gorka julio
EKOGRAFIAK

Txanda hartu

2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Erakundeekin, tramite burokratikoek inoiz baino zailagoak dirudite. Eskubidedun lehen mailako herritar garenontzat zailak badira, zer esan bigarren mailako herritar bezala tratatuak diren milaka pertsonarentzat. Horientzat tramite digitalak askotan ezinezko dira, administrazioek hori ere harresi bezala erabiltzen dutelako; tramite digitalak egiteko aukera ere ezinezkoa da askorentzat. Tramite fisikoak egiteko, baina, txanda Internetez eskatu behar izaten da. Egoera hain da larria, ezen merkatu beltz bat sortu den.

Iruzurra hamar izapide baino gehiagotara zabaltzen da, atzerritarraren txartela jasotzetik gidabaimena berritzera. Behar adina hitzordu ez izateak eta erakunde publikoek ezer egin ez izanak mesede egin diote iruzurrari. Negozioa bor-bor dago, batez ere Madrilen eta Bartzelonan. Hitzordu preziatuenaren prezioa Espainian asiloa eskatu nahi dutenentzat da. 200 euroren truke saltzen dira.

Txanda-erosleek atzerritarraren identifikazio zenbakia, izen osoa, naziotasun, posta elektroniko bat eta izapidea egin nahi den probintzia eskatzen dituzte. Web orriak aurretiko hitzorduak askatzen dituenean, kudeatzaile, abokatu eta iruzurgile armada bat dago, aldez aurretik agindutako txanda gehien bereganatzeko prest. Hitzordua, transferentzia bidez, bankuko diru sarrera bidez edo Bizum bidez baieztatzen denean ordaintzen da.

Administrazioarentzat ezaguna da egoera, eta bitartekari horiek topatzea ez litzateke zaila izango. Jendearen sufrimenduaz baliatuta, asko dira merkatu honetan tramite bakoitzarengatik ordaintzeko prest daudenak. Oso maiz aipatzen dira mafiak gai horiei lotuta. Mafia, baina, etxean dute horiek. Administrazioaren beraren zuloak dira sufrimenduaren-trafikatzaileentzako bazkaleku.

Administrazioaren digitalizazioari garrantzia eman nahi zaio gaur egun, baina badira digitalizazio hori baliatuz muga eta oztopo berriak sufrituko dituzten herritar ugari. Madril eta Bartzelonakoa adibide bat da, baina ez dakit gure osasun publiko sistemaren egoera ikusita, ez dugun horrelakorik ikusiko gurean ere. Hobe lukete herritarrentzako zerbitzu ona lehenetsi, baliabideak jarriz, eta azkeneko urteetan kolektibo migranteek eskatzen duten erregularizazio masiboa martxan jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.