Zientzia

Aldaketa globalak batu ditu

Ingurumen gaietako adituak elkarlanean aritzeko, Nafarroako Unibertsitateak Bioaniztasunaren eta Ingurumenaren Institutua sortu du. Ingurumen arazoei «modu osoan» erantzutea dute helburu: ingurumen hezkuntza, ikerketa eta enpresei zerbitzu ematea. Hogei programa dituzte martxan.

Nafarroako unibertsitate pribatuko zientzia fakultatean aritzen dira institutuko kideak. NAFARROAKO UNIBERTSITATEA.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Edo denek batera egiten dugu lan planeta iraunkorragoa izan dadin, edo pikutara goaz». Jesus Miguel Santamaria argi mintzo da. Nafarroako Unibertsitateko Bioaniztasunaren eta Ingurumenaren Institutuko zuzendari zientifikoa da, eta uste du ezin dela denborarik galdu neurriak hartzeko. Hori dela eta sortu dute institutua, ingurumena ikertzen duten hainbat alorretako zientzialariak bildu eta gaur egungo arazoei erantzun osatu eta bateratua emateko.

Nor bere alorrean baino hobe denak elkarrekin. Koordinazio hori «askoz hobea» dela sinetsita dago Santamaria. «Ingurumena, tradizioz, banaturik ikertu da, alde batetik atmosfera, bestetik lurra, ura... Baina ez du zentzurik, dena loturik baitago etengabe». Oraingoz, zientzia fakultatekoak, kazetaritzakoak eta arkitekturakoak daude, baina laster batuko dira ingeniariak, ekonomikakoak, zuzenbidekoak...

Institutuak hiru helburu nagusi ditu: ingurumen hezkuntza, ikerketa eta enpresei aholku ematea. Jendeak gero eta kontzientzia handiagoa badu ere, oraindik jarrera eta joera asko aldatu behar direla nabarmendu du Santamariak. Horretarako, beharrezkotzat jo du gizarteak ingurumenari buruzko ezagutzak izatea. Dibulgazioa eta komunikazioa ezinbestekoak izanen dituzte horretarako.

Kezkaturik agertu da, komunikabideetan askotan ez baita behar bezala informatzen. «Zientzialarien %99k onartzen dute giza jarduerengatik klima aldaketa existitzen dela, baina hedabideetan ez da ehuneko hori islatzen: agertzen diren erdia negazionistak dira». Horregatik, zientziak mezu argiak eman behar dituela dio. Hala ere, argi printzarik ikusten du, belaunaldi berriek ingurumenari buruzko beste pertzepzio bat dutelakoan. Haiengan jarri du esperantza.

Ekonomian aldaketa handia egiteko deia ere egin du institutuko zuzendariak: «Mundu honetan alderdi guzietan nabarmentzen da ekonomia. Hori aldatu beharra dago». Gainera, salatu du politikariak epe motzeko ikuspegiarekin aritzen direla, baina, planetaren egoera ikusirik, epe luzera begiratzea beste aukerarik ez dagoela.

Institutua oraindik sendotzen ari da, denbora gutxi baitarama martxan, baina hogei proiektutan ari da lanean: batzuk bertan, beste batzuk atzerrian. Ikerlari guziak bilduko dituen proiekturen bat martxan jarri nahi dute, eta LifeWatch azpiegitura elektroniko europarrarekin lan eginen dute. LifeWatchek teknologia berriak erabiltzen ditu, eta modu horretan eredu aurreratuagoak egiten ahalko dituzte denbora askoz ere laburragoan. «Teknologia horiek erabiltzen hasi nahi dugu datuei ahalik eta etekin handiena ateratzeko».

Gizakien jarduerek ekosistemetan duten eragina aztertzea da institutuaren egiteko nagusietako bat, eta, horren barnean, aldaketa globala eta bioaniztasunaren galera, «premiazko» gaiak baitira Santamariarentzat: «Planetaren funtzionamendu patroiak aldatzen ari diren giza jarduera guziei dagokie aldaketa globala. Horrek eragiten die urei, atmosferari, espezieei... eta ez da soilik klima aldaketa; harago doa».

Bioaniztasunaren galerari berehala heldu behar zaiola dio Santamariak, espezieen galerak atzera-bueltarik gabeko egoera batera eraman dezakeelako gizartea. «Ekosistema zerbitzuez mintzo gara, funtzio asko eskaintzen dizkigutelako espezieek. Bada, horiek galdu ditzakegu». Gai horiek dira haien proiektuen ardatz.

LIQUEN CITY II

Madrilen eta Bartzelonan egin ondoren, Iruñean hasi dira Liquen City II proiektuarekin. Likenak zuhaitzen azaletan sortzen dira, eta airearen kalitatearen adierazle oso egokiak dira. Kutsadura handiagoa den tokietan liken espezie gutxiago egoten dira, edo soilik kutsadura hobeki jasaten dutenak.

Proiektu honetan hiritarren laguntza beharrezkoa da. Sakelako aplikazio baten bidez, zuhaitzen azalei argazkiak atera behar dizkiete. Informazio hori ordenagailuetara joanen da gero, azterketa egin ahal izateko. DBH eta Batxilergoko ikasleak ari dira lan horretan. Santamariak ongi iritzi dio jendea inplikatzeari: «Kontzientzia hartu eta beren hiriaren bizi kalitatea ona den jakiteko moduak ikasten dituzte».

PIRINIOAK

REPLIM klima aldaketaren mendeko ekosistemen sarea proiektuaren barruan, Pirinioak dituzte aztergai. Eskualde horiek klima aldaketaren menpe daude erabat, eta zohikaztegiak eta aintzirak adierazle gisa erabil daitezke. Zohikaztegiak putzuz beterik daude eta atmosferako CO2-a gordetzen dute. «Klima aldaketaren ondorioz aintzirak desager litezke, eta inguruko bioaniztasunari eraginen lioke horrek. Zohikaztegiei dagokienez, karbonoa isurtzen has litezke», azaldu du institutuko zuzendariak.

Ur eskasiak jarduera biologikoa handitu dezake, eta horregatik has liteke CO2-a isurtzen. «Hori gertatuko balitz, hondamendi ekologiko bat litzateke, airean dagoen CO2-aren %30 gordetzen baitute». Euskal Herrian zohikaztegi gutxi daude, baina asko dira Europako iparraldean, Andeetan eta tundran. Santamariak ohartarazi du planetari eragiten ahal dioten bat-bateko aldaketak gerta daitezkeela; beraz, jarraipena egitea ezinbestekoa da.

BERTIZKO JAURERRIA

Kutsatzaileak milaka kilometro egin eta isuri diren tokitik oso urrutira gera daitezkeela jakinik, jendea bizi den tokietatik aldendurik diren ekosistemak ikertzen dituen Europako sare bat dago. Euskal Herrian soilik gune bat aztertzen dute: Bertiz Jaurerriko pagadi bat (Nafarroa). Balio ekologiko handiko ekosistema horretan ikerketa intentsiboa dute martxan: «Ekosistema aztertzen da lehenik. Gero, sartu eta ateratzen dena aztertzen da, jakiteko mugaz gaindiko kutsadurarik ba ote den», azaldu du Santamariak.

Horrez gain, lortutako datuekin ereduak egin daitezke hemendik 20-50 urtera gisa horretako ekosistemekin zer gertatuko den jakiteko. Legeak sortzeko ere balio du ikerketak: emaitzak herrialdeetako ministerioetara bidaltzen baitira. Gero, Bruselara doaz, eta legeak aldatzeko aintzat hartzen dira. «Adibidez, fabriken isurketei mugak jartzeko edo gasolinatik beruna kentzeko».

ANDEAK

Europatik kanpo ere ari dira elkarlanean Bioaniztasunaren eta Ingurumenaren Institutukoak; Andeetan, adibidez. Alde batetik, Amazonian presa asko egiten ari dira, energia lortzeko, eta institutuak haien eragina aztertzeko laguntza eskaintzen die. «Amazonian giza esku hartzea desastre bat izaten ari da, interes ekonomikoengatik. Gainera, atzerriko konpainiek atera nahi diote inguruari ahalik eta etekinik handiena, ez inguruko biztanleek», azaldu du Santamariak.

Beste proiektu bat zohikaztegien azterketa da. Hori Ekuador inguruan egiten ari dira. «Orain arte glaziarretako ura erabili dute hango biztanleek, baina atzera egiten ari dira argi; beraz, orain zohikaztegiak ustiatu nahi dituzte». Santamariak argi dio babestu behar direla, eta zohikaztegi horiek aztertu ditzaten elkarlanean ari dira haiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.