Teklen bitartez emandako pintzelkadak

Adimen artifizialaren bidez, posible da ordenagailuari agindu bat eman eta hark obra bat sortzea. Hori artea ote den zalantzan jarri izan du, ordea, jendeak; hala gertatu da, adibidez, Coloradoko arte lehiaketa batean. Artista eta ikertzaileek esan dute pieza bat sortzea, fisikoki ez bada ere, artea egitea dela.

Josette Dacosta margolariak mihiseak lurrean jarrita margotzen du. GUIILAUME FAUVEAU.
ane insausti barandiaran
2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Artearen amaiera batzuentzat, eta sormenerako leiho berri bat besteentzat, adimen artifiziala hasi da artean ere bere bidea marrazten. Geroz eta zabalduago egon arren, ordea, baditu gainditu gabeko erronkak oraindik: jendearen onarpena, adibidez. Coloradoko (AEB) arte lehiaketa batean gertatutakoa da horren erakusle: Jason Allen artista digitalak adimen artifizialaz egindako obra batek irabazi zuen lehiaketa, eta polemika piztu zen: eskuz egina ez denez, askok zioten ezin dela artetzat hartu.

«Ez da arteak polemika sortzen duen lehen aldia; badirudi arteak eta polemikak beti eskutik helduta joan behar dutela», esan du Patxi Araujo Arte Ederren Fakultateko Arte eta Teknologiako doktore eta irakasleak. «Ortodoxia artistikotik ateratzen delako» eragiten du ezinegona, haren ustez.

Hainbat programa eta aplikazio daude, gaur egun, irudiak sortzeko. MidJourney izeneko programa erabiliz sortu zuen Allenek irudi irabazlea, eta badaude gehiago ere. Hitzez lortu nahi duzun irudia deskribatu, eta programa horiek irudiak sortzen dituzte. Baina zer prozesu egiten du ordenagailuak horra iristeko? Araujok azaldu duenez, milaka irudi «ikasten» dituzte lehenik, eta datu base erraldoiak sortzen dituzte. Hitzez bilaketa egindakoan, datu base horretako irudiak nahasten dira, irudi berri bat sortzeko.

Pertsonen berezko gaitasuna da sormena, eta teknologiaren bidez kolokan ikustean jendea izutu egiten da, Araujoren aburuz. Halere, uste du adimen artifizialak «ispilu kritiko bat» jartzen duela gizakiaren aurrean, eta pentsamendu kritikoa garatzen lagundu dezakeela horrek. «Zer gara gu? Nolakoak gara? Zer egiten dugu? Izan ere, gizaki egiten gaituen hori lapurtzen badigu adimen artifizialak, posible da gu ere makina mota bat izatea», azaldu du.

Gizakiaren eraikuntza izanik, adimen artifizalen errezetan pertsonak «ezinbesteko elementuak dira», Araujoren hitzetan. Esku hartze horretan legoke gakoa, haren ustez: ordenagailuari emandako aginduetan legoke sormena. Dena den, aitortu du adimen artifizialeko programak geroz eta autonomoagoak direla.

Erresistentziak sortzen ditu gaiak, sarean bezala, Arte Ederren Fakultatean ere. Izan ere, jende gehienak arte plastikoekin lotzen ditu ikasketa horiek, eta adimen artifiziala erabiltzeko, programazioa eta halako kontuak menderatu behar dira, fakultatean irakasten ez direnak. Halere, baieztatu du interesa gorantza doala: «Ikasleek geroz eta gehiago lantzen duten zerbait da, teknologia hori eskura daukatelako. Fakultatean dagoen erronka da, tresna horiek dituzten aukerak ongi bideratzea».

Araujok uste du gaia sakontasunez lantzeko ikasgai zehatzak sortu beharko liratekeela: «Horren kontra jo beharrean, edo polemika sortu beharrean, uste dut hasi beharko genukeela ikasten nola lan egin haien artean edo ondoan. Onartu behar da makinek ere artea egin dezaketela».

Mezua artelan

Danel Garai artista eta ikerlariak ezagutzen zuen Coloradoko kasua, eta argia da haren iritzia: «Uste dut norbaitek pieza bat fisikoki gauzatu ez izanak ez duela esan nahi obra hori edo bere ikuspegia pobreagoa denik beste pertsona batena baino». Gainera, batetik, zehaztu du lehiaketa hori arte digitalarekin lotutakoa zela, eta, bestetik, egileak denbora ugari eman zuela interesatzen zitzaizkion irudiak nahasten eta ondoren digitalki manipulatzen.

Ez du harritu, ordea, polemikak. Izan ere, argi dauka artearen historian erreminta berriak agertu ahala zalaparta sortu izan dela: «Argazki kamera sortu zenean, jendeak esaten zuen arimarik gabeko erreminta zela, baztertu egin behar zela». Fotokopiagailuarekin gauza bera gertatu zela esan du, eta telefonoetan kalitate handiko kamerak txertatzearekin: «Gaur egun, denok daukagu argazki kamera on bat eskuetan, baina horrek ez gaitu argazkilari bihurtzen».

Adimen artifizialaren inguruan ikertzen denbora darama Garaik, eta horren bidez sortzen ditu bere lanak ere. Dena den, ez da bere lanetako elementu nagusia: «Interesatzen zaidana ez da lehen uneko harridura bilatzea, buelta batzuk eman eta sortzeko beste modu bat bilatzea baizik, hortik abiatuta zerbait kontatzen duen pieza bat sortzeko». Hau da, adimen artifiziala erabiltzen du lortu nahi duen mezura iristeko.

Argi ikusten du adimen artifizialak sorkuntzari egindako ekarpena: «Ekoizpen modu artistikoen erabateko demokratizazioa ekarri du; sekula pintzel bat ukitu ez duen pertsona batek, bat-batean, kalitate handiko emaitzak lor ditzake», esan du.

Ezin du ukatu, ordea, arriskuak ere ikusten dizkiela: «Denen eskura egonda, ezer ere ez da esklusibo, ezerk ez du magia sortzen». Eta, era berean, baliteke sormen prozesuaren garrantzia gutxitzea: «Margolaria bazara, ikasten duzu asteak behar dituzula irudi bat ondo garatzeko; gaur egun, ordea, zerbait nahi badugu, berehala nahi dugu, eta hori arriskutsua da». Dena den, argitu du adimen artifizialaren bidez sortutako lanek denbora eskatzen dutela.

Baina bada beste guztien gainetik kezkatzen duen arrisku bat: plagioarena. «Segun eta noren eskutan, erreminta suntsitzailea izatera irits daiteke; erreminta bikaina da pertsona batzuen estiloak kopiatzeko, eta hori oso polemikoa eta eztabaidagarria da». Are, artistak kontratatu ordez haien estiloa kopiatuz sortzeko arriskua ikusten du.

Arriskuak arrisku, diziplinaren aldeko mezua zabaldu du: «Artista bihurtzen zaituena ez da akabera oso ona duen irudi bat garatzea, baizik eta zure esperientzia pertsona gisa lanean transmititzea. Azken finean, pertsona egiten gaituen horretan dago gakoa: zer kontatu nahi duzun eta transmititu nahi duzun».

Materia «ezinbestekoa» da

Pintzelak dira Josette Dacostaren teklak, eta koloreak haren lan tresna. Urrun geratzen zaio ordenagailuaren pantaila, eta ez dauka mihiseak harengatik ordezkatzeko asmorik. Adimen artifizialaren gaiak «despistatu samar» harrapatzen duela aitortu du: «Ez daukat alde edo aurkako iritzi bat; teknologia berri bat da, eta nik ez dut ondo ulertzen. Ezin dut esan txarra edo ona den».

Mihiseak lurrean jarrita margotzen du Dacostak, eta bertan nahasten ditu margoak pigmentuekin. Euskarri fisikoak ditu helduleku: «Meditazio eta pentsamendu prozesu oso bat da. Niretzat, adibidez, materia ezinbestekoa da. Nik ezingo nituzke zortzi ordu eman ordenagailuaren aurrean».

Natura du datu base, eta bizikletan ibiltzen da, kanpoan ikusitakoarekin tailerrean sortzeko. Ohiko joerak nahiago ditu, bai sortzeko, eta baita sortu ondoren jendearekin elkartzeko ere: «Jendeak ohiko eran sortzen jarraituko duela uste dut; beste artista batzuekin harremanetan egotea ere bada artea, tailerretara joan, kontaktu soziala izan beste margolariekin...».

Arte diziplinen eraldaketen lekuko izan da margolaria, eta sumatzen du jendearen interesak aldatu direla, diziplina berriak agertu ahala; baina aitortzen die arte izaera: «Gaur egun, jendeak nahiago ditu gauza animatuagoak. Artea egiteko beste modu bat da, azken finean, ordenagailu aurrean ordu asko ematen baitituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.