KRITIKA. Zinema

Bi pertsonaia triste

Gontzal Agote.
2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun

'Stan & Ollie'

Zuzendaria: Jon S. Baird. Aktoreak: Steve Coogan, John C. Reilly, Shirley Henderson,Bentley Kalu, Nina Arianda, Danny Huston, Rufus Jones, Susy Kane, Stephanie Hyam,Charles Walters, Ella Kenion.Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 97 minutu.

Ohi bezala, orduan horren hegoalde ez zen hegoalde honetan gaztelaniaz ezagutu genituen haien filmak; haiekin batera, bi aktore horiek izendatzeko goitizen itsusi eta graziarik gabekoak. Diglosiaren beste albo-kaltea. Urteen poderioz, asko ez, zerbait ikasi dugu; besteak beste, mundu zabalak bazuela bi aktore horiek izendatzeko modu txukunagorik.

Gaur egun, zinemaren historiaurrearen urruneko atal lauso bat dirudite zuri-beltzeko pelikula horiek. Umore zuria, zuzena, erraz ulertzeko modukoa zen bizirik atera ziren zinema mutuaren oinordekoek egiten zutena. Denontzat konplikaziorik gabeko denbora omen zen hura, et les mistrals gagnants, ihes egin zigun haurtzaro horrekiko nostalgia.

Hori guztia berpiztu behar zuen Stan & Ollie filmak, sikiera printzaren bat, baina ez. Garaiko pelikulak bezala, kartoi-harrizko filma egin du Jon S. Bairdek; eta, analogiaz, meritu izaten ahal zen hori istorio osoa zamatuko duen ezina bihurtuko da.

Izan ere, zuzendariari eskertzen ahal zitzaion mitifikaziotik ihes egin izana, baina ordainean zerbait jarri behar da pantailan, eta ez du egin. Zuzentasun teknikoa hoztasun bihurtuko da; pertsonaiekiko enpatia, ezinezkoa, eta izaera antagonistak modu ortopedikoan garatuko ditu.

Horren aurrean, alferrikakoa da Steve Cooganek eta John C. Reillyk Stan eta Ollieri benetakotasuna eta gizatasuna emateko eginen duten ahalegina. Ez baitago zuzentzerik okerretik balekora pasatu nahi duen filma, omenaldi tristera ailegatuko ez dena. Kontu on bakarra aipatzearren: jatorrizkoekin berriro disfrutatzeko sortzen duen gogoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.