Zozoen elean (III). Marisa Barrena. Kausa askoren aldeko militantea

«Askotan egon naiz galtzaileen aldean, baina ez ditut kausa guztiak galdu»

Euskal Herriaren kausaren aldeko militantea ez ezik, kausa galdu irabazi beharreko guztien aldeko ekintzailea da durangarra. Alfabetatze mugimenduan ekin zion, politikari lotu zitzaion, emakumeen borroka feministari... Haize kontra jardun du bere bizian, baina uzta jasotzen asmatu du. Horixe du poz handi.
ZALDI ERO

Miel A. Elustondo -

2018ko abuztuak 12
Etxerat ezin joan ilundu artean,
egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

1950eko hamarkada hartan, euskara baztertua zen hemen...

Ni Zornotzan jaio nintzen —Aldekoena baserrian maizter ginela—, herri eskolara joan nintzen —orduko eskola nazionalak, espainolak—, eta akordatzen naiz esaten zutela: «¡Ya vienen las aldeanas!» [Badatoz baserritarrak!]. Hori esaten zuten batzuek gaur egun zelanbaiteko errespetua diote euskarari, batzuek ikasi ere egin dute. Batxiler ikasten ari ginela, mojek esaten ziguten: «Señoritas, no hablen en vasco porque no van a tener facilidad de palabra en castellano» [Andereñoak, ez euskaraz berba egin, gaztelaniaz berba egiteko erraztasunik ez duzue-eta izango]. Euskara gutxiesten zuten, batetik, eta, bestetik, beldurra sartzen ziguten. Eskerrak, etxean bestelakoa genuen giroa. Amak beti esaten zigun: «Atetik barrura euskaraz». Ez zuen sermoirik egiten, baina horixe esan bai.

«Atetik barrura, euskaraz».

Bai. Bestalde, fraiderik ere bazen gure familian, eta eragina izan zuten etxean, gurera sartu ziren lehen aldizkariak Arantzazu eta Karmel izan ziren eta. Amak Enbeitaren bertsoak-eta irakurtzen zizkigun handik, eta kantatu ere egin izan genituen. Aita, berriz, beti ari zen lanean, fabrikan eta soroan —izugarri maite zuen lurra—, eta ez zuen gurekin denbora handirik ematen.

Zuenean bada gerra istorioa...

Aitaren familian hiru anaia ziren —gazteena zen aita—, eta gudari ibili ziren hirurak. Aita zauritu egin zuten Turtziozen... Ez zuen askorik kontatzen, beldurragatik, baina fabrikatik erretiratu zenean, gurekin denbora gehiago ematen hasi zenean, hasi zen gauzak kontatzen. Behin, egun pasa nora joan nahi ote zuen galdetu, eta: «Turtziozera joango nintzateke, ze han zauritu ninduten. Laredora eroan ninduten preso, eta handik Madrilera, trabajadoreetara». Horixe kontatzen zuen, askorik gabe, nahiz eta azken urteetan gehiago kontatzen hasi zen. Hil zen aurreko egunetara arte Eusko gudariak kantatzen zuen, kantatzen diren betiko estrofak eta gehiago... Amaren aldean, berriz, osaba hil zioten gerran, Mendatan. Otxandio batailoikoa zen, eta ia 80 urtean egon da hil zuten tokian lurperatuta. Noizbehinka, urteurrenarekin-eta, hil zuten tokira joaten ginen, eta Eusko gudariak kantatzen genuen; gurean, ia erlijioa zen hori kantatzea. Gauza da orain dela urte bi Aranzadirekin harremanetan jarri, eta amaren osabaren gorpuzkiak atera zituztela.

Nola zuen izena zuen amaren osaba horrek?

Pedro Uriguen Perea. Elgetan egon zen, Intxortan. Handik Markinara egin zuten, eta Mendatan harrapatu eta hil zituzten. Hainbat. Tartean, gure osaba, Marmiz auzoan. Biharamunean, inguruko baserrikoek hartu eta lurperatu egin zuten. Osabaren agiriak, berriz, gordeta eduki zituzten luzaro, beldurrez. Denborara, Zornotzako fraideetan entregatu zituzten agiri haiek. Eta, fraide haien artean, osabaren anaia bat! Deitura bera, Uriguen, eta laster ohartu ziren. Amamari esan zioten, joan ziren Mendatako baserrira, jarri zuten gurutzea, eta hantxe eduki dugu osaba Pedro, urteetan. Eta oraindik, nahiz eta gorpuzkiak handik atera dituzten, hantxe dago gurutzea! Baserrikoek ez dute kendu.

Noiz hasi zinen mundu honetara akordatzen?

Eubako pasiotarren eskutik bilerak egiten hasi ginen, dantzan, antzerkian... Aita Martzel Andrinua, Aita Eleuterio Larruskain... oso euskaltzaleak ziren, eta euskaltasuna erakutsi ziguten. Geroago etorri ziren Ez Dok Amairu, Rikardo Arregi, alfabetatzea... 68ko Parisaren hotsak ere heldu zitzaizkigun, feminismoa... Nahasita heldu zen dena. Esate baterako, euskararen kezka bizi genuen, eta, behin, alfabetatze ikastaroan eman nuen izena. Juan Antonio Aroma eta Kristina Mardaras izan nituen lehen irakasleak. Ikastaroa egin, eta irakasle nintzen hurrengo urtean! Premia zegoen! Orain pentsatzen jarri, eta jakin nahiko nuke zer erakutsi ote nuen, hain gutxi jakinda.

Batzuek ikasi zuten, horratik.

Akordatzen naiz Jose Anjel izena zuen mutiko bat —mutiko bat zen-eta orduan—, etorri zela alfabetatzera, beste batzuekin batera. Nik koaderno txiki batean idatzita eramaten nuen irakatsi beharrekoa —nominatiboa, ergatiboa, datiboa...—, baina laster konturatu nintzen Jose Anjel hark nik baino arinago ikasten zituela gauzak, eta idatzi ere nik baino hobeto idazten zuela. Giro hartan, Juan Antoniok [Aroma] idaztera animatu gintuen, Zeruko Argia-n, Anaitasuna-n... Horrela, 1974an, Zeruko Argia-k gehigarri berezi bat atera zuen, eta bertan argitaratu genituen lanok Juan Antoniok, Joserra Azkorbebeitiak, Jose Anjel hark —idazle handi, gerora—, eta laurok.

1975ean hil zen diktadorea, ateak irekitzen hasi ziren, alderdi politikoak eratzen...

Horretan ere ibili ginen, formazio eta informazio larregi barik, baina ibili ginen hor ere. Mugimendua zen. Antolatu bai, antolatzen ginen, baina gauzak egiteko. Oraingo egunetik begiratu eta zenbat ordu eman ote genituen mezuak idazten, kartelak egiten, kartelak ipintzen! Ez naiz egindakoaz damutzen, baina zenbat gauza egin genituen, eta zein formazio gutxi jaso genuen. Hobe genuen ordu horietako batzuk geure buruak formatzen eman izan bagenitu. Baina klandestinitatea zen, ezkutuan genbiltzan, gauza asko egin behar ziren. Eta, benetan, egin behar ziren!

ETAren borroka armatuaren garaia zen.

Bai, eta askok bezala, «Gora ETA» esan nuen, askotan. Egiten ari zirena ondo zegoela pentsatzen nuen. HASIko militante nintzen, eta kongresua egin zenean —40 urte bete dira joan den maiatzean—, eztabaida handia izan zen borroka armatuaren inguruan. Gu kontra ginen, eztabaida galdu genuen, eta han lekurik ez genuela gelditu ginen. Ez dakit bota gintuzten, edo geure kabuz joan ginen. Sektarismo itzela zegoen denbora hartan. Harrezkero, beste modu batera ikusi nituen gauzak eta ETA. Beste bide bat hartu behar zela pentsatzen hasi nintzen; bat egin nuen bakearen aldeko mugimenduekin.

Euskadiko Ezkerran izan zinen gero.

Bai. Ni beti galtzaileekin. Lagun batek esaten dit: «Ez naiz inoiz zu zauden alderdikoa izango, ze behin ere ez duzu irabazten». Irabazi ez, nik beti galdu! Euskadiko Ezkerran ere galtzaile izan ginen, eta ez dakit orduan ere bota gintuzten, edo joan ginen.

Euskadiko Ezkerrako kide zineten, baina ETAko kidea gorde zenuten etxean. Zure ikasle Jose Anjel hura.

Udal hauteskundeak ziren, eta papertxoak gutunetan sartzen laguntzen zigun! Gau batean esan zidan: «Zerrenda ona daukazue!». Bai, gu Euskadiko Ezkerrakoak, ETAko militantea etxean ezkutatuta, hauteskundeetako propaganda prestatzen... Ideologikoki bat ez etorri arren, Jose Anjel hura laguna zen, laguna izan da beti. Hala ere, zelako beldurra pasatzen nuen gauetan! Aurretik, 1975eko salbuespen egoeran atxilotuta egon nintzen, eta torturatua, eta Jose Anjel hark galdetzen zidan: «Horrenbestekoa da tortura?». Eta nik: «Tortura jaso arte ezin asma dezakezu». Esate baterako, orduko militanteok bagenuen liburuxka bat: «Atxilotze kasuetarako segurtasun arauak», zioen. Eta, hain zuzen, liburuxka huraxe harrapatu zidaten guardia zibilek atxilotu nindutenean, eta esan zidan Hidalgo kapitainak [Manuel Hidalgo Salas]: «Oraintxe ikusiko duzu zertan diren zure segurtasun arauak!». Eta tortura!

«Hainbestekoa da tortura?», gazte haren galdera, nirea.

«Izarrak ikusi», esamolde bat zelakoan nengoen, baina Hidalgoren lehen kolpea jaso orduko hasi nintzen izarrak ikusten. Belarritakoekin batera jausi nintzen lurrera. Torturatzen zaituztenean benetan ikusten dira izarrak. Handik urte gutxira, Jose Anjel etxean gordeta geneukala, gauean igogailuaren zarata entzuten nuenean, «Badatoz!», pentsatzen nuen. Beldur ikaragarria neukan, mutil harengatik, eta neuregatik. Ile luzea erabili ohi nuen garai hartan, eta guardia zibilen kuartelera joateko deitu zidatenean, ilea moztu nuen lehenengo gauza. Uztaritzen ginen, Udako Euskal Unibertsitatean, eta ile-apaindegira joan eta ilea moztu nuen, motz! Kuartelera sartu eta: «Hara, halako ilaje ederra zenuena, eta moztu egin duzu!». Soilguneak ditut oraindik! Kirofanoa egin zidaten. «Oraintxe ikusiko duzu zer den kirofanoa, zuzen-zuzenean!». Propaganda aurkitu zidaten, hiru ale ezberdin, eta propagandok niregana nondik heldu ziren jakin arte, ez zuten onik izan. Zornotzako kuartelean nindukaten, eta guardia zibilak artatzera etortzen zen praktikantea etorri zitzaidanean, esan nion: «Anjel, esan mundu guztiari hemen nagoela!». «Bai, bai, festetan gaude eta herri guztiak daki». Nire kontaktuak jakin zezan nahi nuen, eroriko gehiago izan ez zedin. Azkenean, gehiago ezin jasanda, haren izena esan nuen, eta kuartelera ekarri zutenean, haren orroak...! Kontua da Jose Anjel ere harrapatu egin zutela 1980an, eta artikulu bat idatzi zuen egunkarian, berari egin zizkiotenak kontatuz. Izugarria...

Enpresa bateko langile, euskara irakaslea, militantea, ama... Hainbat buru estali ditu zure txapelak!

Gure belaunaldiak batera egin ditu lan guztiak. Eta ez diot neure buruari dominarik jarri nahi. Ni fabrikan hasi nintzen lanean. Gero egin nituen irakasle ikasketak, eta, geroago, psikopedagogiakoak. Fabrikan ari nintzen garaian, umea izan eta etxekoandre egiten ziren emakumeak. Fabrikak, gainera, dotea eman zuen, dirua, lan egindako urteen arabera. Nik ez nuen dote hura hartu nahi izan. Ordurako irakurrita neukan Simone de Beauvoir; independentzia ekonomikoaz zioena. Gogoan neukan. Nik, umea izan, doteari uko egin eta lanean segitu nuen, eta ama txarra izateari buruz ziotena entzun!

Hori ere bai?

Bai, bai, zaila izan zen. Orain pozik nago, baina orduan zaila izan zen. Mugimendu feminista abortuaren alde ari zen, antisorgailuak Iparraldetik ekartzen genituen garaia zen... Gure garaiko kontuak dira, nahiz eta gazteei istorioak iruditu. Behin irakurri nion bati zorte horixe izan dugula, hainbeste aldaketa ikusiko dituen belaunaldi askorik ez dela izango. Egongo da gero ere, baina egia da aldaketa handiak ikusi ditugula. Elizaren itzala eta! Diktadura politikoa, eta elizarena! Bateko bekatua eta besteko herstura!

Dantza munduan ere ibili zinen, dantzak berreskuratzen, nonbait.

Momentu hartan, Euskadiko Ezkerran nintzen, biltzar ttipikoa. Hauteskunde kanpaina egina genuen, lan handia, borondatetsu, zeharo konbentzituta, eta, ondoren, bota egin gintuzten biltzar ttipiko guztiak, banan-banan! Orduan bai, txarto gelditu nintzen, guztiz jota, eta neure buruari agindu nion ez nintzela sekula alderdi politiko batean berriz sartuko. Garai berean, herriko Kriskitin dantza taldea ahul xamar zegoen, eta Jose Antoniok [Aroma] laguntzeko eskatu zidan. «Baina nik ez dakit ezer dantzen gainean!» esan nion, eta hark: «Sustapenean lagundu ahal diguzu». Horixe izan da dantzari egin diodan ekarpentxoa! Behin, Jose Julian Bakedanok kalean esan zidana: «Marisa, azken erromantikoak gara!». «Zer esan gura duzu?». «Zer edo zer behar dugula beti. Zuk, oraintxe, dantza taldea topatu duzu», Bakedanok.

Kausa galdu guztien aldekoa omen zaitugu.

Edo kausa guztiak galtzen ditut! Kar, kar... Baina ez! Joan den irailean Wallmapun [Txile] izan nintzen, maputxeen artean, Garabidek gonbidaturik, euskara irakasteko erabiltzen diren metodologiez hizketan. Gure ibilbidea azaldu nien, gabezia handiak izan arren, zelan ikasi zuen jendeak euskaraz, ikasi egin zuten eta! Orduan, pentsatu nuen ez ditudala kausa guztiak galdu, jendeak euskaraz ikasi zuen-eta, baliabide gutxirekin ere! Maputxeei esan nien eskolaz kanpo ere hainbat gauza egiten genituela, aldizkarietan parte hartu eta bultzatzen genituela. Eta gure eskualdeko Anboto aldizkaria erakutsi nien, eta BERRIA. Horixe esan nien, Anboto txiki bat egin zezaketela. Eta, irailetik hona, egin dute! Maiatzaren 15ean, txio bat jaso nuen Wallmapun ikasle izandako batek idatzita: «Marisa, lortu dugu. Kazeta bat dugu maputxeen hizkuntzan bakarrik. Eskerrik asko bihotz ematearren. Besarkada bat, distantziatik». Askotan egon naiz galtzaileen aldean, baina ez ditut kausa guztiak galdu. Dena ez dugu galdu, eta esan dizut, gu hasi ginenean baino euskaldunagoa da Durango. Eta gu hasi ginenean baino gehiago gara orain feministak.

Bistan da.

Zoroak ginela esaten ziguten, zoroak eta itsusiak. Entzun beharra izaten genuen. Aurten, Martxoaren 8an, ikustekoa izan da: zenbat gazte, neska politak, indarrez beteak. Bestalde, garai batean oso sektarioak ginen. Orain, hiru talde feminista gara herrian, bakoitzak bere egitekoak ditu, eta batu behar denean, hortxe gara hirurok plataforman, arazo barik. Ahizpatasun zoragarria dugu. Beraz, zerbait lortu dugu!