Bilboko metroa

Mende laurden bete du barrunbeetako biziak

Gaurko egunez duela 25 urte egin zuen Bilboko metroak bere lehen bidaia, eta, ordutik, 2.000 milioi bidaia inguru ere eginak ditu. Bilbon eta inguruko herrietan erraz eta eroso mugitu ahal izatea ekarri zuen lur azpiko trenak, Europako metro modernoetakoa izatea du helburu.

Gaur egun. Metroak erabiltzaile ugari du. MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Leioan bizi den pertsona bat Bilbora lanera joan, ostean Basaurira antzerki obra bat ikustera joan, eta berriz ere Leioara bueltatzea ahalbidetzen du Bilboko metropoliak, eta hori dena metroaren bidez egin daiteke». Ibon Areso Bilboko alkate ohiak kazetari bati egindako adierazpenak dira, eta hitz berberak erabili nahi izan ditu Eneko Arruabarrena Bilboko Metroko egungo zuzendariak metroaren ekarpena laburbiltzeko. Hain zuzen, mende laurdena bete da Bilboko metroaren motorrak martxan hasi zirenetik. Zortzi urtez luzatu ziren lanen ostean, 1995eko azaroaren 11n, goizeko 11:11ak zirela Bilboko metroak lehen bidaia abiatu zuen. Jose Antonio Ardanza orduko lehendakaria buru, Moyua geltokian inauguratu zuten hiriburua, eta inguruko metropolia eraldatzera zetorren lur azpiko garraioa.

Martxan jarri gabe, bide luzea zekarren jada proiektuak. 100 urte atzera egin beharra dago, metroaren lehen aipamenak ikusteko. 1920. urtean iragarri zuen lehen aldiz Bilboko Udalak metroa eraikitzeko asmoa. Hala ere, 1975. urtera arte ez zen mugimendurik izan. Urte horretan sortu zen Bizkaiko Garraio Partzuergoa, eta, urtebete geroago, bost lineako proiektua osatu zuen, baina adostasuna falta izan zen. Azkenik, Partzuergoa sortu eta hamahiru urtera hasi ziren metroaren lehen obrak. Partzuergoak, lehiaketa bidez, Foster arkitektoaren taldeari adjudikatu zion proiektua gauzatzeko ardura. 1988. urtea zen orduan. Bost urte geroago, 1993an, sortu zen Bilboko Metroa erakundea, eta 1995ean, azkenik, lur azpiko trena prest zegoen Bilbo eta Plentzia arteko ibilbidea egiteko.

Hasiera hartan, Arruabarrenaren iritziz, erabiltzaileei ez zitzaien bereziki kostatu metroan ibiltzeko ohitura hartzea. «Batik bat, arduradun politikoen artean zabaldu ziren mesfidantza edo kritika zorrotzak», aipatu du. Dioenez, askok ez zuten beharrezko ikusten, eta zenbaitek larregitzat jo zuten Bilbon metroa behar izatea. «Hasiera-hasieratik, baina, argi ikusi zen zein oker zebiltzan». Orduko kritikatzailerik handienak egun zale handiak direla azpimarratu du.

Lurraldeko garraio nagusia

Mugikortasunaren eta garraioaren ardatza izateko sortu zen Bilboko metroa. «Bilbok zein Bizkaia osoak mugikortasunari heltzeko modu bat behar zuten jakitun ziren metroa egitea erabaki zutenak». Aldiz, lurraldeak behar zuen mugikortasuna eta ingurugiroarekiko errespetua uztartzea lehenetsi zuten. Egun, jendeak gehienbat lanera zein ikastegietara joateko erabiltzen du lur azpiko garraiobidea. Horrez gain, eguneroko hainbat gestio egiteko eta aisialdiaz gozatzeko ere erabiltzen da. Horren erakusle da gaur egun Bilboko metroa Bizkaian erabiltzen den garraio publikoaren %52izatea. Tren bidezko garraioan, aldiz, %80. «Bi datu horiek aztertuta, argi ikusten da garai haietan markatutako erronkak erabat bete direla».

1997. urtean, hasierako linea bakar hura linea biko bihurtu nahi izan zuten. 1997ko martxoaren 21ean, Ezkerraldeko linearen obrak hasi ziren, eta, urtez urte, herriz herri, 2014an bidearen amaierara iritsi zen arte. Orduan estreinatu zuten Santurtziko Kabiezes auzoan bigarren linearen azken geralekua. Bezeroei begira, bigarren lerroaren zabaltzea data garrantzitsua izan zen. «Itsasadarren bi aldeak lotzeko balio izan zuen, eta distantziaz zein mugikortasunaz gain, gizartearekin zerikusi handia du», adierazi du Arruabarrenak. Alderantzizko noranzkoan ere egin ziren luzapenak. Bilboko Zazpikaleetatik Basaurirainoko bidea 1997an hasi zen, eta 2011n bukatu. Erdian zituen Santutxu, Bolueta eta Etxebarri, besteak beste. 2017ko apirilaren 8an, bestalde, Bilboko Matiko eta Etxebarriko Kukullaga auzoak lotzen dituen linea ireki zuten. Metroaren hirugarren lineaesaten zaiona. Hirugarren hori, baina, Euskotrenen ardurapean dago, eta, ofizialki, Bilboko metroarena.

Egun, hasierako lantaldearen bikoitza ari da lanean Bilboko metroan, gutxi gorabehera. Geltokiak, guztira, 42 dira. Eta trenei dagokienez, hiru tren mota daude. Metroa tren multzo batekin hasi zen, eta, gaur egun, 46 tren dituzte. 2003an, bestalde, bosgarren bagoia gaineratu zitzaion flota erdiari. Hasierako trenak lau bagoikoak ziren.

Bilbo, metroak zeharkatzen dituen 14 herrietako bat da. Hiriburua bada ere, beste 13 herri daude ibilbidean. Ibaizabal itsasadarra zeharkatzen du metroak, Nerbioi ibaiaren bi alboetatik, Plentzia eta Santurtzitik hasi, eta Basauriraino. Bilbo barruan bidaia asko egiten bada ere, inguruko herrietatik Bilbora joan-etorriak egiteko ere jende askok erabiltzen du. Erabiltzaileen esanetan, erraztasuna, kalitatea, eta gertutasuna eskaintzen ditu. «Metroa gertu dago, arina da, ziurra da, eta erosoa da», dio Arruabarrenak.

Markak hausten

Metroaren hasierako proiektua, 1988an imajinatu zen metroa, mende laurdena pasatu ostean, eginda dagoela dio Arruabarrenak. «Orduan imajinatutako geltokiak, lehen eta bigarren lerroak beteta daude». Aldiz, etorkizunean etorriko direnen atala idatzi gabe dagoela azpimarratu du. «Duela 25 urte, Bilboko metroa jaio zenean, ziurrenik, Europako metrorik modernoena izatea zuen helburu», adierazi du Arruabarrenak. Eta hori tren unitateetan ikusten zen, eta baita erabiltzen zen teknologian ere. «25 urte pasatu ostean, metroak berria dirudi, oso itxura ona ageri du, baina, aldi berean, asko erabili da». 25 urtean 1.800 milioi bidaia egin izan dira, eta, guztira, 99 milioi kilometro egin ditu. Horrek esan nahi du Lurrari 1.500 aldiz eman diola bira, edo Ilargira 128 joan-etorri egin izan direla. Urtero, 12.000 zirkulazio baino gehiago egiten dira. Datozen 25 urteei begira, Bilboko metroaren erronka Europako metrorik modernoenen artean mantentzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.