Eredua eraldatzeko beharra

Gaurko M-8ko mobilizazioek zaintza sistema izango dute ardatz, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta. Hiriburu eta herrietan egingo dituzte manifestazioak

Mugimendu feministak deituta Martxoaren 8an egindako mobilizazioa, iaz. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2023ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Zaintza eredua eraldatzeko beharra aldarrikatuko du Euskal Herriko Mugimendu Feministak gaur, Martxoaren 8ko mobilizazioetan. Euskal Herriko auzo, herri eta hiriburu gehienetan egingo dituzte manifestazioak, eta kaleak hartzeko eta batzeko deia egin dute. Argi adierazi dute: «Egungo zaintza sistema irauli behar dugu. Emakumeak gara familian zaintzen ardura hartzen dugunak, zahar etxeetan eta haur eskoletan lan egiten dugunak; emakume migranteak gara etxeak eta ospitaleak garbitzen ditugunak, adinekoak egunero laguntzen eta zaintzen ditugunak. Baina nork zaintzen ditu zaintzaileak?». Horiek horrela, gaur egungo egoera salatu eta zaintzarako eskubide kolektiboaren alde hartuko dituzte karrikak.

Euskal Herri osoan izango dira mobilizazioak. Hiriburuei dagokienez, Baionako manifestazioa izango da abiatzen lehena: 15:00etan aterako da, Merkatuaren plazatik. Bilbokoa 19:30ean abiatuko da, Jesusen Bihotzetik. Gasteizkoa, 19:00etan, San Anton plazatik. Donostiakoa, 18:30ean, Antiguako tuneletik. Eta Iruñekoa, 20:00etan, Antoniutti parketik.

Herrietan eta auzoetan ere mobilizatuko dira. Besteak beste, Aiaraldeko Mugimendu Feministak auto karabana bat antolatu du Urduñatik Ibarrara; 12:00etan irtengo da. Arratsaldean, berriz, «zaintza eskubidearen alde» mobilizazioak egingo dituzte herrietan. Bidasoko M8 Asanblada Feministak eskualdeko herriak lotuko dituen manifestaziora deitu du. Hondarribitik eta Urruñatik aterako dira zutabeak, eta Irungo Istillaga plazan amaituko dute; komunikatu bat irakurriko dute.

Xulufrinak Lesakako Sare Feministak ere egitarau oparoa osatu du. Zaintza denen ardura dela aldarrikatzeko elkarretaratzeaz gain, poteoa, emakumeen afaria eta beste egingo dituzte. Manifestazioa antolatu dute Santurtzin ere; 19:00etan abiatuko da, Kabiezes plazatik. Zapalkuntzek eta erasoek etenik ez dutela azpimarratu eta sistemak «bere horretan» jarraitzen duela salatuko dute. Horren aurrean, askotariko babes sareak eraikitzeko asmoa berretsiko dute, «modu kolektiboan eta elkar zainduz, denon bizitzak erdigunean jarriz». Deialdi batzuk baino ez dira horiek, baina beste hamaika izango dira; gisa horretako aldarrikapenez josiko dituzte herri eta txokoak.

Borroka dinamika berri bat

Egoerak gainezka egin duela uste du mugimendu feministak: «Kolapsoa ez da krisi bat; Mendebaldetik, iparralde globaletik hartutako erabaki heteropatriarkalen, inperialisten, neoliberalen, arrazisten eta ijitoen aurkakoen multzo oso baten jarraipen logikoa da». Hala, zaintzaz hitz egitea «gorputzen, lurraldeen eta herrien arteko interdependentzia loturak jostea eta saretzea» dela iritzi diote.

Bestalde, borroka dinamika berri bati ere ekingo diote gaur: Denon Bizitzak Erdigunean. Egungo zaintza sistema eraldatzeko asmoz epe luzerako sortutako prozesu bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.