Departamendu eta eskualde bozak. Iparraldeko emaitzak

Departamenduko bozetan nehoizko abstentziorik handiena izan da: %62,5ekoa

Lehen indarra da oraindik ere Departamenduko Forces 64 eskuina. EH Bai koalizioa bigarren itzulian izanen da Iparraldeko zazpi kantonamendutan

Departamenduko bozetan nehoizko abstentziorik handiena izan da: %62,5ekoa.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Sekula baino abstentzio handiagoa izan da departamenduko bozetarako lehen itzulian. Ipar Euskal Herriko erroldatuen %62,55ek ez dute bozkatu; bestela esanda, %37,45ek baino ez dute boza eman. 2015ean baino 25.000 bozkatzaile gutxiago izan dira. Abstentzioaren eraginez, Iparraldeko kantonamendu guzietako bigarren itzulietan bi hautagai baizik ez dira izanen. Izan ere, bigarren itzulira pasatzeko erroldatuen bozen %12,5 lortu behar dira, eta, hori kausitu ezean, lehen itzuliko lehen bi hautagaiak bakarrik sailka daitezke.

Iparraldeko hamar kantonamenduetan hala gertatu da; eta, gainerako bietan, departamenduko eskuinak bozen erdiak lortu baditu ere, bigarren itzulia beharrezkoa izanen da, ez baitu erroldatuen laurdena ordezkatzen emaitzak.

Oro har, departamenduko eskuina —orain arte gehiengoan egon da— izan da lehen indarra, eta EH Bai bigarrena. Koalizio ezkertiar eta abertzalea bigarren itzulira aurkezten ahalko da hamabi kantonamenduetatik zazpitan.

Eskuina gora, EH Bai ere bai

Angeluko (Lapurdi) kantonamenduan departamenduko kontseiluko gehiengoa osatzen duen eskuinak erdietsi du lehen postua, bozen %42,5 lorturik. Bigarren heldu da departamenduko ezkerra, bozen %25,1ekin, eta hirugarren, Batasun Nazionala (%15,7). Laugarren sailkatu da EH Bai (%11,9), nahiz eta 2015ean baino 100 boz gehiago izan. Bigarren itzulirako sailkatu dira Forces 64 eta Frantziako ezkerra (Berdeak, Generation.s eta Gauche 64).

Baigura Mondarraingo kantonamenduan ere Forces 64 gailendu da, bozen %53,2rekin. Berez, bozen erdiak baino gehiago lortzean ez da bigarren itzulirik egiten, baina, abstentzioarengatik, bigarren itzulia beharrezkoa izanen da. Hala, EH Baiko hautagaiak izanen dituzte parean: bozen %36 lortu dituzte, 2015ean baino 849 boz gehiago. Zehaztekoa da iragan hauteskundeetan baino hautagai gutxiago aurkeztu dela kantonamendu horretara. Batasun Nazionalak bozen %10,83 lortu ditu, azken postuan.

Baiona 1 kantonamenduan ere Forces 64 heldu da lehen postura (%51,4), baina bigarren itzulia egin beharko da hor ere, abstentzioa dela eta. Bigarren postura heldu da departamenduko ezkerra (%21,7), hirugarrenera Batasun Nazionala (%13), laugarrenera EH Bai (%9,7), eta, azkenera, Frantziako Alderdi Komunista (%4,2). Bigarren itzulira aurkeztuko dira lehen bi indarrak.

Baiona 2 kantonamenduan ere, eskuina eta zentro eskuina ordezkatzen dituen bikoteak erdietsi du lehen postua (%27,8). Ondotik, bozen %22,5ekin, Gauche 64 sailkatu da bigarren itzulirako. Berdeak eta Generation.s alderdien hautagaiek hirugarren lekua lortu dute, bozen %16,6rekin. Batasun Nazionalak laugarren lekua erdietsi du (%16); EH Baik, bosgarrena (%8,6); eta Frantzia Intsumisoak, azkena (%8,5).

Baiona 3 kantonamenduan ere, departamenduko eskuinak lortu du lehen lekua (%31,2). Bigarren postura heldu da departamenduko ezkerra (%26,4), eta hirugarrenera Berdeak eta Generation.s alderdien bikotea (%16). EH Baik laugarren postua erdietsi du, bozen %14,8rekin; horrenbestez, ezkertiar eta abertzale koalizioak ez du lortu bigarren itzulirako sailkatzea.

Bidaxune aldea, Amikuze, Oztibarre kantonamenduan da abstentzio gutxien gertatu (%52,4). Orain arteko departamenduko kontseiluko lehendakari Jean Jacques Lasserre aurkeztu da, Forces 64ren izenean, eta bozen %52,5 kausitu ditu. Dena den, abstentzio zifra handiarengatik, bigarren itzulia beharrezkoa izanen da. Hala, parean izanen du EH Bai (%24,5).

Donibane Lohizuneko kantonamenduan, orain arteko departamenduko gehiengoa gailendu da: hautesleen %48,7k egin dute haren alde. Bigarren indarra da EH Bai, bozen %39 lorturik: azpimarratu behar da 2015ean 1.626 boz lortu zituela koalizioak; aurten, 3.279: bikoitza baino gehiago. Halere, 2015ean zortzi hautagai aurkeztu ziren kantonamendu horretara; oraingoan, hiru. Batasun Nazionala agertu da azken lekuan (%12,3). Departamenduko eskuinaren eta EH Bairen artekoa izanen da lehia nagusia bigarren itzulian.

Errobi-Aturriko emaitzak deigarriak izan ziren 2015ean: Alain Iriartek (EH Bai) eta Fabienne Ayensak (etiketarik gabe) osatutako bikotea gailendu zen lehen itzulian, eta, bigarren itzulira pasatu ziren, Batasun Nazionala izanik parean. Hala eta guztiz ere, kantonamendua irabazi zuen ezkertiar eta abertzale koalizioak, bigarren itzulian.

Aurten, berriz, departamenduko eskuinak lortu du lehen postua (%40), eta EH Baik bigarrena (%27,1). Etiketarik gabe aurkeztu den bikoteak bozen %18,8 kausitu ditu, eta Batasun Nazionalak, %14,1. Hor ere, EH Bai izanen da departamenduko eskuinaren parean, datorren iganderako bigarren itzulian.

Hendaian, ezustekoa

Hendaiako kantonamenduak Urruña eta Biriatu (Lapurdi) ere biltzen ditu, eta deigarria izan da emaitza: azken urteetan Frantziako Alderdi Sozialista izan da indar nagusia, baina departamendu bozen lehen itzulian EH Bai gailendu da, bozen %29,3 erdietsirik. Departamenduko ezkerrak —Alderdi Sozialista barnebiltzen duenak— bigarren lekua lortu du: %26,5. Boz kopuruari erreparatuz gero, EH Baik 677 boz gehiago lortu ditu 2015etik, eta departamenduko ezkerrak, 708 boz gutxiago. Bi horiek izanen dira bigarren itzulian, beraz. Gainerako bikoteek emaitza hauek lortu dituzte: zentro eskuinak—departamenduaren gehiengoaren babesarekin—, bozen %22,5; Batasun Nazionalak, %13,6; eta Frantziako Alderdi Komunistak, %8.

Bigarren itzulian ikusi beharko da zentro eskuinaren bozak nora bideratuko diren, eta EH Baik eta Gauche 64k abstentzionisten artean eragiten lortzen duten, lehen lekua lortzeko.

Mendialdean —Zuberoa, Garazi eta Baigorri hartzen ditu kantonamenduak—, departamenduko eskuinak erdietsi du lehen lekua, bozen %51,8 lorturik. Halere, bigarren itzulia beharrezkoa izanen da erroldatuen %25 baino gutxiagok eman baitiote boza, orotara. Beste hainbat kantonamendutan bezala, EH Bai izan da bigarren lekuan (%36,2); 2015ean baino 764 boz gehiago lortu ditu koalizioak. Hirugarren lekuan agertu da Frantziako Alderdi Komunista (%11,9). Dena den, zehaztekoa da duela sei urteko bozetan zazpi hautagai aurkeztu zirela kantonamendura, aurten hiru izan direlarik.

Abstentzio handia izan da Miarritzeko kantonamenduan: hautesleen %69,11 ez dira bozkatzera joan. Dena den, departamenduko eskuinak lortu du lehen lekua (%32,1), eta bigarren itzulirako sailkatu da Berdeak-Generation.s bikotearekin batera (%18,8). Batasun Nazionalak kausitu du hirugarren lekua (%13,6), Frantziako eskuineko Dussaussois Larralde-Martineau bikoteak laugarrena (%12,5), EAJren sostengua zuen bikoteak bosgarrena (%10,7), EH Baik seigarrena (%10,4), eta zentro eskuineko Petit-Thoa bikoteak azkena (%2). Eskuina zatiturik agertu da lehen itzulirako, eta ikustekoa da bigarrenerako eskuineko beste tendentzien babesa lortuko duen departamenduko eskuinak.

Uztaritze, Errobiko Ibarrak eta Urdazuri kantonamenduan ere, departamendu kontseiluko gehiengoa gailendu da, bozen %42,1ekin. Bigarren indarra da EH Bai (%29), eta 2015ean baino 479 boz gehiago lortu ditu.

Bigarren itzulira pasatuko dira bi bikote horiek. Hirugarrenik Berdeak-Generation.s bikotea heldu da (%15,9), eta, azkenik, Batasun Nazionala (%12,9). Bigarren itzulirako ikusi beharko da Berdeak-Generation.s eta Batasun Nazionalak zein boto kontsigna ematen duten.

Eskualdeko bozak

Hautesleen %65ek ez dute bozketan parte hartu. Zortzi zerrenda aurkeztu ziren. Akitania Berrian, Alderdi Sozialistako Alain Rousset hautagaiak irabazi du lehen itzulia, hautesleen %28,65en babesa eskuratuta. Bigarren izan da Batasun Nazionaleko Edwige Diaz hautagaia, bozen %18,2rekin. Bigarren itzulian izanen dira biak.

Genevieve Darrieussecq Martxan-Modem koalizioko ordezkariak bozen %13,59 eskuratu ditu, eta Nicolas Florian Errepublikanoetakoak, %12,51. Nicolas Thierry EELVren hautagaia gelditu da bosgarren, bozen %12,01 jasota. Horiek ere aukerak dituzte bigarren itzulian izateko, baina itzuli horretara aurkezteko negoziazioen mende. Eddie Puyjalonek bozen %7,3 jaso ditu Akitania Berrian, eta Frantzia Intsumisoko Clemence Guettek, %5,67. LOko Guillaume Perchetek bozen %1,74 baizik ez ditu lortu.

Iparraldeko bozak kontuan hartuz gero, ordea, honako sailkapen hau erdietsi dute hautagaiek:Rousset gailendu da, eta haren atzetik datoz: Nicolas Thierru berdea, Eddie Puyjalon —Jean Lassalleren zerrendako hautagaia—, Genevieve Darrieussecq (Errepublika Martxan), eta Edwige Diaz (Batasun Nazionala).

EH Baik bigarren itzulirako boz kontsignak gutxi-asko argitu baditu ere, ikusteko dago gainerako alderdiek zeinen aldeko boza eskatzen duten. Bigarren itzuliaren ostean argituko da zein alderdi nagusitzen diren, igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.