Albistea entzun

Bakarrarekin ez dira konforme

Gero eta gehiago dira mendiko eskia eta lasterketak uztartu, eta goi mailan lehiatzen diren mendiko kirolariak. Nahia Quincoces, Axier Alonso, Igone Campos eta Aitor Ajuria dira horren adibide. Zenbaitetan biak uztartzea gogorra izan arren, bi kiroletan aritzeak prestakuntzan eta motibazioan laguntzen die, besteak beste.
Axier Alonso, Nahia Quincoces, Aitor Ajuria eta Igone Campos. Mendiko eskian eta lasterketetan aritzen dira laurak.
Axier Alonso, Nahia Quincoces, Aitor Ajuria eta Igone Campos. Mendiko eskian eta lasterketetan aritzen dira laurak. UNAI UGARTEMENDIA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2020ko maiatzak 5

Euskal Herriak aspalditik du harreman estua mendiarekin. Azken urteetan, alpinismoaz eta eskaladaz harago, mendian egin daitezkeen kirolen artean geroz eta kirolari gehiago dira bi kirol egitera ausartu direnak. Atrebitu bakarrik ez, horietako batzuek bi kiroletan ederki aritzen direla erakutsi dute. Horien artean daude Iban Letamendi, Izaskun Zubizarreta eta Aritz Egea.

Gaur egun horien artean ezagunenetakoa Nahia Quincoces da (Mendexa, Bizkaia, 1983). Bi kiroletako euskal selekzioetan egin ditu azken urteak. Mendiko hainbat lasterketa irabazitakoa da, eta iaz, lehenbizikoz, mendi eskiko Munduko Kopako proba bat irabaztea ere lortu zuen Txinan. Mendiko eskian eta lasterketetan nola hasi zen ekarri du gogora: «Txikitan eski alpinoa egiten nuen, eta ondoren hasi nintzen mendiko eskian. Mendi lasterketak, berriz, hasi nintzen egiten eskian sasoian egoteko eta, udan, motibazioa izateko. Azkenean, mendi lasterketetara ere kateatu egin nintzen». Axier Alonso ere (Oñati, Gipuzkoa, 1988), antzeko egoeran izan da azken urteetan. «Eskola kirolean hasi nintzen lehenik, eta gehienbat futbolean jokatzen nuen. Gurasoak betidanik oso mendizaleak izan dira. Eskaladan ibili nintzen buru-belarri bost bat urtez, eta 26 urterekin mendiko lasterketetan hasi nintzen; mendiko eskian, berriz, geroago». Azken bi urteetan mendi lasterketetako euskal selekzioan aritu eta gero, aurten, hori utzi, eta mendi eskikoan aritu da.

Igone Camposek (Zumarraga, Gipuzkoa, 1991) ere bere hastapenak ekarri ditu gogora. «Hiru edo lau urterekin hasi nintzen eskiatzen. Gurasoek etxea erosi zuten Jakan [Aragoi, Espainia], eta, geroztik, urtero etorri izan gara eski alpinoa egitera. 6 urterekin, eskiatzen, hanka apurtu eta beldurra hartu nion. Urte batzuetan utzi nuen, baina unibertsitate garaian berriro ekin nion, eta, 20 urterekin, mendiko eskiko ikastaro bat egin nuen. Udan, berriz, mendiko lasterketak egiten nituen. Azkenean, mendiko eskiko lasterketak ere egin izan nituen». Beste hiruren bide beretik doa Aitor Ajuria ere (Otxandio, Bizkaia, 1998). «Familiakoek etxea zeukaten Escarrillan [Aragoi, Espainia] ni txikia nintzenean, eta orduan egin nituen nire lehen saioak. Ondoren, futbolean jokatu nuen bost edo sei urte, eta ia ez nuen batere eskiatu urte haietan. Futbolean nenbilela, ama Hiru Handiak mendi lasterketa prestatzen hasi zen, eta harekin hasi nintzen korrika entrenatzen. Gazte kategorian futbola utzi nuen, eta korrika hasi nintzen. Anbotoko kilometro bertikal on bat egin ostean, Iñigo Lariz hautatzaileak mendi eskiko euskal selekzioan sartzeko aukera eskaini zidan. Bosgarren urtea egin dut bertan».

Kirol desberdinak

Gaur egun bi kiroletan bikain dabiltzan arren, denek ere bat izan zuten oinarri. Quincoces da eskiatzen hasi zen bakarra; beste hirurak, berriz, alderantziz: «Mendi lasterketetako denboraldia hasi aurretik, mendi eskian aritzen nintzen, gehienbat indarra hartzeko», azaldu du Alonsok. Camposek ere berdin egin du azken urteetan. «Mendi lasterketetarako entrenatzeko oso kirol egokia da. Inpaktua askoz ere txikiagoa da». Ajuriak, haatik, ez du bi kirolen arteko loturarik egin nahi izan. «Hasi nintzenean ez nekien zertan lagunduko zidan mendiko eskiak. Biak oso gustura egiten ditut, nahiz eta ez den erraza Otxandiotik eskiatzera joateko bideak topatzea».

Askorentzat, oso kirol antzekoak diren arren, batetik bestera badira berezitasunak. Mendiko lasterketetan edozein unetan has daiteke kirolari bat, baina mendiko eskian oso garrantzitsua izaten da teknika. Ajuriak argi azaldu du: «Korrika egitea oso sinplea da. Txikitatik denok ikasten dugun gauza bat da. Mendiko eskian, berriz, aldeak nabariagoak dira». Quincocesek ere argi dauka: «Mendiko eskiak, eskiatzeko teknika izatea eskatzen du, maila batetik aurrera lehiatzen ibiltzeko behintzat. Mendiko eskira geroz eta jende gehiago dator alpinotik, eta ikusi besterik ez dago jaisten erakusten duten trebezia».

Alonsok erabaki irmoa hartu zuen joan den irailean: mendi lasterketak albo batera utzi, eta eskian ahalegina egitea: «Azken denboraldietan oso nekatuta amaitu dut. Sasoi bat amaitzean, bestea hasten nuen jarraian, eta, batzuetan, bi kirolak batera egin behar izan nituen. Iazkoa oso gogorra izan zen. Gozatu beharrean, sufritu egin nuen askotan». Aldaketak zein onura ekarri dizkion azaltzean, ez du zalantza handirik egin: «Aurten, oso gustura aritu naiz; asko gozatu dut. Ez naiz damutzen hartutako erabakiaz». Camposek ere aldaketa handia egin zuen iaz bere bizimoduan. Irakasle lana utzi, eta bi urteko baimena hartu zuen mendi eskian aritzeko. Horrek denboraldia antolatzeko garaian ere aldaketak ekarri zizkion. «Lehen, aste barruan korrika besterik ez nuen egiten. Orain, aldiz, azarotik martxora arte ia ez dut korrikarik egiten. Jakan pasatu ditut azken bi neguak eskiatzen, batere korrikarik egin gabe. Bizikletan eta gurpil gaineko eskian ere asko ibili naiz».

Hain zuzen ere, kirol batetik besterako aldaketa izaten da askotan urratsik gogorrena. «Mendiko eskiko ia lasterketa guztiak Euskal Herritik kanpo egin behar izaten ditugu, eta, alde horretatik, gehiago nekatzen gara antolatzeko garaian. Mendi lasterketa gehienak, berriz, Euskal Herrian egiten ditut nik behintzat», nabarmendu du Ajuriak. Camposek, berriz, ondorengoa azaldu du: «Iaz asko eskiatu nuen neguan, eta oso saturatuta nengoen. Udaberria gogo handiz hartu nuen. Oso ondo etortzen zait kirola aldatzea».

Fisikoki honela alderatu ditu kirolak Alonsok: «Korrika egitea askoz ere bortitzagoa da, eta min hartzea askoz ere errazagoa. Giharretan askoz gehiago sufritzen du gorputzak. Kirolez aldatzeko garaian, asko kostatzen zitzaidan hori barneratzea». Quincocesek nabarmendu du, iaz, aldaketa egiteko garaian, oraindik ere sasoiko zegoela, eta erritmo berean jarraitu nahi zuela, baina, muskulu eta artikulazio aldetik, ezin izan zuen. «Zerbaitek esaten zidan gelditzeko ordua zela, eta lasterketa gutxiagotan ibili nintzen».

Azken urteetan prestatzaile fisiko asko bi kirol egitearen alde azaldu dira, sasoiko egoteko eta giharren gainkargak saihesteko. Txandakatze horrek hobekuntza handia ekarri die hainbat eta hainbat kirolariri. Alde txarrak aipatzean, laurek antzera erantzun dute: «Bidaietan uzten dituzun orduak. Gainera, askotan bakarrik egin behar izaten dituzu».

Ez da urte erraza izaten ari 2020a. Lehenik, mendi eskiko denboraldiko lasterketa batzuk bertan behera gelditu ziren elur faltarengatik; eta, ondoren, COVID-19aren pandemiak eragin du denboraldia uste baino lehenago amaitzea. Urteko hilabete politenean harrapatu ditu laurak koronabirusak. Helburuz jositako denboraldia zuten aurtengoa. Quincocesek, esaterako, aurten, helburu nagusiak eskian zituen. Madonna di Campiglion (Alpeak, Italia) jokatu behar ziren Europako Txapelketetan, eta Grand Courseko lau lasterketetan —Altitoy-Ternua, Pierra Menta, Tour de Routor eta Adamello— parte hartu behar zuen. «Horien ostean nintzen korrika hastekoa». Alonsok eta Ajuriak ere mendi eskiko denboraldian zituzten jarriak helburu nagusiak. Bikotea osatu behar zuten Altitoy-Ternuan eta Pierra Mentan, ondoren korrika hasi aurretik.

Mendi lasterketetan bakoitzak bere plangintza zuen. Alonsok, adibidez, Aloñako igoera, Zegama-Aizkorri eta Camille Extreme: «Udako oporrak baliatuz, Kima [Italia] ondo egiteko gogotsu nengoen. Momentu honetan, baina, buruan daukadan gauza bakarra etxetik lasai irtetea da, inongo ardurarik izan gabe». Ajuriak, haatik, uda lasai hartzeko asmoa zuen, hau da, uztailean eta abuztuan ez zuen lasterketarik egiteko asmorik. «Sasoi horretan, lagunekin bidaiak egin, eta beste era batera gozatzeko planak egiten ditut, lasterketetatik urrun. Ondoren, irailean eta urrian, Sorginen Lasterketari, Gorbeia Suzieni eta Anbotoko kilometro bertikalari gogotsu ekin nahi nien».

Igone Camposek aurtengo denboraldira begira zituen azken urtetako helburu argienak. Mendiko eskiaren aldeko apustua egin zuenetik emandako jauziak orain behar zuen baieztapena. Baina denboraldia bertan behera gelditu zen aurtengo helburu nagusira, mendi eskiko Espainiako Txapelketara, joateko egun gutxi falta zituenean. «Lasterketa horiek ondo egin nahi nituen, apirilean Italian jokatzekoak ziren Europako Txapelketetara sailkatzeko».

Ondoren, mendiko lasterketetan zituen ilusio guztiak jarriak. «Lehenengo, martxa hartzeko, Euskal Herriko eta Espainiako txapelketetan parte hartu nahi nuen, Araian [Araba] eta Izaban [Nafarroa], hurrenez hurren. Gero, uztailean, inoiz egitekoa nintzen mendi maratoirik gogorrenean parte hartu nahi nuen [43 kilometro eta + 4.200 metro] Trail Vielha-Molieresen [Aran ibarra, Lleida, Herrialde Katalanak]. Bukatzeko, Munduko Kopa barruan dauden lasterketa batzuk nituen buruan: Skyrace Comapedrosa eta Gorbeia Suzien, besteak beste».

Laurek ere mendi lasterketetako denboraldia kinka larrian izango dute gauzak asko aldatzen ez badira. Baina itxaropena ez dute galtzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Athleticek erakutsi du finalean Bartzelonari irabaz diezaiokeela»

Haritz Gallastegi

Athleticeko kapitain ohiaren ustez, talde zuri-gorriari kosta egiten zaio finaletan berea ematea. Hala ere, itxaropentsu dago Bartzelonaren kontrako partidari begira. Taldea «ondo» dagoela iritzi dio.
Erik Jaka, Baikorekin kontratua sinatzen, atzo, enpresaren egoitzan, Bilbon. ©BAIKO PILOTA

«Aurrerapausoa da niretzat»

Julen Etxeberria

Erik Jakak eten egin du Asperekin zuen kontratua, eta Baikon ariko da maiatzaren 1etik aurrera, 2024ko abenduaren 31ra arte. Hilaren 24an jokatuko du azken lehia Asperekin

Erik Jaka, Baikorekin kontratua sinatzen, gaur. ©Baiko

Baikok Erik Jaka fitxatu du

Julen Etxeberria

Buruz buruko txapeldunak eten egin du Asperekin zuen kontratua, eta enpresa berriarekin ariko da maiatzaren 1etik aurrera. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.