Madrilek ez die babes bera eman nahi sektore guztiei ABEEen itunean

Langabezia saria erabili gabe jarraituko dute aldi baterako erregulazioan dauden langileek. Beharginei ez zaie lansaria %50era apalduko dosierrean hasi eta sei hilabetera

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa, artxiboko argazki batean. F. VILLAR / EFE.
xabier martin
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Gertu dago enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak irailaren 30etik aurrera luzatzeko akordioa, Espainiako Lan ministro Yolanda Diazen arabera. Milaka langile eta enpresa daude zain eragile sozialak eta Madrilgo gobernua negoziatzen ari diren itun hori dela eta. Milaka baitira aldi baterako erregulazioei esker diru sarrerak dituztenak azken hilabeteetan, langabeziari izkin eginda. Atzo beste bilera bat egin zuten aldeek, eta ezagunak dira jadanik urritik aurrera indarrean leudeken erregulazioen zenbait ezaugarri; Diaz ministroak berretsi baitu atal horietan badagoela akordioa.

Hasteko, dosierretan dauden langileen lansaria ez da apalduko oinarri erregulatzailearen %70etik behera, erregulazioan hasi eta sei hilabetera. Pandemiaren aurreko aldi baterako erregulazioetan apaldu egiten dira ordainketak 180 egun igaro eta gero: %50era jaisten da oinarria, langabezia sari arruntarekin gertatzen den bezala. Sindikatuen eskaera hori aintzat hartu du gobernuak, eta Diazek agindu du luzatu egingo dela soldata arruntaren %70 jasotzen den epea.

Izan ere, 180 eguneko erreferentzia ez, baina 196koa aipatu du ministroak aurrerantzean hartu beharreko muga bezala. Horrek ondorio batzuk lituzke. Langilea ez litzateke sei hilabeteren ondoren bere langabezia saria baliatzen hasiko; estatuak pagatzen jarraituko luke lansaria. Edonola ere, Lan Ministerioaren helburua da martxotik aldi baterako erregulazioan dauden langileek ez kontsumitzea langabezia saria, sindikatuekin itundutakoa betetzeko.

Epemugarik gabe

Aldeak jorratzen ari diren beste atal bat aldi baterako erregulazioen epemuga da. Ez da epemuga zehatzik egongo, ministroak dioenez; orain arte urtarrilaren 31 finkatu izan dute epemuga gisa, dena den. Kontua da aukera legokeela araudi berezia 2021. urte osoan aplikatzeko, luzapenen bidez, baina betiere sektore batzuetan. Hori da hain zuzen akordioa egiteko zailtasun handiena, gakoa. Patronalak sektore guztietako enpresentzat nahi ditu erregulazio bereziak, pandemiak gehiago edo gutxiago jo dituen kontuan hartu gabe. Espainiako Gobernuak, ordea, sektoreak mugatu nahi ditu, espediente horien faktura handia baita estatuarentzat; beraz, litekeena da aldi baterako dosierren laguntza desberdina izatea sektoreen arabera.

«Badakigu zer sektoretan dauden arazo handienak: turismoa, bidaia agentziak, garraioa, kultura... Baina horien inguruan dauden guztiak babestu behar ditugu, era berean», esan du Diazek. Eta adibide batzuk aipatu ditu: zapata dendak, supermerkatuak, liburu dendak... «Perimetro osoa babestu behar da, arriskua baitago baten bat kanpoan geratzeko». Orain trantsizio bat dagoela erantsi du, eta konplexua dela formula egokienarekin asmatzea.

Baina Diazek ukatu egin du sektoreak mugatuko direla batzuk laguntzetatik kanpo uzteko. Laguntzaren graduazioan egon daiteke giltzarria, hortaz. Espainiako Gobernuko beste ministro batek, Gizarte Segurantzakoak, oso garbi hitz egin du horri buruz: «Denentzako kafea egotea galarazi behar dugu». Jose Luis Escrivak berretsi du behar duten enpresa guztiei laguntzak emateko prest dela gobernua, «baina laguntzak ezin du bera izan denentzat, pandemiak ez baitie denei berdin eragin».

Agerraldietako ABEEak

Horrez gain, agerraldiekin lotutako erregulazio bereziak ere jasoko ditu itunak. «Mekanismo oso malgua lortu behar dugu bat-batean eror daitezkeen enpresa guztiak jasotzeko». Koronabirusak Madrilen duen hedatze handia aldi baterako erregulazio horien egituratzean eragiten ari da.

Bestalde, Diazen arabera, «badago dirua» espedienteak pagatzeko, Madrilek Europatik jasotzekoak dituen funtsak direla eta. Aldi baterako dosierren azken nomina 898 milioi eurokoa izan dela jakinarazi du. Gizarte Segurantzaren azken zenbaketan 740.000 langile daude erregulazioan. Hego Euskal Herrian, 30.000 inguru geratzen dira oraindik, baina 230.000tik gora egon ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.