Futbola. Munduko Kopa

Lehia, aldarrikapenen artean

Gaur hasi eta uztailaren 7ra bitarte jokatuko da Frantzian eta Bretainian Munduko Kopa. Zortzigarren aldia du txapelketak, eta bertan 24 selekzio ariko dira lehian. Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Alemania eta Japonia dira titulua eskuratzeko hautagai nagusiak.

Lehia, aldarrikapenen artean.
ainara arratibel gascon
2019ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Emakumeen Futbolak gorakada nabarmena izan du azken denboraldi honetan. Bide horretan, beste mugarri bat gaindi dezake datozen lau asteetan, Munduko Kopa jokatuko baita Frantzian eta Bretainian, futbolaren erakusleiho eta txapelketa nagusia. Kirol arloan eta hortik kanpo azkenaldian eman diren aurrerapausoak antzemango dira, baina, aldi berean, agerian geratuko dira oraindik emateko falta direnak ere. Lehia eta aldarrikapena uztartuko dituen txapelketa izango da gaur hasiko dena.



FABORITOAK
AEBei itzala egin nahian


Titulua irabazteko hautagai nagusia Ameriketako Estatu Batuak dira. Orain arte, zortzi Munduko Kopa jokatu dira, eta hirutan izan da txapeldun. Zelai erditik aurrera Alex Morgan, Tobin Heath, Christen Press, Carly Lloyd—2015eko finalean hiru gol sartu zituen—, Megan Rapione eta halako jokalari erabakigarriak ditu. Azkenaldian, ordea, Jill Ellis hautatzaileak hamaikako finko bat aurkitzeko zailtasunik izan ditu, eta aldaketak egiten ari da etengabe. Gainera, hainbat jokalari min hartuta egon dira, eta ez daude sasoi betean: adibidez, Lindsey Horan eta Kelley O'Hara.

Etxean jokatuta, finalerako urratsa egin nahi du behingoz Frantziak, eta txapeldun izan. Oztopo nagusia final-laurdenetan izango du, ezusterik ezean, AEBen kontra jokatzea egokituko baitzaio. Teknikoki eta fisikoki oso selekzio indartsua da. Haren bizkarrezurra Olympique Lyon ahaltsua da, bertako zazpi jokalari baitira deialdian: Wendie Renard, Amandine Henry, Eugenie Le Sommer, Amel Majri, Sarah Buhaddi, Griedge Mbock-Bathy eta Delphine Cascarino.

Dzsenifer Marozsan buru duela, Alemaniak AEBekin berdindu nahi du, hirugarren Munduko Kopa irabazita. Ohi bezala, selekzio eraginkorra da. Ez du joko ikusgarria egiten, baina emaitzak lortzen ditu. 2019an ez du partidarik galdu.

Japonia da beste hautagai nagusietakoa. 2011n txapeldun izan zen, eta 2015ean, txapeldunorde. Oso bestelako estiloa du, fisikoaren gainetik teknika gailentzen baita haren jokalariengan. Eraldaketa prozesu batean dago, baina bere hiru erreferente nagusiek bertan segitzen dute: Saki Kumagaik, Mana Iwabuchik eta Yuka Momikik.

Ezustea emateko aukera dutenen artean Kanada, Ingalaterra eta Australia daude.

SELEKZIO BERRIAK
Lau ariko dira estreinakoz


Hegoafrikak, Eskoziak, Txilek eta Jamaikak debuta egingo dute Munduko Kopa batean. Oso berezia da Jamaikaren kasua. Izan ere, gobernuak finantzaketa kendu eta gero, Cedalla Marleyren —Bob Marleyren alaba— babes ekonomikoari esker lortu zuten sailkapen fasean parte hartzea. Talde oso gaztea da, eta jokalari gehienak diasporara joandako jamaikarren alabak dira. Horien artean bada gertutik zaindu beharreko izen bat: Khadija Bunny Shawrena. Aurrelariak hemeretzi gol sartu zituen sailkapen fasean, beste edozein jokalarik baino gehiago.

Nekeza izan da ere Txileren bidea. Urte askoan ez zuen federazioaren babesa izan. Are gehiago, 2014 eta 2017 artean ez zieten partida ofizialik jokatzen utzi. Aurreko bi urteak, ordea, mugarri izan ziren haientzat. Batetik, jokalariek elkarte bat sortu zuten nazioartean lehiatu ahal izateko; eta, bestetik, iaz Txilen bertan jokatu zen Amerika Kopa, eta txapeldunorde izan ziren. Horrek hauspotuta iritsi dira Munduko Kopara.

Hegoafrikak eta Eskoziak ez dituzte hainbeste zailtasun izan. Hain zuzen ere, Eskozia da lehen ligaxka gainditzeko aukera gehien duen debutaria. Ezustea eman zuen sailkapen fasean, jokatutako zortzi partidetatik zazpi irabazi baitzituen. Haren jokalarietako batzuek Ingalaterrako, Italiako, Suediako eta AEBetako ligetan jokatzen dute, eta horrek eskarmentua ematen die.

JOKALARIAK
Izarrak eta hutsuneak


Mun duko Kopek izar berriak deskubritzeko balio izaten dute. Baina badira guztien ahotan dauden izen batzuk. Nagusia Morganena da, AEBetako aurrelaria munduko eta olinpiar txapelduna da, eta bi liga indartsuenak irabazi ditu: Frantziakoa eta AEBetakoa. 100 gol baino gehiago sartu ditu selekzioarekin.

Alemaniako erasoko jokoaren iparrorratza da Marozsan. Talentu handiko jokalaria da, joko ikuspegi handiarekin eta gol senarekin. 2016an erabakigarria izan zen Alemaniak urrezko domina irabazteko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan. Hiru urte hauetan jokalari osoagoa egin da Olympique Lyonen.

Marozsanen taldekidea da, berriz, Lucy Bronze. Bi lesio larri izan zituen belaun banatan. Orain, ordea, munduko hegaleko jokalari onenetakoa da, eta Ingalaterraren izarra.

Brasilgo selekzioarekin txapelketa bat irabaztea baino ez zaio falta Martari bere kirol ibilbidea biribiltzeko. Aurkariei izkin egiteko eta golak sartzeko gaitasunarengatik erreferente izan da. Munduko Koparen historian gol gehien sartu duen jokalaria da: hamabost egin ditu orain arte.

Kontuan hartzeko beste izen batzuk hauek dira: Le Sommer, Henry eta Renard Frantziakoak, Lieke Martens eta Vivianne Miedema Herbehereetakoak, Christine Sinclair Kanadakoa, Caroline Graham Hansen Norvegiakoa eta Sam Kerr Australiakoa.

Faltako diren izenen artean, izen bat nabarmentzen da: Ada Hegerberg aurrelari norvegiarrarena. 2017an denbora batez selekzioarekin joateari utziko ziola iragarri zuen. Aurtengo Urrezko Baloiak gizonezkoen eta emakumezkoen futbolaren artean zeuden desberdintasunak salatu nahi zituen erabaki horrekin. Norvegiako Futbol Federazioak gizon eta emakume futbolarien arteko soldata arrakala amaitu zuen, baina Hegerbergek argi utzi zuen eskaria harago zihoala.

EUSKAL HERRITARRAK
Paredes, Nahikari, Quiñones eta Lucia


Lau euskal herritar ariko dira Munduko Kopan, aurrekoan baino bat gutxiago: Nahikari Garcia eta Mariasun Quiñones Realekoak, Lucia Garcia Athleticekoa eta Irene Paredes Paris Saint Germainekoa. Espainiako selekzioarekin ariko dira laurak, eta bihar egingo dute debuta Hegoafrikaren kontra. Paredes da aurreko Munduko Kopan aritu zen bakarra. Hark du jokatzeko aukera gehien. Emaitza aurka izanez gero, aurrealdean pizgarri izateko deitu ditu Jorge Vildak Nahikari eta Lucia. Hirugarren atezaina izanda, jokatzea oso zail du Quiñonesek.

HAUTATZAILEAK
Herena emakumezkoak


Munduko Kopan parte hartuko duten selekzioen artean heren batek izango du hautatzaile emakumezko bat, aurreko Munduko Kopan bezala. Hauek dira zortzi hautatzaile horiek: Corinne Diacre (Frantzia), Marina Voss-Tecklenburg (Alemania), Desiree Ellis (Hegoafrika), Milena Bertolini (Italia), Shelley Kerr (Eskozia), Asako Takakura (Japonia), Sarina Wiegmann (Herbehereak) eta Jill Ellis (AEB).

SARIAK
Alde handiak oraindik


Emakumeen futbolak sasoi honetan gorakada bat izan eta berdintasunaren bidean urratsak egin diren arren, oraindik ere gizonezkoen futbolarekiko dagoen aldea erakusten duten hainbat zenbaki utzi ditu Munduko Kopak.

Txapelketak 70 milioi euroko kostua du. Horietatik 50 FIFAk jartzen ditu, eta besteak, antolatzaileek eta babesleek. Halaber, aurreikusten dute txapelketak Frantziari eta Bretainiari 500 milioiko onura ekarriko diola. Iaz, gizonezkoen Munduko Kopan, Errusian, 2.000 milioi euro gastatu ziren, eta 6.000 milioi irabazi.

Sariei dagokienez, 50 milioi eurokoak izango dira, federazioen eta kluben artean banatzeko. Iaz, Errusian, gizonezkoen artean banatutakoa baino zortzi aldiz gutxiago da. Orduan 400 milioi euro banatu zituzten.

ALDARRIKAPENAK
Berdintasun eske


Emakumeen futbolaren berdintasunaren eta ikusgarritasunaren alde egindako aldarri eta keinuek hartu duten indarra ere nabarmendu behar da. Australiako jokalariak, adibidez, kexu agertu ziren federazioarekin, eta jakinarazi zuten gizonezkoek jasotako diru kopuruaren erdia jaso zutela Munduko Koparako sailkatzeagatik. Martxoaren 8aren bueltan, berriz, Ameriketako Estatu Batuetako selekzioko Morganek eta Rapionek idatzi bat eman zuten argitara, eta bertan salatu zuten 2015eko Munduko Kopa irabazteagatik bi milioi euro jaso zituztela; gizonezkoen selekzioak berriz, urtebete lehenago Brasilen jokatutakoan final-hamaseirenetan izan ziren kanporatuak, eta bederatzi milioi jaso zituzten. Gainera, baliabide eta baldintza hobeak eskatu zituzten.

Sare sozialen bidez, berriz, oihartzun handia izan du Alemaniako jokalariek egindako bideo batek. Honela hasten da:«Gure izenak ez dakizkien herrialde batentzat jokatu arren, hiru aldiz izan gara munduko txapeldun». Bertan, erdietsitako lorpenak gogoratu, eta jasandako diskriminazioak salatu dituzte. Aldarrikapen horiek pixkanaka erantzuna izaten ari dira. Hegoafrikako Federazioak iragarri du diru sari berdinak jasoko dituztela emakumezkoen eta gizonezkoen selekzioek. Neurri bera hartuko du Adidasek, Munduko Kopa irabazi, eta berak babestutako jokalariekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.