Donostiako 66. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Lapurretak baino gehiago

DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'Apuntes para una película de atracos'



Zuzendaria: Leon Siminiani. Herrialdea: Espainia. Iraupena:90 minutu.

Eliasek beti izan du lapurreta film bat grabatzeko ametsa. Hauxe da Apuntes para una película de atracos-en abiapuntua. 2013an, albistegietan Vallecaseko Robin Hood moduan ezagun egin zen, eta hainbat bankuren lapurretaren gidari izan zen pertsona atxilotu dutela aditzean, Eliasek harekin harremanetan jarri beharra daukala erabakitzen du. Gutun bidezko harreman bat hasiko dute orduan Eliasek eta Flacok, lapurretei buruzko jakin-minak bultzatuta.

Fikzioaren eta errealitatearen artean dabilen filma da Siminianirena. Gehienetan apur bat barregarri gelditzen diren gertakizun zehatzen berregiteek, kasu honetan, xarma puntu bat ematen diote kontakizunari, eta umorez beteriko pasarteek gertukoago bilakatzen dute istorioa. Dokumental kutsua izanik, airean gelditzen da errealitatea noraino iristen den, eta noiz heltzen den gidoia.

Hasiera batean, puntu komun gutxi duten bi pertsonaren arteko harremana erretratatzen digu filmak. Haien artean sortzen den konplizitateak irribarre bat baino gehiago aterako dio ikusleari, eta, lapurreta bat aurrera eramateko eman behar diren pausoak aitzakiatzat hartuta, batak bestearen bizitzan duen eraginaren eta garrantziaren lekuko izango gara.

Garai bateko filmen zatiak erabiltzen ditu Siminianik hitzez kontatzen zaizkigunak pantailan irudikatzeko, eta, zuri-beltzean egindako marrazkiekin batera, erritmo polita ematen diote kontakizunari, umore puntua inoiz atzean utzi gabe. Baina benetan interesgarria egin zaidana zera da: lapurreta bati buruzko elkarrizketek Eliasen eta Flacoren bizitzetan izan duten eraginaren lekuko bilakatzen gaituela filmak. Haien emazteekin eta seme-alabekin dituzten elkarrizketak erakutsiz, haien zalantzak eta beldurrak erretratatuz, lapurreta film soil bat baino zerbait gehiago izatera iristen da. Eta eskertzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.