeuden oxigenoarekin, Arburuaren arabera; gainera, jende gehienak ez zuen mendiko esperientziarik. Han zeuden mendizaleetako batek ez zekien rappel egiten —sokarekin jaisten—. Jende andana izanagatik, ordea, zorte handia izan dutela uste du Arburuak; izan ere, ez dute arriskurik pasatu: «Arazoak gertatzen ahal dira, baina guk izugarrizko suertea izan dugu eguraldiarekin, eguraldi ona izan baitugu egunero». Dena den, bertatik bertara ikusi ditu turistek mendira igotzeko dituzten zailtasunak: «Oso lasai abiatzen dira, ez dira jabetzen non diren». Azkenean, kanpalekuan ziren 100 pertsonatik 96k lortu dute tontorrera igotzea, eta horietatik batek bakarrik izan ditu arazoak.

Mendian ibiltzeko prestatuak ez egonagatik, sekulako ekipamendua izaten dute mendizale anitzek. Arburuak kontatu duenez, denetik ikusten da, baina gehienek mendiko sekulako ekipamendua izaten dute, joaten diren agentziak hagitz handiak direlako.

Xerpak, ezinbertzekoak

8.000 metroko mendi bat igotzea lan nekeza eta zaila izaten da; zer erranik ez mendian ibiltzera ohituta ez daudenentzat. Horregatik, mendi tontorrera igotzeko, ezinbertzean xerpen laguntza behar izaten dute bidaia agentziek antolatutako bidaietan. Pertsonako xerpa bat izaten dute, eta xerpa horrek eramaten dizkie motxila, janaria eta baita oxigenoa ere. Ohikoa izaten da xerpak guztiaz arduratu eta bezeroak oinez ibiltzea bertze buruhausterik ez izatea. Arburuak azaldu du: «Bezero guztiek izaten dute xerpa. Oxigenoarekin joaten dira, eta ez dute arriskurik hartzen. Karga handia hartzen dute bizkarrean, beren oxigenoa eta materiala eramateaz gain bezeroena ere eraman behar izaten baitute». Hala ere, kontratuan hori idatzita dagoela dio Arburuak, eta xerpak kontratua bete bertzerik ez dutela egiten.

Mundu osoan dozenaka dira Himalaiako gailurrik garaienetara bidaiak antolatzen dituzten agentziak. Hala ere, badirudi gero eta ohikoagoa den praktika hori oraindik ez dela iritsi Euskal Herrira. Hala ere, Mendiak eta Herriak Euskal Herrian mendi bidaiak antolatzen dituen enpresak Asian Trekking enpresaren bidez bideratzen ditu horrelako bidaiak egin nahi dituzten mendizaleak. Iruñeko enpresak, hala ere, ez du horrelako bidaien eskaerarik nabaritu euskal mendizaleen artean. Izan ere, badirudi moda hori ez dela iritsi Euskal Herrira, eta euskal mendizaleak bertzelako filosofia batekin joaten direla mendira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.