Orain ikasle, bihar irakasle

Eskola Futura programaren lehen edizioaren karietara, frantses eskola publiko elebidunetan euskara irakasleen gabezia asetzeko, zortzi ikasle euskaraz trebatzen ari dira Zornotzan, eta 11 frantsesez Bordelen. Bada, euskara irakasteko frantsesa eskatzen baitute.

Ekhi Erremundegi Beloki, Ainize Madariaga
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
«Motibazioa badago; beste aukera profesional bat da»

Libe Otxoa de Alda Ikaslea

Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Haur Hezkuntza ikasten ari zelarik jaso zuen Eskola Futura programaren berri. Izan ere, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak (AEN) programa horren lehen edizioa bidean du, eta bigarrenaren izen-emate kanpaina atzo abiatu zuen Baionan eta Pauen. Programa horrek Hego Euskal Herriko eta Akitania Berriko ikasleei parada ematen die euskara irakatsi ahal izateko eskola frantses publiko elebidunetan, irakasle ikasketak behin bukaturik.

«Aukera ona zen niretzat frantsesa ikasten segitzeko», dio Libe Otxoa de Aldak (Getxo, Bizkaia, 1996) zeren eta ikasketen hirugarren urtea Bordelen iragana baitu Erasmusen karietara. Itzultzean, graduaren azken urtean, frantsesezko B2 maila gainditu zuen. Aurtengo helburua, programako gainerako ikasle guziek bezala, C1 mailako azterketa gainditzea da: «Astelehenetik ostiralera hori lantzen ari gara, egunean lauzpabost orenez. Guztira, 11 gara: hiru maila altuenean daude; beste hiru erdikoan; eta gainerako bostak lehen mailan». Irailaz geroztik, beraz, Bordeleko Montaigne unibertsitatera doa mundu osoko bertze 21 ikaslerekin batera; «frantsesez ari gara elkarren artean».

Eskola Futurak markatu bidetik, heldu den urtean MEEF masterra egiteko ideia du, horretarako C1 mailarekin joan nahi du, kurtsoaren bukaeran 3 eta 12 urte arteko haurrei irakatsi ahal izateko beharrezkoa den CRPE oposizioa prestatu eta gainditzeko.

«Funtsean frantses oposizioa da, baina euskara espezialitatearekin, langue regionale gisa. Frantses eskolan euskarazko irakasleak behar dituzte, eta hala da sortu proiektu hau; beraz, Iparraldean lan egiteko da». Oraingoz «pozik» dela aitortu du; «beti zainduta» egon direla. Programa horrek ikasle partaide guzien izen-emate gastuak ordaintzeaz gain, hilabetero 600 euroko dirulaguntza ordaintzen die. Heldu den urtean Pauen eginen dute.

Otxoa de Aldak Eskola Futura parada baten gisan ikusten du: «Motibazioa badago; beste aukera profesional bat da; beste leku bat ezagutzea etxetik hurbil dena, gainera. Niretzat, dena primeran da!». Egunerokoa hiru hizkuntzatan egiten du: klasean eta karrikan frantsesez egiten baitu, eta programako bertze hamar kideekin, euskaraz eta espainolez: «Oso inguru erdaldunetik nator; beraz, badut interesa euskara ere lantzeko, etxean ez baitut aukerarik horretarako».

 



«Jakin-mina pizten ahal dugu batere euskararik ez dakitenengan»

Sofia Ibero Ikaslea

Sofia Ibero (Iruñea, 1994) ustekabetarik harrapatu zuen frantsesak. «Ttipitik Frantziara joan izan gara oporretara, baina ez nekien mintzatzen», oroitarazi du ikasleak. Orduan ez zekien halabeharrak bere bizitzaren norabidea markatuko zionik .

Izan ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle ikasketetan izena ematean, nahi gabe hautatu zuen frantseseko espezialitatea. Horrela agertu zen ikasketen lehen urtean frantseseko klasera, bai eta larritu ere: «Ustez eta A1 mailako jendearekin juntatuko nintzela, baina klasera joan eta denak frantsesez ari ziren elkarren artean! Ez nuen piperrik ulertzen!». Irakasleari estutasuna adierazi ziolarik, hark «lasaitzeko eta saiatzeko» gomendatu zion. Emeki-emeki, ikasi eta ikasi, Iberok B1 maila kausitu zuen. Haatik, aldi hartan B2 mailaren helburua ez zuen lortu.

Hirugarren urtean eskuratu zuen titulua, Erasmus programak Europan gaindi ikasketak segitzeko parada eman ziolarik. Hain zuzen ere, Bordelerat egin zuen salto, irakasle ikasketekin jarraitzeko. Han igaro ikasturteak frantsesaren maila hobetu bertzerik ez zion egin, klaseak eta bizia frantsesean murgildurik egin baitzituen.

Azken kurtsorako berriz ere sorterrira itzuli zen. Halandaze, joan den ekainean bukatu zituen irakasle ikasketak Iruñean, eta frantsesa irakasten zion irakasleak eman zion Eskola Futura programaren berri. Informazio bilkurara agertu zen orduan, izena eman zuen, bere profila erakutsi, eta Hendaiako elkarrizketan parte hartu.

Hala, gainerako hamar hautatuekin batean Bordelen da berriz ere, irailaz geroztik: «Aurten C1 maila gaindituko dut. Hasieran, ongi, baina gero eta gehiago ikasi, ikusten duzu gero eta informazio gehiago dagoela, eta pixka bat blokeatzen naiz, baina halere gaindituko dudala uste dut».

Argi du Iparraldean aritu nahi duela, 3 eta 12 urte bitarteko haurrekin irakasle lanetan, Nafarroa Garaiko egoera «berdintsua» ikusten duelako; «bultzada behar dugu eman: euskaraz egin daitekeelako, baina pertsona batzuekin bakarrik. Anitzek ez dakitelako euskara zer den ere. Guk jakin-mina pizten ahal dugu batere ez dakitenengan», bota du boz pindartsu batez.

Eskolak dio eman euskara Iberori, baina erran daiteke odolean daramala: «Amona Leitzakoa zen, eta gure amak euskara bazekien txikitan, baina gero ahaztu zitzaion. Orain, euskaldun berria da». Euskarak etena ukan bazuen ere, badirudi etxe horretan geroa baduela, belaunaldi gazteen baitan laketu baita: «Lehengusu guzien artean saiatzen gara euskaraz egiten».

Hizkuntzaz gain, lurraldetasunaren ideia garrantzitsua zaio Sofia Ibero iruindarrari: «Iparraldea Euskal Herria da, bide bat izanen da hori ere pertsonei ikusarazteko».

 



«Ahozkoa baneukan, baina zera falta nuen: idatzizkoa eta kultura hobeto ezagutzea»

Oihan Etxeberria Ikaslea

Diasporatik hartu zuen Oihan Etxeberriak (Poitiers, Frantzia, 1998) Eskola Futura programaren berri, Internetez, irakasle izateko ikasketen azken urtean zenean. «Dena zen interesgarria niretzat: nire helburua zen irakaslea izatea, eta programa horrek ematen zidan baliabidea irakasle izateko, baina gainera euskaraz egiteko».

Batez ere aitaren partetik ukan du euskararekin lotura, «betidanik»; baina, hala ere, ezin izan du «benetan» euskaraz ikasi. Horregatik interesgarri zaio programa Etxeberriari: «Hau izan da giltza bat, biak lotzeko: euskara eta lana irakaskuntza alorrean egiteko». Euskara familiara mugatua zuen; izan Poitiersen aitarekin, izan Donostian lehengusuekin, horretatik at, ez zeukan «beste» harremanik. Etxeberriak argi du zein diren bere indarguneak eta hobetu beharrekoak: «Ahozko oinarria baneukan, baina falta nuen idatzizkoa, eta kultura aldetik ere hobeto ezagutzea».

Hala, irailaz geroztik Zornotzako barnetegian dago (Bizkaia), ekainera bitarte, Akitania Berria eskualde zabaleko gainerako sei ikasleekin batera. «Gure artean ongi pasatzen da. Aste osoa hemen pasatzen dugunez ongi ezagutzen dugu elkar, eta hemengo jendea ere gurutzatu ahal izan dugu, eta hori aberasgarria da». Eskola Futurako zazpi ikasle horiek mundu osoko bertze batzuekin nahasirik dira, guziek xede bera dute: euskara lantzea.

«Aniztasun handiz bizi dugu, orain bertan amerikar bat eta txiletar bat ditugu gure artean, kanpoko eta hemengo jendea ikusten dugu. Oro har, beti jende berria ikusten dugu, eta horrek gauza asko dakartza». Programa horretan, baina, frantsesa ikasten dutenek ez bezala, euskararen kasuan, ez dute maila «finkorik» lortu behar, frogatu behar dutena da maila «hobetzen» ari direla, heldu den urtetik aitzina Iparraldeko frantses eskola publiko elebidunetan irakatsi ahal izateko. Horregatik, hala ere, datorren urtean azterketa baten bidez neurtuko diete maila. «Ahozkoa menperatzen nuenez, idatzia landu behar dut, eta, horretan, zaila da maila finkatzea, ez baitago azterketa zehatzik hori azaltzen duenik. Azken batean, landu behar dut gramatika, gero irakatsi ahal izateko».

Hurrengo fasea MEEF masterra Pauen eta Baionan egitea izanen da, irailetik goiti, CRPE oposizioa prestatzeko. Programak ikasleei eskatzen diena da edozein ikasleren betebeharra: klaseetara agertzea eta azterketara aurkeztea, «bakoitzaren esperantza da gainditzea, baina ez dugu horri begira baldintzarik».

 

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.