Zozoen elean (I). Joxe Mitxelena Arsuaga. Ziklista txapelduna iragan mendeko 1950eko hamarkadan

«Estraperloko gauzak eramanez entrenatzen nintzen ni bizikletan!»

Ziklista izan zen, txapeldunetakoa. Lehenago, artzain ibili zen etxean, Oiartzungo Iragorri baserrian. Bertatik bertara ikusi zituen gerrakoak eta kontrabandokoak. Estraperloan zaildu zen, bizikleta garraiobide hartua. Azkenean, erloju-saltzaile egin zuen bizimodua... Zalduondon (Araba) dabil joan den aspaldian, intxaur eta sagar artean, hara eta hona bizikletan. Ilundu artean zozoen elean egoteko solasturi aparta Joxe Mitxelena Arsuaga.

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Zalduondo
2019ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilundu artean,
egoten ohi dira zozoen elean
Jean Martin Hiribarren

Adiskide onek eman didate zure berri. Eta Interneten ere ageri da zure izena...

Internet? Ez dut horretaz ezer jakin nahi. Etxean ibiltzen dute, baina nik ez. Ez zait teknologia hori batere gustatzen. Ezta batere. Traktorea eta motozerra ibiltzen ditut, baina, hala ere, niri, gehiena, behorrarekin lan egitea gustatuko litzaidake, garai batean bezala... Ni, lehenengo, artzain ibili nintzen, etxean. Iragorri du izena baserriak, Artikutza aldera... Komunio handia egin eta hurrengo urtean hasi nintzen artzain. Etxera etortzen zitzaigun Zaldibiko bat, Rufino, artzain, eta ni harekin, Oiartzundik Aralarrera, ardiak hartuta! Nire lehenengo artzain-urtean, Tolosan lurrean etzanda pasatu nuen gau bat, negu gorrian.

Gerra eta berehala zen hori.

Bai, ze nik lau urte nituen gerra hasi zenean, eta Zaldibiko hura, berriz, gerra bukatu eta segituan etorri zen gure etxera morroi. 1942 edo izango zen hori. Gerra garaian, hamahiru lagun sartu zituzten gure baserriko lurretan. Zuloa egin eta bertan hil zituzten. Atereak dituzte haien gorpuak. Lehenengo, zortzi atera zituzten. Baina laster esan zien gure anaiak: «Hi, gehiago ere badituk beste zoko horretan!». Eta joan eta aurkitu zituzten. Esaten zuten harrapatu zutenetako batek ihes egin zuela, eta Errenteriko baserri batean gorde zela. Baina bertako emakumeak denuntziatu, besteak joan, eta bertan hil zuten ihes egindakoa. Zuloak eginak neure begiez ikusi nituen, bi zulo eginak. Lehengusua neukan ondoan, gure baserria bi bizitzatakoa zen-eta: batean, aitaren arreba bizi zen familiarekin, eta bestean gu... Eta denak isilik. Horrela zen gauza denbora batean. Eta gogoratzen naiz Mateo Muxika gotzaina urtero joaten zela hara. Autoz eramaten zuen txoferrak, jaisten zen Muxika, eta oinez, hildakoak bisitatzera. Orduko kontuak! Baina denak kontatzea ez da komeni! Hamaika mila pistolaren historia ere badakit nik!

Kontatzea ez da komeni, esaten duzu.

Ez, bada! Bateko apaiza eta besteko jendea... dena esatea ez da komeni. Gerra nola izan zen esatea, bai, baina han denek egin zuten gerra! Han onik ez zegoen! Beste batek ere esan zidan niri, armak zituela etxean, gordeak zituela. Eta nik hari: «Eta hi zer haiz?», «Ni, anarkista!», esan zidan. «Eta zer duk anarkista izatea?», eta berak: «Apaizak-eta zera horiek guztiak hiltzen dituena!». Gerran ari zirenak denak ziren gaiztoak, han ez zegoen batere onik. Betidanik jakin dut nik hori.

Iragorri baserria, Oiartzungo mendietan. Kontrabandoaren berririk baduzu...

Kontrabandoa, beti! Bi anaia banituen, ateratzen ziren ilunabarrean gure baserritik eta, mendiz, gauez, Urruñara joaten ziren. Paketearekin joaten ziren! Denbora hartan, eskopeta kartutxoak eramaten zituzten. Handik hona, zirak etortzen ziren, lehenbiziko zirak. Aurreneko, behiak ekartzen ezagutu nituen. Gure baserrira sartu, behiak hil, eta baita partitu ere! Ikusita nago! Gerra bukatu eta segituan hasi ziren kontu horiek. Gero, gurpiletako azalak ezagutu nituen, kontrabandoan ekarriak. Etxeko gela dena gurpiletako azalez betea ikusten ari naiz oraindik! Kar, kar... Baina gure baserritik gorago, [Joxe Joakin] Mitxelena bertsolariarenean ere, gurpiletako azalak gordetzen zituzten, pilo bat! Denak ezagunak ginen orduan Oiartzunen, denak jatorrak!

Angula kontrabandoan ere ibili zinen...

Nire anaia, koinatua eta beste batzuk-eta Nantesen [Bretainia] ibiltzen ziren, angulak erosten, gero hona ekartzeko. Nantesen zeuden haztegiak. Haiek anguletan, eta ni haiei jatekoa jartzen egon nintzen. Zortzi lagun baziren han. Egun batzuk egiten nituen han, anaiak esanda... Ordurako hogeita hemezortzi urte banituen.

Hogeita hemezortzi urte? Ziklista izana ziren ordurako!

Paseak ziren ziklista kontu horiek! Etxean artzain ibili eta gero, mekanika ikasten hasi nintzen, anaiarekin, Errenterian. Nire bizitzako urterik txarrenak izan ziren: lanik egin ez, eta ikasi ere ez! Mekanikari ikastea xamurra da, ikusi orduko ikasten da. Autoa konpontzea ere xamurra da... Tornulari ikastea besterik da, tornua diferentea da... Handik aurrera hasi nintzen bizikletan.

Besterik gabe?

Nire anaia ziklista ibilia zen, eta ni ere hasi egin nintzen! Denbora baten ziklista asko zen Oiartzunen; asko. Batzuek karrera irabazteko aukera zuten, beste batzuek ez. Nik, irabazi egiten nituen karrerak! Kar, kar... Indarra behar du horretarako, indarra hanketan eta buruan. Eta ez joan inori gehiegi laguntzera. Bizikletan nork bere alde egin behar du beti. Orain ez, orain diferentea da, orain nork bere taldean joan behar izaten du, nagusiak zer esaten duen egin: «Hi! Orain hola eta hola egin behar diagu, eta gero hala eta hala!». Denbora batean ez, denbora batean ahal zuenak ahal zuena egiten zuen. Guk ere bagenituen taldeak, lagunak, baina karrera irabazi eta dirua partitzeko!

Dozena erdi urte egin zenituen ziklista...

Bai. Hiru aldiz irabazi nuen Espainiako txapelketa ziklo-krossean; bi aldiz bigarren egin nuen.

Geuk esan beharko dugu, zuk esaten ez duzuna: 1954an Espainiako ziklo-kross txapelketa irabazi zenuen. 1956an, Ordiziako Klasikoa eta Espainiako ziklo-krossa. 1957an, Arrateko Igoera, Ordiziako klasikoa eta Espainiako ziklo-krosa. 1958an berriz irabazi zenuen delako ziklo-kros txapelketa. Tartean, zortzigarren egin zenuen Munduko Txapelketan Alemanian. Oiartzuarrak hiru izan zineten han: Fakundo Zabaleta, Pontziano Arbelaitz eta zu zeu...

Badakizu, hortaz!

Internetek dio.

Kar, kar... Munduko txapelketak egitera kanpora joan nintzen, bai, baina ziklo-krossean. Denbora haietan jendea ez zen Frantziako Tourrera-eta joaten. [Dalmazio] Langarika joan zela aurrena uste dut, zuzendari. Ez dakit urte hartan bertan ez ote zuen Bahamontesek irabazi karrera. Bernardo Ruiz ere ordukoa zen, eta urte batean Tourrean hirugarren-edo egin, eta Ordiziara ekarri zuten, pagatuta. Baina nik irabazi nuen. Hirugarren egin zuen berak! Sos batzuk eman zizkioten, bestela ez zen etorriko! Bahamontes ere ekarri zuten Ordiziara, baina guk aise irabazi genion. Bahamontesek-eta ez zuten bakarrik ibiltzeko balio. Ordiziako karreran, urte batean, [Fakundo] Zabaleta, Bahamontes eta hirurok ginen, Mandubin gora. Guk Bahamontesi alde egin nahi genion, eta aurrena gutako batek jo zuen. Eta Bahamontes atzetik, harrapatzera. Eta Zabaleta edo ni, haren atzetik. Gero, berriz jo zuen gutako besteak. Eta Bahamontes atzetik. Horrelaxe, alde egin genion arte. Bahamontes-eta taldeko ziklistak ziren. Talderik gabe ez zuten balio.

Gogoan duzu zure lehenengo karrera?

Hamazazpi urte izango nituen. Legazpin izan zen, festetan. Anaiarekin ibiltzen nintzen, eta haraxe neu ere. Asko joaten ginen karreretara. Balio ez zuena, segituan fuera! Uzten zuen bizikileta. Sariaren dirua ateratzen ez bazen, segituan uzten zion jendeak bizikletari. Ibiltzen ez zenak, ez zuen ezertarako balio... Neu ere gaizki ibili nintzen lehenengo karrera hartan. Hogei aldiz eroriko nintzen, gutxienez! Eta ez zen ziklo-krosa!... Hurrengoa, Legorretan zela uste dut. Karrera batetik bestera hamabost egun edo izango ziren, eta ondo prestatu nintzen. Eta irabazi egin nuen! Han zen Luziano Montero, gaztea, famatua. Eta ni joan, eta irabazi! Anaiari ere aise irabazten nion nik! Vasco-navarro txapelketa egin nuen behin Azpeitian. Irabazi egin nuen, eta badakizu zenbat denbora kendu nion bigarrenari?... Hamabi minutu! Onenak emanda gindoazen denok! Baina ez niri galdetu nola kendu nizkion hamabi minutu bigarrenari! Hori hari galdetu!

Zer eramaten zenuten bidoian?

Ziklo-krosean ezer ez! Karrera motzean ez du ezertarako denborarik ematen. Arrateko Igoeran ere, ezer ez. Ordiziakoa luzea da, eta han bai, jan beharra dago. Orduan, bidoian kafea eta hiru kopa koñak, azukrea eta arrautza gorringoak sartzen genituen. Indar pixka bat emateko behar zena. Horixe eramaten genuen denok denbora haietan. Azukrea izugarri jaten genuen. Egunean, igual berrehun gramo, edo gehiago. Txarra dela esaten dute orain, baina guk, orduan, ardoarekin ere, azukrea! Gero, glukosa azaldu zen, eta azukrea baino fuerteagoa zela, eta handik! Bi koilarakada botatzen genizkion ardoari.

Orain ziklistak ez du alkoholik ibiltzen.

Ez da komeni dena esatea, eta izenik ez dut esango, baina gure denborako ziklista batek, ezagunak, karrera bukatzean, botila ardoa hustuko zuen berak bakarrik!

Jesus Loroño, Dalmazio Langarika, Jose Luis Talamillo... zeure denborakoak dituzu.

Gure ezkontzara etorri zen Langarika! Eta Loroño ere oso laguna nuen. Askotan etortzen zen gure etxera, Loiolan (Donostia) soldadu zegoela. Hantxe Loroño, eta baserrira etortzen zitzaigun bizikletarako pieza bila; tubularrak-eta. Hemengoak txarrak ziren, eta kontrabandoan ekarritakoak ematen genizkion.

Esan duzunez, zu bizikletan hasterako, anaia zaharragoa ziklista ibilia zenuen.

Bai. Anaia gazteagoa ere ibili zen, baina segituan utzi zuen. Eroriko bat izan zuen Eskoriatzan, burua jo zuen lurraren kontra, eta hantxe egon zen bi egunean, bere onera etorri gabe. Egun hartan, Oiartzundik Eskoriatzaraino joan ginen anaia zaharra eta biok haren bila! Orduko kontuak! Han ez zen oraingo autorik eta horrelakorik! Bizikleta hartuta ibiltzen ginen beti. Hartu bizikletako piezak eta Gasteizera, Maltzagatik barrena. Bueltan, bizikletan etxera. Askotan egin genuen hori. Egun osoa behar genuen horretarako.

Dozena erdi urte ibili zinen ziklista. Urte gutxi ematen du.

Bizikletak ez zuen dirurik ematen, eta horregatik ibili nintzen urte gutxi ziklista. Jendeak egin behar zuen, lana, eta gainetik bizikletan ibili. Eta nik egiten nuen bizikletan korritu eta, gainera, estraperloan ibili. Dirua irabazteko, beste norabait ibili behar nuen. Estraperloko gauzak eramanez entrenatzen nintzen ni, ondo, bizikletan. Atera etxetik goizeko bostetan, eta martxa Andoaina, Beasaina, Ordiziara, Tolosa aldera, Azpeitira... leku horiek denak ibiltzen nituen, estraperloko gauzak eramanez pakete txikiak eginda. Gurpil-azalak, bizikleta-dinamoak... Guardiak zaintzen egoten ziren Oiartzunen Ugaldetxon, Bentetan, Astigarragan, Mirakruz gainean Donostian, Arragoan... eta, orduan... egin behar zen arratsean pasatu! Neguko hotzean, barruan gordeta egoten ziren haiek!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.