Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Txertoen garrantzia agerian

2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
VII. mendean, Indiako monje budistek suge-pozoia edaten zuten immunizatzeko, hau da, euren burua sugeen hozkadetatik babesteko. Txinatarrek ere, baztangatik edo nafarreriatik babesteko, gaixoen zornea sartzen zieten pertsona osasuntsuei. Praktika horren eraginkortasuna oinarritzat hartuta, Edward Jenner mediku ingelesak baztangaren aurkako lehen txertoa garatu zuen, 1796an. 180 urte behar izan ziren milioika heriotza eragin zituen gaitz ikaragarri hura erabat ezabatzeko.

XX. mendean, txerto ugari garatu ziren hainbat gaixotasuni aurre egiteko. Horietako asko era sistemikoan eman izan zaizkie haurrei, eta egun ere ematen zaizkie. Horri esker, lehen oso ohikoak ziren gaitz batzuk ia desagertu dira: baztanga, errubeola etapoliomielitisa, kasurako. Baina kontuz, eritasun bat guztiz desagertu arte arriskuak hor dirau eta! Izan ere, arrazoiak arrazoi inmunizazio-tasek behera egin izan dutenean, desagertutzat jotako gaitzetako asko berragertu egin dira. Elgorriaren kasua izan da guztien artean mediatikoena.

Gehienontzat ezaguna den txerto hirukoitz birikoak hiru gaixotasun biriko prebenitzen ditu: elgorria, errubeola eta hazizurria edo paperak. 1998an, Andrew Wakefield izeneko medikuak txerto hirukoitz birikoa eta autismoa erlazionatzen zituen artikulu bat argitaratu zuen The Lancet aldizkari entzutetsuan. Urte batzuk geroago, lan hura baztertu egin zuten, besteak beste datuak faltsuak zirela egiaztatu zutelako.

Baina, tamalez, lan haren mezu faltsua jendartean hedatu zen. Adibide bat ematearren, Erresuma Batuan txertaketek erruz egin zuten behera. 1997an populazioaren %92 txertatuta egotetik, 2002an %83 egotera pasatu zen. Ondorioz, elgorri kasuek gora egin zuten, eta hainbat haur hil ziren elgorriak jota. Izan ere, elgorri-agerraldiak saihesteko, immunitate kolektiboak %92tik gorakoa izan behar du.

Munduko Osasun Erakundearen arabera, elgorriaren aurkako txertoari esker, 2000. eta 2017 urteen artean 21,1 milioi heriotza saihestu ziren mundu osoan. Txertoa hain da eraginkorra, ezen elgorria desagertzeko zorian egon baitzen. Baina, berriki,elgorri kasuek gora egin dute. Europan, esaterako, 2016an 3.700 kasu eta 34 heriotza zenbatu ziren. Bi urte geroago, 82.596 kasu eta 72 heriotza. Datuen joera negatibo horri nagusiki bi arrazoi egotzi zaizkio: batetik, txertatze sistemen erlaxamendua; eta, bestetik, txertoen aurkako mugimenduko jarraitzaileen jokabidea.

Elgorria ez ezik, beste gaixotasun asko ere txertoei esker ia desagertuta zeuden. Baina txertoak alde batera utzi bezain laster, berragertu egin dira gurean.

Osasun publikoan txertoek duten funtzio garrantzitsuaz ohartzeko, historian gertatutakoari erreparatu behar diogu. Eta, nola ez, gaur egun bizitzen ari garen osasun krisiari.

COVID-19aren aurkako txertoa izango bagenu, eta guztiok edo behintzat populazioaren gehiengoa immunizatuta balego, bestelakoa izango litzateke gaur egungo egoera. Oso bestelakoa. Baina, oraingoz, zain egon beharko dugu. Eta orain imajina ezazue zelakoa izango litzatekeen txertorik gabeko mundua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.