U30eko greba orokorra. Orduz ordu

Pasadizo asko greba bakarrean

Gauerditik aurrera, piketeak industrialdeetan eta hirietan barna aritu dira, eta poliziak atzetik izan dituzte une oro. Atxiloketa batzuk izan dira, baita tentsiorik ere

Bilbo. Eguerdian eginiko manifestazioarekin batera, zabalik zeuden dendetan izan ziren piketeak, informazioa banatzen eta kartelak jartzen. MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
xabier martin
2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Goian edo erdizka zeuden pertsianak behera bultzatzeko, piketeak grebaren berri ematen ibili dira han eta hemen, eta haien atzetik Ertzaintza eta Espainiako Polizia. Goizean goiz hasi dira batzuen eta besteen jardunak, hala industrialdeetan nola hiri handietako kaleetan. Greba orokorretan ohikoak diren istiluak eta tentsio uneak egon dira, merkataritza eremu handietan eta errepideetan, adibidez; izan ere, manifestariek zenbait errepide trabatu eta trafikoa moteldu dute. Eguerdian eta arratsaldean, berriz, manifestazioen txanda izan da; hirietan oso handiak izan dira.

00:00
DISKOTEKAN HASI DA DANTZA

Bilboko Backstage diskotekaren aurrean gazte ugari bildu dira, salatzeko diskoteka hori «grebaren kontura negozioa» egiten ari dela. Greba «festa eguna» denez, Backstagek ekitaldi berezia antolatu du. Horren ostean, Bilboko erdiguneko kaleetan barna joan dira, lan duinaren aldeko leloak ahotan hartuta.

05:45
ATXILOTUAK BURLATAN

Lau ekintzailek Aretako industrialdeko sarrera itxi dute Burlatan. Bidoi batzuetara kateatu dira porlanarekin, eta Foruzaingoak kateak moztu behar izan ditu, ekintzaileak handik atera eta errepidea zabaltzeko. Laurak atxilotu ditu, baina arratsalderako aske utzi ditu; ez dira eguneko atxilotu bakarrak izan.

07:21
SAN MAMESEN, ERASORA

Grebalariek Bilboko sarrera nagusi bat moztu dute: San Mameskoa. Ertzaintza berehala azaldu da, eta manifestariak errepidetik altxarazi ditu. Trafikoa itxita egon da hogei bat minutuz. Ordu erdi geroago, egoera surrealista izan da: Ertzaintzak aukeratu du zer hiritar pasa daitekeen zebra bidetik; batzuk nahita aritu dira trafikoa moteltzen. Plentzia eta Urduliz artean metro zerbitzua etenda dago une horretan, baita Euskotrenen zerbitzua ere Zumaia eta Berriz artean. Bilbon sartzea oso zaila da ordurako; Enekuriko sarrera erabat kolapsaturik dago. Sabino Arana kalea Ertzaintzak hartua dauka goitik behera.

07:59
LANDABEN, ABIADURA TXIKIZ

Landabengo enpresa handiak zabalik dira, Iruñean, baina, barruko jarduerak ez du egunerokoa ematen. Tailer askok pertsiana jaitsita dute oraindik. Piketerik ez dago une horretan, eta trafikoa badabil. Hegoaldera joanda, Lizarrako sarrerako Eroski itxita dago irekita egoten den orduan. Gasolindegia ere itxita dauka saltokiak. Berehala itxi da herriko sarrerako biribilgunea, ELAk eta LABek deitutako elkarretaratzea hasi bezain laster: «Borroka da bide bakarra» entzuten da. Guardia Zibilaren autoak joan zaizkie azkar, baina errepidea mozturik egon da tarte luze batean.

08:15
KOOPERAZIO APALA

Oñatin enpresa ugari daude itxita goizean goizetik, baina gehienak ez dira kooperatibak, esaterako Garay eta Chinchurreta. Kooperatiba batzuek ere bat egin dute grebarekin, adibidez Ulma Constructionek eta Ulma Packagingek. Fagor taldeko enpresa gehienak lanean dira. Mondragon Assembly itxita dago. Debagoienan nabarmena da grebaren eragina, eta Eroski itxita dago.

08:43
PASAIATIK EZ DATOR NOTIZIA

Goizeko bederatziak jo aurretik, argi dago Irungo industrialdeetan jarduera badagoela, nahiz eta ez den egunerokoa. Hendaia eta Irun arteko tren zerbitzua, baina, etenda dago. Oiartzunen gehiago nabari da lanuztea tailer eta enpresa askotan. Piketeak autoetan doaz, eta haiek iristean ixten doaz negozio asko. Pasaiako Portuan kamioien sartu-irtena ez da eten, baina barruko pabiloi askotan ez dira lanean ari. Guardia Zibila ohi baino arreta gehiagoz ari da zaintzen sarrera. Garbera saltoki handian Eroski itxita dago, eta alboko denda eta kafetegiak irekita, baina piketeak noiz etorriko zain. Arreta jar diezaiokete lan horri, ez baitago bezerorik kasik. Martuteneko 27. Poligonoan, berriz, piketeak joan dira, eta jarduerak gora egin du hamaikak aldera; dena den, tailer asko itxita daude, eta barruan lanean dira batzuk.

09:15
URBILEKO GUDA

Piketea gero eta handiagoa da Usurbilgo Urbil merkataritza zentroaren sarreran. Lasarte eta Donostia lotzen duen tren zerbitzua albotik pasatzen da aldiro. Behargin batzuk lanera sartzen hasi dira Ertzaintzaren babesean. Hamarretarako ateak zabaldu dituzte merkataritza zentro handian, baina ez dago bezerorik, eta grebalariek barrura sartzeko saioa egin dute. Ertzaintza oldartu egin zaie, baina ezin du geratu uholdea, eta laguntza eskatu du. Identifikazioak hasi dira, eta tentsio handia dago; borra kolperik ez da falta. Bitartean, barruko denda gehienak itxita daude, eta supermerkatuan apenas dagoen jarduerarik. Bezeroak baino gehiago dira ertzainak. Alboan, Decathlon handia zabalik da, baina ate bakarrez, eta ez dago kasik inor. Mercadona ere irekita dago, baina jarduera oso txikiarekin.

09:22
DONOSTIAN TURISTA GUTXI

Euskal Herriko Unibertsitateko campusean grebaren aldeko pikete bat dago. Alboan Ertzaintza paratu zaio. Identifikazioak egon dira pankarta zabaldu bezain laster. Trafikoa ohi baino apalagoa da hirigunean. Udaletxean eta foru aldundian elkarretaratzeak bukatu dira, eta Parte Zaharrean apenas dagoen taberna edo negoziorik zabalik. Grebaren eragina nabarmena da. Askatasunaren etorbidean aurrera doa manifestazio handi bat, eta erdiguneko Zarak eta beste negozio batzuek, FNAC tartean, ez dute itxura handirik egiten: zabaltzeko asmoa dute. Zara tarte handiz itxiko dute, ordea. Martxa igarotzen den kalean ixten doaz negozioak.

09:38
TRENA GERATU DA GOIERRIN

Grebaren eragina bistakoa da Gipuzkoako Goierrin. Jarduna eten dute enpresa nagusietan, besteak beste CAFen eta Indarren. Irizarrek ere itxi egin du Ormaiztegin. Industrialdeetan jarduera gutxi dago, nahiz sumatzen den bulego batzuetan lanean ari direla. Goizerako, merkataritza eremuetan ageria da greba. Ordiziako Eroski eta Dia itxita daude, eta Olaberriko Carrefour eta Lidl ere bai. Zabalik daudenak: Forum Sport eta beste arropa denda batzuk.

09:54
LEITZAN GREBA EGUNA DA

Leitzan itxita daude dendak, kafetegiak eta tabernak. Industriagunean ere ez dago jarduera handirik. Lecta paper fabrikaren aurrean hiruzpalau auto baizik ez daude, eta tartean Guardia Zibilena. Tolosaldera eginda, Eroski itxita dago, herriko denda gehienak bezala; Ibarran ere bai. Eta Tolosaldeko industrialde handienean, Apattaerrekan, itxita daude lantegi gehien-gehienak ere. Voith da salbuespena, baina han ere ez dago mugimendu handirik. Grebaren eragina begien bistakoa da Tolosaldean.

10:05
GREBAK GURPILA ZULATU DU

Gasteizko iparraldeko industrialdean eta Jundizen lanean ari dira enpresa gehienak, baina ohi baino jarduera txikiagoa dute. Michelinen eta Mercedesen lanean ari dira, eta haiek markatzen dute erritmoa. Hiri barruan, denda gehienak zabalik daude. Corte Inglesen tentsioa izan da, Ertzaintza oldartu egin baitzaie piketeei. Manifestazio handi bat abiatu da eguerdian, eta parte hartzaileek txalo artean hartu dituzte nekazari eta abeltzainen traktoreak. Milaka manifestariren martxa igarotzen den kaleetan dendak ixten dira, nahiz eta Ertzaintzaren presentzia oso handia den. Bukatzerako ehunka denda itxi dira, jendetza handia dago, eta erdigunean grebaren aldeko oihuak botatzen dituzte.

10:43
MEZU BAT HONDARTZAN

Juan Antonio Rodriguez Arroyok mezu bat utzi du Donostiako Kontxako hondartzan idatzirik, ohi duen moduan. Gaurkoa: «Esan diezadala Jaurlaritzak zer greba ez den politikoa». Pentsiodunen zutabea ateratzear dago Alderdi Ederren. Zatiketarik ez dago martxara doazenen artean. Bat egingo dute handik gutxira beste zutabeekin. San Martin kalea txiki geratu da Bulebarrera abiatu direnean denak elkarrekin.

12:47
EL CORTE INGLES IREKITA

Bilboko eguerdiko manifestazio erraldoia El Corte Inglesen aurretik pasatu da; burua pasatu da, amaiera ez baita ikusten, baina El Corte Ingles ez dute itxi; ez daude piketeak. Pentsiodunen zutabeak bat egin du azkenean; berandu heldu da elkartzeko adostutako lekura, eta zain zituen langileen zutabeak; baina martxa bakarra badoa udaletxe aldera. Burua iritsi da halako batean udaletxera, eta muturra oraindik Moyuan dago. Ibilbide osoa jendez lepo ikusten da.

15:22
TELEPIZZAN BAZKALTZEN

Barakaldoko grebalari talde batek herri bazkaria antolatu du Telepizzan. Ertzaintzak kanporatu egin ditu, eta kalean jarraitu dute bazkaltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.