Datuak ezkutatzea eta dokumentuak faltsutzea du ardatz EAren auziak

Atzo hasi zen EAko primarioen auziaren epaiketa. «Legearen barruan» aritu direla dio ildo ofizialak, eta afiliatuen zerrenda ez eguneratzea eta datuen sarbidea ezkutatzea salatu dute kritikoek

Maiorga Ramirez EAko Nafarroako presidentea, atzo, auzitegian. J.FONTANEDA / FOKU.
Maider Galardi
Gasteiz
2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
«Saiatu gara alderdi barruan konpontzen, baina tristeziaz diogu ez dugula lortu», hitz horiek esanda sartu da Maiorga Ramirez Nafarroako EAko presidente eta alderdiko sektore kritikoko kidea Gasteizko Justizia Jauregira. «Nahiago genuke albiste izan krisiari irtenbidea eman diogulako», esan du Iker Ruiz de Egino EAko Nazio Batzorde Eragileko bozeramaile eta ildo ofizialeko kideak epaitegi kanpoan: «Azken unera arte, auzia etxe barruan bideratzen ahalegindu gara». Heldu da, azkenean, EAko primarioetako ustezko irregulartasunei buruzko afera auzitegietara. Urtebeteko ika-miken ostean, alderdiko bi ildoak aurrez aurre jarri ziren atzo, Gasteizko lehen auzialdiko epaitegian. Lehen saioa izan zen atzokoa, baina datorrenastearte eta asteazkenean ere izango du segida. Eta, itxura guztien arabera, atzoko eskema segituko dute datorren saioek ere: kritikoek frogatu nahi dute ez direla alderdiko estatutuak bete primarioen prozesua abiatzeko orduan, eta datu basea zuzendaritzaren esku gelditu dela «alderdia kontrolatzeko». Ildo ofizialekoek, ordea, esan dute «legearen barruan» jokatu dutela, eta baieztapen horri helduko diote auzi saioetan. Afera argitzeko launa lekukok emango dute beren testigantza egunotan.

Alderdikideak izateaz gain, aspalditik elkarren ezagunak dira aretotik pasatuko diren kide gehienak, eta tentsio hori nabari da auzitegiko korridoreetan eta epailearen aurrean. Koronabirusaren krisiaren ondorioz, osasun neurri bereziak bete behar dira epaitegian. Gehienez ere, bederatzi lagun egon daitezke gune berean, epailea barne. Hortaz, lehen saioan sartu-irtenean aritu dira alde bateko eta besteko kideak. Bertan izan dira Mikel Goenaga, Iratxe Lopez de Aberasturi eta Maiorga Ramirez auzi jartzaileak, eta baita ildo ofizialeko Joseba Gezuraga eta Iker Ruiz de Egino ere. Saio guztiak iraun bitartean egon da auzi eskatzailearen aulkian eserita Ramirez, eta deklaratzen lehena, berriz, Gezuraga izan da, salatu gisa.

Izatez, sektore kritikoak alderdiko zuzendaritzaren aurka jo du, baina, Pello Urizarrek orain dela urtebete dimisioa eman ostean Gezuraga behin-behinean alderdiko idazkari nagusi izan zenez, eta primarioen prozesua abian jartzeko agindua zuenez, hark erantzun du zuzendaritzaren izenean. Gogor egin du auzi eskatzaileen abokatu Jose Luis Soldevillak galdeketan. Besteak beste, Gezuragak baieztatu du joan den uztailaren 4an hartu zuela jarduneko idazkari nagusi izateko kargua, eta uztailaren 19an egindako ezohiko batzar nazionalean adostu zutela irailaren 16ra arte epea zutela primarioen prozesua abiarazteko. Bi data baieztapen horietatik tiraka, auzi eskatzaileen abokatuak zalantzan jarri du zuzendaritzak EAko estatutuak errespetatu ote zituen.

Estatutuak eta datu basea

Batetik, Gezuragak esan du datuen babeserako legea berritu ostean, Datuen Babeserako Agentziari eskaera egin ziotela gaia aztertzeko, baina Soldevillak azpimarratu du txostena baliogabea dela, Gezuraga idazkari nagusi izan arren Pello Urizarren izena agertzen delako bertan.

Gezuragak irmo heldu dio datuen babeserako legearen kontuari: «Argi utzi nahi dut gauza bat: batzorde exekutiboak ez du inoiz izan sarbidea datuen basera». Ondoren adierazi du datuak lurraldekakoak direla, eta lurraldeko koordinatzaileek dituztela datu horientzako sarbideak. Ez, ordea, beste herrialdeetakoenak.

Aurkakoa frogatzen ahalegindu dira kritikoak. Horretarako, lekukoak deitu dituzte aretora, eta Bruno Zubizarreta EAko Bilboko koordinatzaile eta udaleko zinegotziak esan du berak baduela sarbide hori. Defentsaren abokatuak, ordea, iradoki du Zubizarretak datu horiek erabili zituela Ramirezen hautagaitzaren mesederako.

Gainera, defentsaren abokatuak azpimarratu du ez direla gauza bera afiliatuen eta bozkatzaileen zentsua, eta primarioetako hautagaiek—Eba Blancok, Ramirezek eta Juan Luis Cristobal Zendoiak— beharrezko datuak zituztela prozesuarekin segitzeko: «Guztiek datu berak», zehaztu du Gezuragak.

Aktak faltsutzea

Primarioen prozesuaz harago joan da auzia, ordea, eta kritikoen defentsak dokumentuak eta afiliazio zerrenda faltsutzea leporatu die ildo ofizialekoei. Epaileak esan du hori beste auzibide bat dela, baina abokatuakdu ezohiko batzarrera deitzeko akta desitxuratuta dagoela, eta hildako jendea oraindik afiliatuen zerrendan dagoela. Hari horiek solte gelditu dira lehen egunean, eta ikusteko dago datozenetan zein norabide hartuko duen auziak. Asteartean ekingo diote berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.