Semion Bytxkov izango du gidari biharko saioan Euskadiko Orkestrak

Lehen aldiz ariko dira EOko musikariak zuzendari errusiarraren aginduetara. Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrena gogora ekarriz, haren obraz osatutako emanaldia egingo dute Kursaalean

JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
Donostia
2020ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestrak estreinatuko du Donostiako 81. Musika Hamabostaldiko ziklo sinfonikoa, Kursaaleko auditoriumean. 1982an orkestra sortu zenetik, urtero izan dira jaialdian, eta aurten hiru kontzertu emango dituzte. Bihar izango da lehenengoa, 20:00etan, eta Semion Bytxkov zuzendari errusiarrak gidatuko du orkestra. Bytxkov munduko zuzendaririk entzutetsuenetako bat da egun, eta Txekiar Orkestra Filarmonikoaren zuzendari titularra da. Hasieran, bere orkestrarekin zuen emanaldia egitekoa, baina, osasun krisia dela eta, taldeak ez du Donostiara bidaiatzerik izan.

Beethovenen bi obra interpretatuko dituzte biharko kontzertuan. Izan ere, 250 urte betetzen dira musikari alemaniarra jaio zela, eta omenaldi txiki bat egin nahi izan diote. Coriolanus obraren oberturarekin hasiko da kontzertua. Izen bereko patrizio erromatar bat du oinarri partiturak; Koriolis hiria konkistatu zuen lehenik, eta Erromaren aurka altxatu zen ondoren, aurrez garaitu zuen armada haren beraren gidari zela. Beethovenek pertsonaiari buruzko antzezlan baterako konposatu zuen lan hura hasieran, baina, azkenean, antzezlanik gabe aurkeztu zuen 1807an, Vienako Lichnowski jauregian.

Kontzertuan joko duten beste lan bat, berriz, 3. Sinfonia mi bemol maiorrean izango da, Heroikoa izenekoa. Pieza hori 1805. urtean estreinatu zuen, eta konpositoreak bitan eskaini zion Napoleoni. Sinfonia iraultzailetzat jo izan da, bere garaian eta generoan aurrerapauso esanguratsua ekarri zuena. Garai hartako piezak baino askoz luzeagoa zen, bi aldiz luzeagoa, eta beste hainbat berrikuntza ekarri zituen konposizioaren nahiz orkestrazio teknikaren aldetik.

Bytxkoven debuta izango da EO gidatzen, baina ez du lehen aldia izango Hamabostaldian. Izan ere, bi opera zuzentzeko lanetan aritu zen jaialdian: 2004an, Richard Straussen Elektra opera antzeztu zenean izan zen Donostian, Deborah Polanski soprano estatubatuarraren konpainian, eta 2007an, Giuseppe Verdiren Otello gidatu zuen, Johan Botha tenor hegoafrikarra aldamenean zuela.

Ibilbide oparoa egina du zuzendariak. San Petersburgoko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari gonbidatua, Parisko Orkestraren musika zuzendaria, Koloniako WDR Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusia eta Dresdengo operako zuzendari nagusia izan da, besteak beste. 2018an eta 2019an, Bayreuth festibalean aritu zen, eta, egun, Europako orkestrarik zaharrenetako zein garrantzitsuenetako bat zuzentzen du, Txekiakoa.

EOk eta Bytxkovek beste kontzertu bat ere egingo dute elkarrekin, Euskal Herritik kanpo kasu horretan. Santanderko (Espainia) Nazioarteko Jaialdian izango dira hilaren 11n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.