Zozoen elean (IV). Begoña Durruti. Bereterretxeren kantorearen ilustratzailea

«'Nire liburu beltz iluna' erraten diot Bereterretxeren komikiari»

Gure baladarik zaharrenetakoa. Bereterretxeren atxilotze eta heriotza kontatzen dizkigu. Euskarazko baladetan altxor eta bitxi preziatuenetakoa. Batzuek eta besteek, ez gutxik, jardun dute balada horren gainean ikerketan eta, hala ere, kantaren sekretu guztiak ez dituzte zulatu oraindik. Begoña Durrutik, berriz, irudiak jarri dizkio baladari, liburuan lehen, Alkizako Ur maran erakusketan orain.

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Zalduondo
2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilundu artean,

egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

Haltzak ez dü bihotzik

Ez gaztanberak hezürrik.

Ez nian uste erraiten ziela

aitunen semen gezürrik.

Mikel Laboa Katedrak enkargua egin zidan orain dela urte batzuk. Erakusketa baten asmoa zuten eta bideoak nahi zituzten zenbait kanta zaharren inguruan: Bereterretxe, Urtsua eta beste batzuk. Nire enkarguaren kasuan, animazioa egin behar nuen Mikel Laboak egina zuen Bereterretxeren bertsioa oinarri harturik. Arras kantu berezia da Bereterretxe, politta, aspaldikoa. XV. mendekoa, Erdi Aroko afera bat kontatzen du. Hartu nuelarik enkargua, ez nuen ezetz erraten ahal, halako lan ederra! Bertzalde, pentsatzen dut nahiko inuxenteki hartu nuela lana! Jakiterat zer saltsatan sartzen nintzen, igual ez nuen hartuko! Kar, kar... Baina eskerrak hartu nuen, arras kanta politta baita Bereterretxe!

Andozeko ibarra,

Ala zer ibar lüzia!

Hiruretan ebaki zaitan

armarik gabe bihotza.

Ezagutzen nituen betiko bizpahiru bertsoak eta melodia. Haltzak ez dü bihotzik / ez gaztanberak hezürrik / Ez nian uste erraiten ziela / aitunen semek gezürrik... Andozeko ibarra... Mikel Laboaren bertsioa betiere. Ez nekien, hala ere, zer istorio kontatzen zuen kantak. Orduan, lehenbiziko lana horixe izan nuen, bertsoek erraten zutenaz jabetzea. Dokumentatu nintzen, beraz, eta erabaki nuen bertsoek erraten zutena literalki marraztea, zeren eta interpretazio aunitz egiten ahal dira, eta eginak dituzte ikertzaileek! Eta horretan hasi nintzelarik, maitemindu nintzen istorioarekin! Erotu! Bertso bakoitza aizkorakada bat da!

Bereterretxek oheti

Neskatuari eztiki:

«Abil, eta so egin ezan

gizonik denentz ageri».

Lehenbiziko lana bertsoak biltzea izan zen. Mikel Laboaren kantak dakartzanak, batetik, baina baita han ez daudenak ere. Txomin Peillenek idatzi du Bereterretxe-z, Piarres Larzabalek antzerki-lana egin zuen, Etxahun Irurik pastorala, Pier Paul Berzaitzek ere pastorala... Aunitzek idatzi du kanta horren gainean. Osaba nuen [Piarres] Xarriton, eta harekin solasean ere hobekiago entenditu nuen kantore hau. Kontatzen dena drama bat da, drama unibertsala. Istorioa motxa da, narrazio laburra, bi lerrotan erraten ahal da: etxerat etortzen dira, semea bortxaz eramaten dute, eta ama Marisantzek pasatzen du gau osoa semearen bila basoan barrena.

Neskatuak ber'hala

Ikhusi zian bezala

Hirur dozena bazabiltzala

bortha batetik bestila.

Eta harrigarria da, zeren eta bertsoetan agertzen diren lekuak oraino existitzen dira: Maule, Ezpeldoi, Lakarri-Buztanobi... Leku horiek denak hor dira. Ni, erratekoz, Ezpeldoira joan nintzen, eta hantxe dago hilarria. Eta kantuak kontatzen duena harriak kontatzen du! Erran nahi dut, hilarrian ageri direla arkua eta geziak, eta nik hortik interpretatzen dut Bereterretxe bera arkularia zela, edo, bertzenaz, geziz akabatu zutela.

Marisantzen lasterra

Jaun Kuntiaren bortala!

«Ai, ei, eta, jauna, nun düzie

ene seme galanta?»

Kanta irakurri eta guztiz enpatizatu nuen Marisantzekin, amarekin. Ni Marisantz nintzen! Joaten nintzen zakurrekin mendira—Baztanen bizi naiz—, eta hantxe pasatzen dituzu zuhaitzak, eta errekatxoa, eta... Ez duzu Internet kontsultatu beharrik Marisantzek bizi duena ikusteko. Barneraino sartu zitzaidan, barne-barneraino. Halakoetan, nire senarrak erraten du gogoa bertze nonbait dudala... Tartean, bertze gauza bat gertatu zitzaidan, markatu ninduena aunitz. Eta oraino tematuago geratu nintzen kantuarekin. Komikia egiten ari nintzela, Altsasuko gazteen afera gertatu zen. Istorioa errepikatzen da: etxera etortzen dira, preso hartzen dituzte, ama —denok ezagutzen dugun ama hori, telebistan agertzen den hori—, hasten da semearen bila... Eta nik, hor, Marisantz ikusten nuen. Eta gaua. Eta Altsasuko gazteen afera. Hiru urte egin behar ditu... Gai unibertsala da Bereterretxe, eta Altsasu, eta kunetak...

«Hik bahiena semerik

Bereterretxez besterik?

Ezpeldoi altian dün hilik;

habil, eraikan bizirik…»

Erakusketarako animazioa nuen, eta Youtuben dago ikusgai [https://www.youtube.com/watch?v=o5z46vng_YQ] Ikusten duena konturatuko da paper moztuak direla hor, pixka bat mugitzen direnak. Lehen-lehen paperezko antzerkia eta animazioa egiten zen modura, gauzak mugiarazi ditut modu dorpe-dorpe-dorpean. Kartoi-harria hautatu nuen irudien egiteko, falletako kartoia, dagoenik merkeena, erreziklatua, inoren lanari testura ematen diona. Ordenagailua baliatuz, kartoi horren testurak neguko giro hori, tristura hori, herstura hori sortzen laguntzen du aunitz, paper xinpleetan egindako lanari bolumena jarri dio ordenagailuak.

Ezpeldoiko jentiak,

Ala sendimentü gabiak!

Hila hain hüllan üken eta

deüsere ez zakienak!

Ordenagailuaz ari, ibiltzen dut, gustatzen zait, baina ordenagailua ibili aitzinetik marrazkiak eskuz eginak ditut. Sekulako erreminta da ordenagailua, gaitzeko lanak egiten ahal dira. Papera ukitzearekin sentitzen dena niri oraino ez dit ordenagailuak ematen. Bi sentipen aski diferenteak dira paperean ikusten ahal dena eta ordenagailuan ibilki sortzen den atmosfera. Bertze erreminta bat gehiago da ordenagailua. Hotza dela erraten dute batzuek, baina maneiatzen jakin behar da. Bada jendea aski gauza... ez hotzak eginak dituena. «Hau eskuz egina!» diozu, baina ez, ez dago eskuz egina! Horrela badira pilaka liburu. Ematen du umeak egin dituela argizariarekin, baina ez, ordenagailuz egina du norbaitek.

Ezpeldoiko alaba

Margarita deitzen da:

Bereterretxen odoletik

ahürka biltzen ari da.

Bereterretxe animazioa egin nuen, baina ordu arte sekula ez nuen animaziorik egina! Kar, kar... Ondotik ohartu nintzen kanta luzea dela, zortzi minutu, eta animazioa, berriz, kasik laburpen bat da. Kristoren lana! Animazioa egin ondoan, komikia egitera animatu nintzen, Bereterretxeren kanthoria, eta, beranduxeago, Denon artean argitaletxeak argitaratu zuen. «Nire liburu beltz iluna» erraten diot komiki horri. Beltza, xuria eta gorria, istorio honek ez zidan bertze kolorerik eskatzen. Horrelaxe atera zitzaidan barnetik, erraietatik... Komikiari sarrera egin zion Juan Kruz Igerabidek, eta haren azalpenen bidez hobekiago entenditzen da istorioa.

Ezpeldoiko bukata,

Ala bukata ederra!

Bereterretxen atorretarik

hirur dozena ümen da.

Eta, horrela, lanak bata bertzearen ondotik eginez, neure bidea egiten ari naiz mantso-mantso, ito gabe. Ilustratzaileon lana prekarioa da, nik ez dut lan hauetatik dirurik ateratzea helburu. Gauza bat da sorkuntza, bestea da merkatua. Proiektuak hartzekotan, izanen dira nire gustuko lanak, aberasgarri izanen zaizkidanak. Gozatu, bederen. Bost axola gero! Azken proiektua, erakusketa hauxe dut, Alkizako Ur mara museoan egin dudana. Deia jaso nuen nire lanak erakusteko, eta nik: «Eta zer erakusten ahal dut?», eta Ur marakoek: «Ekartzen ahal duzu Bereterretxeren animazioa?». Eta ni ados, baina animazioarekin batera ekarriko nuela harako egindako marrazki eta ebakinak. Gordeak nituen karpeta batean. Nire asmoa zen lauzpabost koadro osatzea, baina, azkenean, animaziorako egindako narrazioa egin dut berriz erakusketan, hau da, istorioa kontatu, tira grafiko baten moduan, paper berberak erabiliz. Honenbestez, uste dut fini dudala nik Bereterretxe. Larrazkenean EHUren Donostiako liburutegian erakutsiko dut, eta, Gonzalo Etxebarriak lagundurik, Ezpeldoin ere erakutsi nahiko nuke...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.