Auzitegi Gorenaren epaia. Auziaren bilakaera

Hamar egun zigor baterako

Hamar dira Kataluniako buruzagi independentisten epaiketa ulertzeko egun erabakigarriak, Guardia Zibilaren operazio batetik hasi, eta auzipetuek epaiketan azken hitza irakurri zuten arte.

Hamabi auzipetuak Auzitegi Goreneko aretoan. Lau hilabete iraun zuen epaiketak. EMILI NARANJO / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
2017ko irailaren 20a

Bartzelonako 13. Instrukzio Epaitegiko epaileak aginduta, Guardia Zibilak miaketak egin zituen Kataluniako Gobernuaren hainbat kontseilaritzatan, eta hamabost pertsona atxilotu zituen; tartean, Generalitateko goi kargudunak. Horrek mobilizazio masiboak eragin zituen herrialde osoan. Ekonomia Kontseilaritzaren egoitzaren parean egindako elkarretaratzean 40.000 lagun batu ziren. Carles Puigdemont Generalitateko presidente zenak «salbuespen egoera» salatu zuen. Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzaren arabera, Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteak eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak hartu zuten Poliziaren aginteari aurre egiteko elkarretaratze «biolento» horren lidergoa.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente zenari fiskalak leporatzen zion mobilizazio hartan parte hartzea eta hurrengo egunean egindako manifestaziora deitzea.

2017ko urriaren 1a

Espainiako Estatua eskura zituen baliabide guztiak erabiliz ahalegindu zen erreferenduma bertan behera uzten, baina, azkenean, egin zuten galdeketa. Botoa ematera deitutako herritarretatik 2.286.217k hartu zuten parte (%42), eta horietatik %90ek independentziaren alde bozkatu zuten. Poliziak herritarrei oldartu zitzaizkien, zenbait bozkalekutara indarrez sartu ziren, eta 1.066 zauritu eragin zituzten; horietatik bost, larri. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko magistratu Mercedes Armasek erreferenduma «eragozteko» agindu zien poliziei, baina «elkarbizitza normalari eragin gabe».

Kataluniako Parlamentuak aste batzuk lehenago onartu zuen erreferenduma egiteko legea, irailaren 6an. Auzitegi Konstituzionalak, baina, bertan behera utzi zuen legea hurrengo egunean, behin-behinean, eta galdeketa egitea debekatu. Fiskaltzarentzat, estatuaren batasuna «hausteko» helburuarekin, eta nahiz eta jakin «istilu biolentoak» gerta zitezkeela, Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde ohiak eta Joaquim Forn Barne kontseilaria zenak aurrera eraman zuten galdeketa. Egotzi zieten, gainera, mobilizazioak sustatu izana eta Mossos d'Esquadraren operatibo bat hauspotu izana Espainiako Poliziari aurre egin ahal izateko.

2017ko urriaren 16a

Cuixart eta Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea espetxeratzeko agindu zuen Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Bermerik gabeko behin-behineko kartzelatzea ezarri zien —nahiz eta artean ikerketapean zeuden—, 2017ko irailaren 20an Bartzelonan Guardia Zibilaren kontrako «setio bat» sustatzea egotzita eta sedizio delitua leporatuta. Epaileak autoan jaso zuenez, ANCko eta Omniumeko buruak izan ziren Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritzaren eraikinaren pareko protestetako solaskideak. «Gutxienez bost aldiz saiatu ziren segurtasun indarrekin negoziatzen, soilik haien helburu politikoetarako komenigarriak ziren aukerak planteatuz. Inoiz ez zituzten onartu arriskuak gutxitze edo eragozte aldera herri segurtasunean espezialistak direnek planteatutako aukerak». Lamelak nabarmendu zuenez, epailearen aginduak betetzen ari ziren agenteak «beldurrarazi» zituzten.

Hasieran Auzitegi Nazionalaren esku zegoen elkarte zibil independentisten liderren aurkako auzia, baina, hilabete pasa geroago, azaroaren 24an, Auzitegi Gorenak hartu zuen —Lamelak matxinada egotzi zien gerora—. Urriaren 16 hartan Josep Lluis Trapero mossoen maiorrak ere deklaratu zuen Lamelaren aurrean. Sedizio delitua egotzi zion, baina auzipetua izan eta gero matxinadagatik zigortua izateko arriskuan dago. Datorren urtarrilaren 20an da hastekoa haren aurkako epaiketa, Auzitegi Nazionalean.

2017ko urriaren 27a

Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen. Espainiako Senatuak, berriz, 155. artikuluaren ezarpena onartu zuen hiru ordu laurden geroago. Beraz, Kataluniako administrazioa eta Generalitatea Madrilen esku geratu ziren. Mariano Rajoy Espainiako presidente zenak adierazi zuen Kataluniako presidentea eta kontseilariak kargugabetuta zeudela, eta hauteskundeetara ere deitu zuen.

Pablo Llarena auziaren instrukzio epaileak bere autoetan jaso zuenez, prozesu subiranistaren aurkako ikerketa 2012an hasi zen, Generalitateak Trantsizio Nazionalerako akordioa sinatu zuenean, eta independentismoak 2017ko urriaren 27an gauzatu zuen prozesua, independentzia aldarrikatuta. Bizpahiru egun geroago, Jose Manuel Maza fiskalburu zenak planteatu zuen «estatu kolpe bat» izan zela prozesua, Espainiako Konstituzioa «indargabetzea» eta Kataluniaren independentzia aldarrikatzea zutela helburu Junquerasek eta enparauek, eta matxinada egozteko ez dela beharrezkoa «indarkeria armatua», «setio egoera bat» baizik. Llarenak eta epaiketako fiskalek ere tesi horri eutsi zioten.

2017ko azaroaren 2a

Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten Junquerasek, eta Jordi Turull (Presidentetza), Josep Rull (Lurralde Antolaketa), Raul Romeva (Atzerri), Joaquim Forn (Barne), Carles Mundo (Justizia), Dolors Bassa (Lan eta Gizarte Gaiak) eta Meritxell Borras (Gobernazio) kontseilariek, eta haiek kartzelatzea erabaki zuen Lamela epaileak, iritzita matxinada baterako «estrategia bat» diseinatu zutela. Ikerketapean zeuden matxinadagatik, sedizioagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, eta behin-behineko espetxealdia ezarri zien magistratuak, argudiatuta ihes egiteko eta delitua berriro egiteko arriskua zutela.

Santi Vila Enpresa kontseilari izandakoak ere deklaratu zuen, eta kartzelatu zuen, bai, Lamelak, baina 50.000 euroko bermea jarrita, aske utzi zuen. Vilak dimititu egin zuen 2017ko urriaren 26an, independentzia aldarrikapenaren bezperan, eta Lamelak horregatik bereizi zuen besteengandik. Forn eta Junqueras izan ezik, abenduaren 4an atera ziren kartzelatik Rull, Romeva, Bassa, Turull, Mundo eta Borras, behin auzia Gorenaren —Llarenaren— esku zegoenean, bakoitzak 100.000 euroko bermea ordainduta —ANCk hartu zuen bermeen ardura—. Llarenak ebatzi zuen arriskua zegoela bai presidenteordeak, bai Barne kontseilariak, baita ANCko eta Omnium Culturaleko buruek ere berriro egiteko egotzitako delitua.

2017ko azaroaren 9a

Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideek deklaratu zuten Auzitegi Gorenean, Pablo Llarena epailearen aurrean. Forcadell presidenteak, eta Lluis Corominasek, Joan Josep Nuetek, Ramona Barrufetek, Anna Simok eta Lluis Guinok. Nuet izan ezik —neurrik gabe utzi zuen aske—, gainontzekoak espetxeratu egin zituen, eta bermea ordainduta aske utzi zituzten. Generalitateko kontseilariei bezala, Forcadelli ere matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea egozten zioten fiskalek. Gerora, legebiltzarreko presidentea ere kontseilariekin batera epaitu zuten Auzitegi Gorenean. Mahaiko gainontzeko kideen aurkako kausa, ordea, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak hartu zuen, eta desobedientziagatik epaituak izateko zain daude.

2018ko martxoaren 23a

Ikerketapean zeudenek berriro deklaratu zuten Llarenaren aurrean, eta magistratuak erabaki zuen horietako hamahiru erreferendumaren harira matxinadagatik auzipetzea, eta orduan kartzelan ez zeudenak ere behin-behinean espetxeratzea: Junqueras, Rull, Romeva, Turull, Rull, Bassa, Forcadell, Sanchez, Cuixart, baita erbesteratutako Puigdemont, Antoni Comin Osasun kontseilaria, Clara Ponsati Hezkuntza kontseilaria, eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusia ere —egun hartan bertan jakinarazi zuen Kataluniatik kanpo zegoela—. Llarenak autoan aipatutakoei jarraitu zieten fiskalek, gerora, epaiketan.

Bezperan, Turull Generalitateko presidente izendatzeko saioa egin zuten Kataluniako Parlamentuan, baina JxC Junts Per Catalunyako hautagaiak ez zuen nahikoa babesik lortu. Auzipetua izan ondorengo egunean, martxoaren 24an, berriro ziren inbestidurarako bigarren bozketa egitekoak, baina, osoko bilkura egin zuten arren, ez zuten bozkatu.

2018ko azaroaren 2a

Behin-behineko akusazio idazkia plazaratu zuen Auzitegi Goreneko Fiskaltzak, eta matxinada delituari eutsi zion. 25 urteko espetxe zigorra eskatu zuen Junquerasentzat, eta hamazazpikoa Forcadell, Sanchez eta Cuixartentzat. Fiskaltzarentzat, prozesuaren «buruzagiak» izan ziren, eta, gainera, «beharrezko biolentzia» erabili zuten «emaitza kriminala» ziurtatzeko. Matxinadagatik auzipetutako gainontzekoentzat hamasei urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskaltzak. Estatuaren Abokatutzak ere bere akusazio idazkia aurkeztu zuen, eta sedizioa egotzi zien fiskaltzak matxinada leporatzen zien buruzagi independentistei. Espainiako Justizia Ministerioaren menpeko organoak ez zuen indarkeriaren erabileran oinarritu akusazioa.

2019ko otsailaren 12a

Kataluniako buruzagi politiko eta sozial subiranisten kontrako epaiketa hasi zen Espainiako Auzitegi Gorenean. Defentsako abokatuek salatu zuten, lehen egunean, akusatuen oinarrizko eskubideak urratu zirela prozesu guztian, eta epaiketa atzeratzeko eskatu zuten. Baina Manuel Marchena epaimahaiburuak ez zuen eskaera hori onartu, eta hurrengo egunean akusazioen —fiskalak, Estatuaren Abokatutza, eta Vox herri akusazioa— txanda heldu zen. Fiskalek argudiatu zuten «soilik Espainiari» dagokiola burujabetza, eta, gainera, garaipentzat jo zuten epaiketa bera egitea.

Bi egun geroago —ostegunarekin— hasi ziren akusatuak deklaratzen. Junqueras izan zen aurrenekoa hitz egiten, eta azpimarratu zuen buruzagi subiranistek egindako «ezer» ez dela delitu. Gainera, autodeterminazioa defendatu zuen, eta adierazi zuen galdeketa egin zutela katalanen «zati nabarmen bat» subiranista delako, eta Madrilek hitz egin nahi ez zuelako. Deklaratzen azkenekoak Cuixart eta Forcadell izan ziren, otsailaren 26an. Lekukoak eseri ziren, gero, epailearen aurrean. Otsailaren 16an epaiketaren kontrako manifestazio masiboa egin zuten Bartzelonan.

2019ko ekainaren 12a

Epaiketak iraun zuen ia lau hilabeteetan ezin izan zuten oinarrizko tesia egiaztatu, baina fiskalek bereari eutsi zioten, eta, ekainaren 4an Auzitegi Gorenean plazaratutako ondorioetan nabarmendu zuten Kataluniako prozesu subiranista «estatu kolpe bat» izan zela, eta buruzagi independentistek «konstituzioa hautsi nahi» izan zutela «indarkeria» erabiliz. Estatuaren Abokatutzak zehaztu zuen indarkeria ez zela «egiturazkoa» izan.

Ekainaren 12an heldu zen akusatuek azken hitza hartzeko aukera. Akusatuek adierazi zuten sentitzen zutela beren ideologiagatik izan zirela jazarriak eta epaituak, eta Espainiako Estatuari eskatu zioten bide judiziala alboratu eta elkarrizketarena ibiltzeko. Akusatuetako batzuen azken mintzaldiak hunkigarriak izan ziren; Turullenak eta Cuixartenak, kasurako. «Desadostasuna, kritika eta protesta erasoarekin eta errespetu faltarekin nahastu dute; hori mentalitate ahulen eta autoritarioen logika da», adierazi zuen, esaterako, Presidentetza kontseilari izandakoak. Omnium Culturaleko presidenteak, berriz, preso politiko izaera nabarmendu zuen: «Preso politiko bat naiz, epaiketa politiko batean. Ez dut inolako damurik. Auzi kolektibo baten aurrean gaude, eta berriz egingo nuke». Junqueras izan zen denbora gutxien behar izan zuena: haren mintzaldia ez zen lau minutura ere iritsi. Epaiketa epaiaren zain geratu zen. Atzo arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.