Hizkuntzen kartografia berrira

Munduko Hizkuntzen Mapa proiektu berriaren lehen zantzuak azaldu ditu Unescok, Donostian

Unescoko arduradun Indrajit Banerjee eta Irmgarda Kainskaite-Buddeberg, atzo. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2016ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
1996an hasi zen Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakunde Unesco arriskuan dauden hizkuntzei buruzko mapak egin eta aurkezten. Ordutik, hiru edizio landu dira, eta atzo Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa baliatu zuten, Donostian, atlasaren bertsio berritua zer-nolakoa izango den jakinarazteko: erakundeko Ezagutzaren Gizarteen saileko zuzendariIndrajit Banerjee eta Komunikazio eta Informazio Saileko Irmgarda Kasinskaite-Buddeberg solastatu ziren egitasmoaz, xehetasun handiegietan sartu gabe. Izan ere, egitasmoaren aurkezpen ofiziala Parisen egingo dute hemendik hilabete batzuetara. Argi utzi zituzten, hala ere, sakoneko hainbat aldaketa: munduko hizkuntzen mapagintza egiteko era aldatuko da. Nabarmen. Batetik, munduko hizkuntza guztien atlasa izango da, eta ez soilik arriskuan daudenena. Bestetik, tresna bizi bat izatea nahi dute: elkarlanaren bidez elikatua. Xedea, hala ere, lehengoa dela esan zuen Banerjeek: «Hizkuntza aniztasuna erdigunean jarri behar da».

Erakundeko bi arduradunek aho batez goratu zuten hizkuntza txikienei laguntza eman beharra. 2010eko atlasean emandako datuen arabera, 6.700 hizkuntza dauden egun munduan, eta 2.680 desagertzeko arriskuan daude; batzuk galtzeko zorian, beste batzuk arrisku ertainean, eta sendoenak, egoera zaurgarrian, esaterako euskara. Interneterako sarbide eza da hizkuntza horietako askoren arazoa. Banerjeeren arabera, horrek egiten ditu ahulagoak. «6.700 horietatik heineko txiki bat besterik ez dago sarean. Horrek esan nahi du, horien dantzak, poesiak eta musika ez daudela sarean». Ondoriolarriak ditu: «Galera ikaragarria da».

Aintzakotzat hartu gabe

Hizkuntza aniztasuna aintzat ez hartzeak dakarren kulturaren alorrarentzat galbideaz aparte, arazo praktikoak ere sortu ohi dituela nabarmendu zuen Kasinskaite-Buddeberg. Adibide bat ipini izuen: ebola birusa bortitz hedatu zen 2014-2015 urteetan Afrikako hainbat herrialdetan. Aldiz, eritasunari buruzko informazioa ingelesez eta frantsesez besterik ez zen iritsi hainbat tokitara, eta arazo larriak eragin zituen horrek. Horregatik, saihestu egin behar dira halakoak, kasuan kasuko errealitateei ongi erreparatuta. «Hizkuntza politika pertsonalizatuak egin behar dira».

Atlasaren aurkezpena izan zen Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroaren egitarauko azken hitzaldia. Amaieran, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Urkulluk hitz egin zuen: euskarak, «biziraupenaz» harago, «bizi indarra» behar duelaadierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.