Zozoen elean (eta V). Jose Luis Zurutuza. Arantzazuko takoaren egilea

«Hogeita hamasei urte egon nintzen takoa egiten, obedientziaz»

Zegamatik harrikada bide Arantzazura, eta haraxe egin zuen Jose Luis Zurutuza Arregik (Zegama, 1935). Frantziskotarra, musika ikasketak egin eta bertako organista izan zen hogeita hamar urtean. Aldi berean, eskolak ere ematen zituen eta, halako batean, egutegia egiteko ardura hartu zuen. Kantuak dioena, «zaharra ez da izandakoa, luzaz dena baizik», halaxe Zurutuza, zozoen elean.

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Arantzazu, Oñati
2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilundu artean,

egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

Izen ponposoa du: «Arantzazuko Andre Mariaren Egutegia». Haatik, «takoa» esaten diote, eta ez da bart arratseko asmakaria...

Aita Garate azkoitiarra egiten hasi zen egutegi hori, 1947an! Bateko eta besteko fraide ikasleei zerbait idazteko eskatzen zien. Erriberriko gure eskolan ari zirenei, esate baterako. Haiei testuak eskatu, eta bere moduko testuak bidaltzen zizkioten; ahal zutena. Arantzazun bertan, berriz, baziren Teologia ikasten ari zirenak, fundamentu handiagoa zutenak, eta haiekin hasi zen. Nik aita Garateren bidea eta haren ondorengoena segitu nuen.

Arantzazuko organista zinen garaian hasi zinen egutegia ere egiten.

1977an sartu nintzen takoa egiten. Ordurako, Arantzazuko organista nintzen, eskolak ere ematen nituen, eta, gainera, takoa egiten hasi nintzen. 2017koa izan zen nire azken tako ofiziala, baina esan zenezake 2018koa ere gehiena neuk egin nuela. Aita Garate hark bezala egiten nuen nik, batzuei eta besteei testuak eskatu. Kolaborazioak ziren, alegia. Bat bazegoen oso ona testuak bidaltzen. Ezeiza, Beizamakoa. Orri mordoa idazten zizkidan, 70 orri ere bai!, baina taxu onez beteak! Bai gaiak eta bai hizkuntza, bikain lantzen zituen. Gustu ematen zuen haren lanak jasotzea. Gizajoa, gazterik hil zen! Baziren beste batzuk Ezeiza hura bezain finak ez zirenak. Batzuek zazpi orri bidaltzen zituzten, edo bederatzi, gauza handia balitz bezala, eta ez zen gutxi, baina asko falta izaten zen 365 egun osatzeko, eta falta zen gainerakoa neuk bete behar izaten nuen, orritxoaren atzeko aldea, eta aurrekoa! Eta ematen du aurreko aldea dela errazena, baina huraxe da konplikatuena! Hilabeteak ematen nituen egun bakoitzari zegokion orritxoaren aurreko aldea egiten: eguzkia ateratzea eta ezkutatzea, ilargiaren zikloak... Horixe kostatzen zitzaidan dena... Esaerak ere jarri behar izaten ziren, eta handik eta hemendik biltzen nituen, ahal zirenak eta ez zirenak, eta asmatutakoak ere ez nituen gutxi jarri! Kar, kar... Esaera zaharrak-eta! Orritxoak egin, ordenatu... Ordenatzea ordenagailuari aginduta egiten nuen. Hainbestean asmatzen zuen bakoitza bere lekuan jartzen!

Nondik ateratzen zenuen eguzkia ateratzeko eta ezkutatzeko informazioa?

Espainiako Sustapen Ministeriora jotzen nuen informazio bila. Haraxe idazten nuen, ondoko urteko eguzkiaren sarrera-irteerak noiz izango ziren jakiteko. Informazio hori jaso eta hasten nintzen lanean, banaka-banaka, egutegi zaharra alde batean, berria beste batean nuela. Hilabetez hilabete, egunez egun. Huraxe izaten zen lanik handienetakoa: batean, hautatu; ondoren, kopiatu; bestean, itsatsi... Banaka-banaka! Hura lana! 365 egun! Eskatu nuen laguntza hemen bertako fraideen komunitatean, baina nork bere eginkizunak zituela esaten zidaten. Gero, makaltzen hasi nintzen, eta ezin nuen eginkizun hartan segi, eta guardiana-ri [zaindaria] esan nion, eta hark bikarioari, baina ezer ez.

Arantzazun bertan, komentuan esan nahi dut, ez al zenuen laguntzailerik?

Esate baterako, [Luis] Villasante ez zen inoiz izan egutegiaren maitale. Eta Euskal Telebista ikusteko ere ez! Hark Bizkaiko egunkari nagusia behar izaten zuen. Hori ibiltzen zuen, eta, han, gehiena, Don Celes! Eta, esaterako, bazen anaia bat, tira komiko hura erakutsi eta Villasanteri galdetzen ziona: «Nola interpretatzen duzu hau?», eta Villasantek interpretazioa adierazten zion, eta orduan besteak: «Ez, ez, ez!». Eta batak baietz eta besteak ezetz, biak gogor, eta gu gainerako guztiok barrez! Villasantek hainbeste idatzi zuenez, pentsatu nuen hari egutegirako zerbait eskatzea, eta behin edo behin eskatu ere egin nion, baina inoiz ez zidan baiezkorik esan. Behin, telefonoz deitu nion bere gelara: «Zera bat proposatu behar dizut». «Zer proposatu behar didazu, bada?», berak. «Egutegirako testuren bat edo beste idaztea...». Eta tak!, eskegi zuen telefonoa! Hortxe moztu zen gure konbertsazio hura! Gure artean baziren beste batzuk ere idazten zutenak. Dionisio Arrutik, esate baterako, zerbait idatzi zuen egutegirako... Bitoriano Gandiagak, diozu? Hark bere poemak ibiltzen zituen, goiko gauzak... Aita Lasak, berriz, egutegiari laguntzeko borondatea izan zuen beti. Hala ere, gehiena, lan handiena, niretzat uzten zuten denek, eta niretzat gelditzen zen.

1996an Gipuzkoako diputazioaren saria jaso zuen egutegiak.

Saria ere jaso genuen, bai. Abadia saria, milioi batekoa! Iñaki Beristain gidari nuela joan ginen Gipuzkoako diputaziora. Ez dakit inoiz joan zinen autoan Iñaki Beristainekin. Karrerista ematen zuen! Diii eta diiii... abantadan. Donostiara dena zorabiatuta ailegatu nintzen, ondoezak. Hala ere, hainbestean jarri nintzen eta joan nintzen, besteekin batera, diputaziora. Sartu eta argazki handi-handi bat jarrita zeukaten han, Facebook-en ageri dena. Ez dakit zuk Facebook ibiltzen duzun, baina huraxe. Saria eman ziguten, behintzat. Zaindaria genuen garai hartan Telesforo Zuriarrain, eta besteak beste, esan zuen: «...baina hemen dugu Zurutuza, takoaren arduraduna, lan asko egin duena, eta espero dugu hemendik atzera ere gogor segituko duela egutegia egiten». Eta nik baietz, jakina, segituko nuela beste urte askoan. Zer esan behar nuen, bada? Gero, hantxe etorri zitzaidan jendea zorionak ematera. Akordatzen naiz besteak beste [Jose Luis] Korta etorri zitzaidala, Orioko arraunlaria. «Eskerrik asko zure lanagatik, ez ezazu behin ere utzi, ez utzi!», esan zidan Kortak. Ondoren, mokadua eman zuten baina ni ez nintzen gelditu, ze artean erdizorabiatuta nengoen, Iñaki Beristainekin autoan Arantzazutik Donostiara joan eta gero.

Zer dela-eta ekin zion Aita Garate hark, eta Arantzazuko frantziskotar komunitateak, Ama Birjinaren egutegia ateratzeari?

Gerrakoan, Arantzazu bakearen argia bezala izan zen. Asko sufritu zuen hemen jendeak. Gure aita bera, hiru urte egon zen kartzelan. Epaitu zuten, eta 30 urteko kartzela zigorra agindu zioten, «gerran modu aktiboan parte hartzeagatik eta ezkerreko ideiak izateagatik». Gerrak gogor makilatu zuen jendea, kartzela, atxilotzeak. Bake giroa sortzeko, berriz, Arantzazuko Ama Birjinaren Egutegia egitea pentsatu zuten hemengo fraideek. Sufritzen ari zen jendea laguntzea zen asmoa, bakea ematea. Izan ere, gerra ez zen bakarrik gerrako garaia izan, gerra garaia eta ondokoa baizik! Bakea zabaldu nahi zuen egutegiak, eta, horrekin batera, euskara bultzatu. Badakigu Francok euskarari zenbat «lagundu» zion! Francostain zen hura...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.