Sandra Ramajo. Futbolaria

«Psikologikoki eta fisikoki ez nengoen prest berriro ere hutsetik hasteko»

Ramajok beste sasoi bat segitzeko asmoa zuen. Albacetek kontratua berrituko ez ziola jakin zuenean, ordea, uzteko garaia zela konturatu zen. Gogorra izan zen erabakia hartzea; eta, batez ere, etxekoei esatea. Baina lasai eta gustura doa.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Albaceten harrapatu zuen koronabirusaren pandemiak Sandra Ramajo futbolaria (Irun, Gipuzkoa, 1987). Han segitzen du. Patxadaz eta ohiko gertutasunez mintzatu da.

Nola zaude herenegun futbola utziko zenuela iragarri eta gero?

Egia esan, oraindik sentipen nahasiak ditut. Oso pozik nago, iragarpena egin nuenetik jaso ditudan maitasun hitzengatik eta keinuengatik. Ez nituen hainbeste mezu eta hitz polit espero. Bihotzean eramango ditut. Baina pena ere badut, futbola nire bizitzeko era izan delako 20 urtez, eta hori uztea zaila eta gogorra da.

Noiz eta nola hartu zenuen erabakia?

Duela bi aste, buruan nuen beste denboraldi batez hemen jarraitzea, eta gero erretiroa hartzea. Baina klubak ez zuen nik jarraitzea nahi. Futbolaren parte da hori ere. Haiek beren asmoak dituzte, eta denboraldi honengatik eskerrak ematea besterik ez dut. Kolpea izan zen, hala ere, berria jakitea. Jarraitzeko nuen ilusioa bat-batean desagertu zen, eta pentsatu nuen uzteko momentua zela. Izan ere, iaz hona etortzeko emandako pausoaren ondoren, ez nuen neure burua fisikoki eta mentalkiprest ikusten berriro ere hutsetik hasteko. Gogoa dut futbola beste ikuspegi batetik bizitzeko; ikasten eta formatzen segitzeko ilusioa dut; eta futbolak bezainbeste beteko nauten helburuak bilatu nahi ditut.

Albacetek kontratua berritzea espero al zenuen?

Bai, eta, ziurrenik, horregatik hartu nuen halako kolpea. Gainera, sekula ez nuen halako egoera bat bizi izan. Agurrean esan nuen azken hiru maiatzak oso gogorrak izan direla. 2018koan, belauna txikitu nuen, eta, zalantzak eduki arren, garbi izan nuen itzuli egin nahi nuela. Ez nuen futbola horrela utzi nahi. Iaz nire bizitzako taldea uzteko erabakia hartu behar izan nuen, Espainiako Kopa irabazita izan bazen ere. Oraingoan, hau bizitzea tokatu zait. Ez dut ezinikusirik edo gorrotorik. Baina hamaikagarren kolpea izan da, eta nekatuta nago. Urte asko izan dira, azkenak nahiko gogorrak, eta jendeak, nire larruan jarriz gero, ulertuko du erabakia.

Jende askorekin hitz egin zenuen erabakiaz, haien iritzia jakiteko?

Hasieran, hori egitea pentsatu nuen. Baina konturatu nintzen nire kabuz hartu behar nuela. Denboraldiak pasatu ahala, konturatzen zara gero eta gutxiago geratzen zaizula, eta horrek 25 urterekin kezkatu egiten ninduen. Baina unea gerturatu ahala, normalago barneratzen duzu hori. Zerbait positiboa izango dela pentsatzen duzu, eta hala izango dela uste dut. Iritsi da unea, eta nire erabakia da. Ezin izan dut zelaian agur esan, pandemiaren ondorioz, eta pena ematen du.Baina amestutako agurra, Albaceteri oso eskertuta egon arren, iaz izan nuen, nire bizitzako klubarekin, zaleekin eta taldekideekin.

Nori esan zenien lehenbizi?

Etxekoei esan nien, eta oso gogorra izan zen. Kontratua ez zidatela berrituko esan zidaten egunean oso izorratuta egon nintzen. Ulertu dute erretiroa hartzeko hartu dudan erabakia, eta orain denak gaude lasaiago. Bizimodu berri bat hasteko lehen urratsa da, eta gogoa nuen denei kontatzeko. Beraz, lasaitua hartu nuen mezua Instagramen jarri nuenean. Ordu arte, etxekoek baino ez zekiten, nahiz eta Albaceteko taldekideek eta Realeko zenbait taldekide ohik bazekiten hemen ez nuela segituko.

Eta hemendik aurrera zer egiteko asmoa duzu?

Oraindik dena airean dut. Egun hauetan emozio asko bizi izan ditut, eta horiek erabat pasatzea nahi dut, burua hotzago izan eta erabakiak lasai hartzen hasteko. Argi dut lanean hasiko naizela. Urte askotan futbolean aritu naiz, baina, horretaz bizitzea ezinezkoa zenez, beste ogibide batzuekin uztartu nuen: kiroldegiko begirale, erizain laguntzaile ezintasunak dituzten pertsonekin... Ez zait arrotza egingo. Horrekin batera, erabaki behar dudana da hemen geratuko naizen, edo etxera itzuliko naizen. Hemen gustura nago, lasai. Pertsona moduan asko ikasten ari naiz, eta neure burua izugarri ezagutzen. Gainera, asko lagundu didaten pertsonak topatu ditut. Beraz, ikusiko dut. Entrenatzaile titulua ere ateratzen ari naiz. Lehen urtea amaitzen ari naiz, eta ziurrenik errazagoa izango da bigarrena ere hemen egitea.

Gorputzak eta buruak nahikoa dela esan zizutelako joan zinen Albacetera, Espainiako Kopako ospakizunetan izandako zorabioaren ostean. Distantzia behar zenuela zenioen orduan. Nola zaude orain?

Antsietate handia nuen. Oso une zailak ziren. Hasiera ez zen erraza izan. Anoetako zorabioa susto handia izan zen. Zorionez, ondo atera dira proba guztiak. Baina beldur handia nuen. Orain ondo nago. Antsietatea hor dago, tarteka azaltzen da, baina hobeto kudeatzen dakit, eta horretarako tresnaditut. Asko lagundu dit hemengo psikologoak, baita taldekideek ere. Kirol arloan gustura amaitu dut sasoia: minutu askoan jokatu dut, entrenamenduez eta partidez gozatu dut, golak sartu ditut... Aurrerapausoa handia izan da, eta urtebete eskas geratu zait.

Atzera eginda, zein da baloi batekin duzun lehen oroitzapena?

Oso txikia nintzen, eta ez dut gogoan. Baina ziur nago lehen baloia aitak eman zidala, oso futbolzalea izan baita beti. Berak pasatu du okerren nire erabakiarekin. Nire ahizpak ere futbolean jokatzen zuen. Belauna apurtu zuen hark ere, eta utzi egin zuen. Baina nire ispilua izan zen. Ez dut ahaztuko Anoetara nola joaten ginen, elastikoa jantzita. Idiakez zen nire jokalari gustukoena.

Eta inoiz pentsatu zenuen bertan jokatzeko aukera izango zenuela, elastiko txuri-urdinarekin?

Horrekin amets egiten nuen, baina zail ikusten nuen. Izan ere, orduan baziren emakumeen futbolean aitzindariak eta funtsezkoak izan ziren taldeak Gipuzkoan: Añorga, Ordizia... Hain ekarpena funtsezkoa izan zen, emakumeen futbola egun dagoen lekuan egoteko. Hori argi dut. Baina Realean ez zegoen emakumezkoen talderik, eta, sortu zenean, ametsa errealitate egiteko aukera zegoela pentsatu nuen.

Zubietan proba egin zenuen lehen eguna nola izan zen?

Oso pozik eta urduri nengoen. Gogoan dut hainbat entrenamendu egin nituela. Astearte eta ostegunetan joaten ginen lehen taldearekin entrenatzera.Tartean zeuden nirekin batera Larraitz Lucas, Aintzane Encinas, Eli Sarasola, Itsaso Nabascues, Maialen Zelaia, Leire Landa... Garbiñek [Etxeberria kirol zuzendaria] hartu nindutela esan zidanean, ezin nuen sinetsi. Ez dut sekula ahaztuko etxekoei esan nienean. Orduan hasi zen ametsa errealitate bihurtzen. Nire erreferenteak euskal selekzioan jokatzen zuten jokalariak ziren: Eli Capa, Maite Lizaso, Iraia Iturregi. Haien kontra jokatzean, hanka sartzeak ere beldurra ematen zizun, eta urte batzuk pasatuta haien aurka nor baino nor gehiago lehiatzea ederra izan zen.

Eta nola bizi izan zenuen Realak emakumeen futbolaren alde egindako apustua?

Hasieran ez genuen kobratzen. Helburuak betez gero prima bat baino ez ziguten ematen. Telebista ez zegoen, eta autobusez bidaiatzen genuen. Aldaketak pixkanaka joan ziren, eta denborarekin joan ginen jabetzen apustu horretaz.

Autobus bidaia amaiezin haiek taldea batuta egoteko modurik onena izango zen, ezta?

Zalantzarik gabe. Emakumeen futbolean egin diren aldaketak onerako izan diren arren, hori galdu egin da zertxobait. Gutxirekin zoriontsu ginen, eta taldea zen garrantzitsuena.

Kapitain izendatzea nola hartu zenuen?

Ez nuen espero. Hasieran, Aintzanerekin eta Maialenekin batera aritu nintzen lan horretan. Niretzat erreferenteak ziren, taldekide eta pertsona moduan. Asko ikasi nuen haiengandik, eta biek erretiroa hartu zutenean egokitu zitzaidan ardura hartzea. Oso harro hartu nuen, ez bakarrik zelaian, baita hortik kanpo ere. Nire onena ematen saiatu nintzen.

282 partidaren eta 11 denboraldiren ostean, gutxik dute aukera, gainera, zuk bezala agur esateko: titulu bat altxatuta.

Hala da, eta ohorea izan zen. Baina nik beti esaten dut titulu hura nire taldekideek eta hastapenenetatik Gipuzkoan emakumeen futbolaren alde lan egin zuten guztiek altxatu genuela. Haien lorpena ere izan zen, eta uste dut guztiek ospatu genuela.

Zein sentipen sortzen dizu Granadan bizi izandakoak?

Erabateko zoriona sentitu nuen. Kopa altxatu eta jendea horren pozik ikustea izugarria izan zen. Realari are indar handiagoa eman dio klub moduan lorpenak. Jendeari erakutsi genion nola bizi dugun Reala.

Zure sasoirik politena eta gogorrena izan zen aldi berean?

Zalantzarik gabe. Ez dut ahaztuko une bakoitzean jaso nuen babesa

2018an, belauneko lotailu gurutzatua apurtu zenuen. Hori izan da zure kirol ibilbideko unerik gogorrena?

Bai. Sekula min hartu gabe egonda nengoen, eta lesio gogorrena eta larriena egokitu zitzaidan. Pentsatu nuen ezingo nintzela itzuli. Banekien osatzeko prozesua zaila eta gogorra izango zela, eta zori apur bat izan behar nuela. Pertsona eta futbolari moduan aldatu egin ninduen lesioak. Aurretik balioa ematen ez nien gauza txikiei balioa ematen hasi nintzen: entrenamendu eta partida bakoitzaz muturreraino gozatzen, zaleekin are eskertuagoa izaten, aldagelan eredu izatearen garrantzia areagotzen...

Zer eman dizu eta zer kendu dizu futbolak?

Pertsonak eta bizitza eman dizkit, eta, noski, une ahaztezinak. Onak zein txarrak sartuko nituzke hor. Kendu, berriz, denbora librea.

Nola ikusi duzu Reala sasoi honetan?

Denboraldi ona egin dute, nahiz eta aurreko sasoia baino gorabeheratsuagoa izan. Ez balitz horrela amaitu, gorago amaitzeko aukera zutela uste dut. Otsailean oso egutegi betea izan zuten, eta horrek ez zien lagundu. Ezta Bartzelonaren aurka Superkopako finalean izandako porrotak ere. Gainera, funtsezko jokalari batzuk min hartuta egon dira: Nahikari, Mariasun, Marta Cardona... Baina haien ordez irten direnak oso maila onean aritu dira. Gazteak ere azaldu dira: Adriana, Cecilia... Ane Etxezarreta eta Itsasoren gisako jokalariak ere hor egon dira. Multzoari eusten badiote, eta pare bat jokalari on fitxatzen badituzte, sasoi polita egin dezakete berriz ere.

Gonzalo Arkonadaren ordezkoa emakume bat izatea gustatuko litzaizuke: adibidez, Aintzane Encinas?

Nik uste dut gauza positiboak ekarriko lituzkeela. Baina klubaren erabakia da. Aintzane aukeratuko balute, asko poztuko nintzateke. Estimu handia diot, oso laguna dut. Harrobian oso ondo ari da lanean, eta, iristen bada, prestatua ikusten dutelako izango da.

Nola ikusten duzu emakumeen futbolaren geroa denboraldi honen ostean?

Kezkatu egiten nau. Hainbat mugarri jarri dira: lan hitzarmena, adibidez. Baina argi dago krisi ekonomiko honek eragin egingo diola. Klub batzuek gaizki pasatuko dute. Gainera, hitzeman zuten baino partida gutxiago eman dituzte telebistaz, eta horrek eragina du ikusgaitasunean.

Jokatu duzun taldekideen artean hamaikako bat egin beharko bazenu, zein izango litzateke?

Zaila da aukeratzea, baina hau izango litzateke: Quiñones, Ainhoa Vicente, Nuria Mendoza, Irene Paredes, Bea Beltran; Maite Lizaso, Chini Pizarro; Marta Cardona, Aintzane Encinas; Maialen Zelaia eta Nahikari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.