Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Kakalardo suntsiezina

2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Kakalardoak Koleoptera ordeneko intsektuak dira. Gaur gaurkoz, 375.000 espezie inguru ezagutzen dira, eta itxura aldetik oso ezberdinak badira ere, badituzte hainbat ezaugarri komunean.

Kakalardoek bi hego bikote dituzte; bata aurrean eta bestea atzean. Aurreko hegoak, elitro izenez ezagutzen direnak, animaliaren gainazalean daude. Atzeko hegoak, berriz, aurreko hegoen azpian gordetzen dira. Elitroak oso egitura zurrunak dira, eta horrenbestez, ez dute hegan egiteko balio. Baina, oro har, kakalardo hegalariek elitroak altxatu behar izaten dituzte azpiko hegoak aske utzi eta hegan egiteko.

Ezagutzen diren kakalardo gehienak hegalariak dira. Hala ere, eboluzioaren poderioz guztiz lurtar bilakatu direnak ere badaude, harrapakariengandik ihes egiteko hegan egitea ez den bestelako estrategiak garatu behar izan dituztenak. Horietako bat Phloeodes diabolicus espeziea da, deabruzko kakalardo korazatu gisa ezagutzen dena. Izenak berak aditzera ematen duen bezala, kakalardo korazatuaren ezaugarri nagusia bere sendotasuna eta indarra dira. Izan ere, naturako animalia erresistenteenetako bat da.

Duela aste gutxi Nature aldizkari entzutetsuan argitaratutakoaren arabera, arroz ale bat baino askoz handiagoa ez den kakalardoak 150 newtoneko presioa jasateko ahalmena dauka, bere pisua 39.000 aldiz. Hori horrela, egindako esperimentuetako batean erakutsi dute auto bat gainetik pasatzea ez dela nahikoa kakalardo korazatu bat akabatzeko.

Kakalardoaren exoeskeletoak, hau da, kanpoko armadurak animaliari eskaintzen dion aparteko gogortasunaz jabetuta, ikerlariek sakonean aztertu dute. Kakalardo korazatuaren exoeskeletoaren osaera edozein artropodoren parekoa da: kitina izeneko azukre bat eta proteinak. Gakoa aurreko hegoen edo elitroen antolamenduan dago. Zientzialariek jakin berri dutenez, kakalardo korazatuek elitroak elkarri lotuta dituzte, zerra itxurako puzzle piezak balira bezala. Horrek babes bikoitza ematen dio kakalardoari. Batetik, suturak berak deformazioak ekiditen ditu mugimenduak saihestuz; bestetik, sutura apurtzen bada, delaminazioa deritzon prozesu bat gertatzen da, eta horrek exoeskeletoaren deformazio motela eragiten du, ez apurketa katastrofikoa.

Behin kakalardo korazatuaren sekretua ezagututa, ezagutza hori gure mesedetan aplikatzea da hurrengo erronka. Besteak beste, eraikuntzan, ingeniaritzan eta, bereziki, aeronautikan. Beste behin ere, argi dago oraindik ere naturatik asko daukagula ikasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.