Sustraiak botatzeko moduan

Osasuna Espainiako Lehen Mailako taldea da jadanik, Albacetek Granadaren aurka galdu ondotik. Proiektua maila nagusian errotzea da gorritxoen hurrengo erronka. Sufrikarioa izan zen eliteko azken egonaldia, baina klubak oinarri dezentez sendoagoak ditu orain.

Osasunako jokalariak, gol bat ospatzen, denboraldi honetako partida batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Talde handien kontrako partiden glamourra. Derbien xarma. Mailari eusteko lehiaren zirrara. Horretaz guztiaz gozatu ahalko du Osasunak datorren sasoian. Izan ere, dagokion tokira itzuli da: Espainiako Lehen Mailara, bertan azkenekoz aritu eta bi urte geroago. Igandean kale egin arren —hutsean berdindu zuen Cadizen (Espainia)—, atzo mesedea egin zion Diego Martinez gorritxoen entrenatzaile ohiak zuzentzen duen Granadak, Albaceteri 0-1 irabazita. Emaitza horri esker, maila nagusiko talde da jada Osasuna. Atzo dagoeneko hasi ziren ospakizunak, eta gaur jarraituko dute, arratsaldean harrera egingo baitiete taldeko kideei Nafarroako Gobernuan (18:00) eta Iruñeko udaletxean (19:00).

Oraindik beste sari bat dute jokoan Bigarren Mailako maratoi luzean: lidergoari eutsi eta txapeldun izatea. Kontrara, saihetsezina da zaleentzat datorren sasoiari begira jartzea. Bada, geroari begira, kluba elitean sustraitzeko erronka ageri da gorritxoen ortzi-mugan. Igogailuarena egin dute azken bosturtekoan, eta orain, klubaren mendeurrenaren atarian, onenen artean egonkortzeko tenorea iritsi zaie. Ilusio eta gogorik ez zaie falta, ezta zuhurtzia eta bertigo puntu bat ere. Funtsean, oraindik presente dago Osasunak 2016-2017ko sasoian Lehen Mailan bizitako hondamendia. Zernahi ere, haren aldean bestelako sendotasuna dauka egungo proiektuak. Futbolean gauzak goizetik gauera aldrebestu daitezke, baina gaur-gaurkoz, konfiantza handia igortzen du Osasunak.

SAILKAPENAREN BERMEA

Osasuna modu epikoan igo zen azkenekoz gorengo mailara: ligako azken jardunaldian sartu zen igoera fasean, Oviedori 0-5 irabazita eta aurkarien emaitzek laguduta. Ondoren, kanporaketetako lau neurketak irabazi zituen. Zaila da igoera bat gauzatzeko modu gozagarriago bat irudikatzea. Hori bai, hala igotzea ibili irregular baten isla ere bada, eta ez du berme handirik eskaintzen aurrera begira. Osasunaren kasuari erreparatuta, Nafarroako taldea seigarren sailkatu gisa igo zen Lehen Mailara. Alegia, bost talde izan zituen aurretik Bigarren Mailan. Egiazki, ez zegoen prest elitean lehiatzeko.

Orain bai, ordea. Izan ere, orduko hartan ez bezala, alimaleko erregulartasuna erakutsi dute gorritxoek. Edonork sinatuko lukeen bilakaera izan dute: behetik gorako bidea egin dute, 27. jardunaldian lehen postua eskuratzeraino, eta, geroztik, tinko iraun dute bertan. Partida asko joko bizi eta dibertigarriarekin atera dituzte aurrera, eta, distira galdu dutenetan ere, topatu dute modua baleko emaitzak lortzeko. Ororen gainetik, talde lehiakorra izan da Osasuna, Sadarren batik bat: oraindik ez du bertan partidarik galdu, eta hamabost garaipen daramatza jarraian.

LEMAZAINIK APROPOSENA

Preseski, Sadar gotorleku bihurtzeko helburupean iritsi zen Osasunara Jagoba Arrasate. Luis Sabalza presidentearentzat, Iruñeko estadioan beti arnastu izan den giro itogarria berreskuratzea zen lehentasuna. Bada, tekla egokia sakatu du teknikari bizkaitarrak, talde irabazle bezain erakargarria sortuta. Estiloak ia emaitzen adinako garrantzia dauka, zaleak jokamolde bertikal eta erasokorra ikusteko desiratzen baitzeuden, Diego Martinezen gehiegizko zuhurtzia pairatu ondoren. Arrasatek erabat asebete ditu, epelkeria alde batera utzi, eta proposamen ausarta ezarrita.

DNA gorritxoa du Berriatuko prestatzaileak, Enrique Martin Monrealek duen bezala. Arrizabalagakoaren esanetara igo ziren gorritxoak azkenekoz, eta haren gidaritzapean ekin zioten hurrengo sasoiari. Bi teknikariak dira oso maitatuak Sadarren, baina alde handia dago haien artean. Martin lege zaharreko teknikaria da: sendotasuna eta joko luzea lehenesten ditu, eta bizitasuna du ardatz. Arrasatek ere garrantzi handia ematen dio jokalariak motibatuta izateari, baina entrenatzaile nafarrak baino planteamendu landuagoa eta erasokorragoa dauka.

ESKARMENTU HANDIAGOA

2016-2017ko sasoian, Nafarroako taldeak hasiberriz josita jardun zuen elitean. Guztira 24 jokalarirekin hasi zuen denboraldia, eta horietatik hamar sekula Lehen Mailan jokatu gabeak ziren. Esperientzia falta atzeko lerroan nabaritu zen gehienbat. Defentsa guztiek ikusi zituzten gorriak —guztira 94 gol jaso zituen Osasunak, ia 2,5 partidako—, baina aparteko gurutze bidea ezagutu izan zuten Unai eta David Garciak. Lehen sasoia zuten onenen artean, eta taldearen ibili penagarriak irentsi egin zituen.

Halako esperientzia batek suntsitu egin dezake jokalari hasiberri bat, baina atzelari nafarrak onik atera dira. Aurrerapauso handia eman dute sasoi honetan, eta urte askoan gorritxoen defentsa gidatzeko gai direla erakutsi. Haien inguruan, zaildutako jokalari multzoa dago: ohiko hamaikakoari begiratuta, Juan Villar eta Nacho Vidal ez beste, jokalari guztiek nahikoa eskarmentu dute gorengo mailan, eta aulkian, Xisco eta Lillok 160 neurketa jokatu dituzte elitean bien artean.

UKITU BATZUEKIN ASKI

Nolanahi, jokalarien multzoaren inguruko analisia abuztu amaieran egin beharko da, behin udako merkatua itxita dagoenean. Taldearen bizkarrezurrari bere horretan eustea litzateke apusturik zentzuzkoena, baina ez da posible izango. Adibidez, Carlos Clercek hitzartua du fitxaketa Levanterekin. Halaber, Herrialde Katalanetako taldeak Ruben Garcia doan berreskura dezake sasoi honen amaieran. Rober Ibañez, berriz, Getafera itzuliko da, utzita aritu ondotik. Eta Unai Garciak lesio larria du. Hori horrela, lanik ez da faltako Iruñeko taldearen bulegoetan.

Hori bai, kirol zuzendaritza ez litzateke erotu beharko. Kalitatea kantitatearen aurretik jarri beharko luke, orain dela hiru denboraldi egin ez bezala. Orduan Petar Vasiljevic zen taldearen osaketaren arduraduna, eta hamalau jokalari fitxatu zituen orotara. Gehienen ekarpena hutsaren hurrengoa izan zen, eta Vasiljevicek kritika gogorrak jaso zituen eginiko planifikazioagatik —entrenatzaile lanetan bukatu zuen sasoia, zuzendaritzak Martin Monreal eta Caparros kargugabetu eta gero—.

Porrot hori ikasgai gisa harturik, jokalari gutxi eta onak ekartzen ahalegindu beharko lirateke orain gorritxoak. Atzeko ezker hegalerako eta erdigunerako, euskarrirako, hegalerako eta aurrealderako jokalari bana ekartzea nahikoa izan liteke. Ruben Garciak taldea utziz gero, punta-erdirako norbait ere beharko litzateke.

HARROBIA GILTZARRI

Haztegiaren aldeko apustuak goia jo zuen azken igoeraren sasoian. Itolarri ekonomikoak behartuta, Taxoaren hazitako jokalariek egin behar izan zuten tira gurditik. Alabaina, apustu hori lausotu egin zen Lehen Mailan, baita hurrengo sasoian ere, Diego Martinezen aginduetara. Arrasatek, ordea, klubaren filosofiarekin bat eginez, berriz ere uztarripean jarri ditu harrobiko jokalariak. Funtsezkoak dira Roberto Torres, Oier Sanjurjo, Unai Garcia, David Garcia eta Kike Barja, eta Osasuna B-k 2016an fitxatutako Luis Perea ere zeresan handia ari da ematen. Miguel Olabidek eta Endika Irigoienek, aldiz, agerraldi bakan batzuk baino ez dituzte izan. Lehenak geroz eta etorkizun gutxiago du Osasunan, bigarrenak ez bezala.

Elitean jarduteak beti ekartzen du haztegikoak zokoratzeko arriskua, baina ez du zertan hala izan. Gertuko ereduak baditu Osasunak frogatzen dutenak posible dela etxekoak ardatz harturik elitean anbizioz jardutea; Reala, kasurako. Aulkian Arrasate egonda, ez da ezusteko norabide aldaketarik egongo.

URAK BARE DAUDE

Hiru urtean goitik behera aldatu da klubaren testuinguru instituzional eta ekonomikoa. Lehen Mailako azken egonaldian, Osasuna oraindik zor publikoa kitatu beharrean zegoen, eta, gainera, epaitegietan katramilatuta segitzen zuen. Osasuna auzia deritzonak eragindako lurrikara gogorrena igarota zegoen jada, baina eztandaren oihartzuna entzun zitekeen oraindik. Gainera, Osasunak Vasiljevici higiezinen negozio batean pilatutako zorrak kitatzen lagundu ziola jakin zen. Ondorioz, Sabalzak bozetara deitu zuen.

Orain, ordea, egonkortasuna da nagusi klubean. Alor ekonomikoan, ez dauka zor publikorik, Sadar eta Taxoare berreskuratzeko zor etikoaz harago —Nafarroako Gobernuaren esku daude 2014an Parlamentuak Osasuna Legea onartu zuenetik—, eta, Sadar berritzeko hamasei milioi euroko proiektua martxan jarri berri duen arren, bideragarritasuna erabat bermatua du. Batez ere, Lehen Mailan 50 milioi euro inguru jasoko dituelako telebista eskubideen truke. Instituzionalki, berriz, bere agintaldiko garairik gozoenak ari da bizitzen Sabalza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.