Aste Santuan plan hautak

Pandemiak Aste Santua ere baldintzatu du. Turista izatea ez da beti aise: Euskal Herriko hiru administrazioetako legediek ez baitute berdin mugitzen uzten. Hala ere, bada egun hauek ederki asetzeko paradarik: hurbilekoa eta hain ezaguna ez dena deskubritzeko balia baitaiteke egoera hau. Zabalik diren lekuetara joateko, aitzinetik erreserbatzea ezinbertzekoa da.

MIARRITZEKO TURISMO BULEGOA.
Ainize Madariaga
2021eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Nafarroa Beherea

Nafarroa Beherean, eguraldiak edo enbeiak aterpea galdatzen badu, Ortzaizeko artisau gunearen bisita egin daiteke, bortak zabalik baitituzte denek: Goikoetxea eltzegintza lantegiak, Kaiku Borda tokiko mozkinen dendak, Maite Broderie euskal oihalgintza dendak, Arnabar ahate kontserba egileak eta Brana Irulegiko arno ekoizleak. Hortik ez urrun, Nafarroa Behereko hiriburuan itzuli bat egin daiteke; alta, turismo bulegoak ez du euskarazko bisita gidaturik antolatzen. Inguruko mendiez euskaraz goza daiteke, apirilaren 15ean gazteentzako mendi bizikleta ateraldia antolatua baitu Bixente Oihenart mendi gidak, euskaraz. Eta eskalada ateraldia ere bai: apirilaren 12 eta 13an. Egun finko horiez gain, galdeei egokitzen zaie. Bertzeak bertze, Oilarandoi edo Larla kaskoetara ere eraman dezake bisitaria, bistez gozatzera. Tokiak erreserbatu behar dira: www.zeharka.com.

Herauskorritxe mitologia interpretazio zentroa. ATHARRATZEKO TURISMO BULEGOA

Zuberoa

Zuberoak hain berea duen espartinaren fabrikazioa ikus daiteke, donquichosse.com webgunean erreserbatuz. Balio du burutik buru prozesuaren bidea ikustea, dena eskuz eta bertako artilearekin egina. Basaburuko hiriburuan, Atharratzen, Herauskorritxe mitologiaren interpretazio zentroa zabalik da, eta urririk eta euskaraz. Hiriaren bisitatzeko ere balia daiteke paradaz. Eta mendia amiñi bat dastatu nahi duenak badu hauta, Madalena kaskorat igan eta bistaz gozatzeko. Hortik ez urrun, Eujarreko arroilan barrena ibilaldi luzea egin daiteke saiak hurbiletik behatuz, Santa Grazitik abiaturik. Izerdiaren ilkitzeko, Gamere-Zihigako laminen ur beroetan sar daiteke. Eta, jakitekoa da larunbat goizetan izaten dela Mauleko merkatu bizia. Laurden batera, Ospitalepeko eliza erromaniko ikusgarria hobeki ezagutzeko, aski da audioa aktibatzea, euskaraz ere baitaki.

Miarritzeko lakua. MIARRITZEKO TURISMO BULEGOA

Lapurdi

Lapurdiko mendia bertze begirada batez deskubritu nahi duena Ezpeletako Belazkabietatik Mondarrainera igan daiteke astoz, jabe euskaldunekin harremanetan sartuz: (00 33) 608-78 31 96. Bertzalde, itsas bazterreko plana egin nahi duenak, badu Erlaitzan oinez ibiltzerik, Urruñatik abiatu eta Hendaiaraino, Ziburuko Zokotik iraganez. Hortik ez urrun, Donibane Lohizuneko baratze botanikoan bisitak euskaraz egiten ahal dira, lehenagotik erreserbatuz: www.saintjeandeluz.fr/eu/. Miarritzek ere baditu bere barneak; hain ezaguna duen itsas bazterraz gain, Marion eta Mouriscot aintzirak lotzen dituen hiru ibilbide baititu, bost eta zortzi kilometroko zirkuituak. Bizikletaz edo oinez itzuliren bat egiteko, atsegina da zinez Baiona eta Uztaritze arteko tartea, autorik gabekoa, Errobi hegian. Autorik gabe beti, Baiona eta Donibane Garazi lotzen dituen trenak oren beteko xarma oparitzen du.

Zetazeoak. IHOBE

Bizkaia

Bilbok egunero antolatu ditu animazioak Aste Santuan. Arriaga plazakoak dohainik dira, 12:30ean: txistulariak, txalapartariak, bertso musikatua, dantza, narrazioa... Campos Eliseos antzokian, 17:00etan edo 19:00etan, antzerkia edo kontzertua. Ingelesen Landako kaian doako kontzertuak, 18:30ean. Azkuna zentroko auditorioan, apirilaren 7 eta 8an, 19:00etan, Bilbo Aurrera 2020 planeko proiektuen poltsan Udalak hautatutako lanak proiektatuko dira, denak euskaraz. Tokiak erreserbatzeko: bilbaokultura.eus. Arte Ederretako museoan, Lemoiz Gelditu erakusketa ere interesgarri gerta dakioke bisitariari. Bertzalde, porlanetik ihes egiteko bada hauta: Santimamiñeko lezeak zabalik baitira, baita Basondo, Ekoetxea biodibertsitate zentroa eta Urdaibai Bird Center ere. Bada urean nabigatzeko parada ere, ateraldiak antolatzen baitituzte Bermeotik Elantxobera edo Gaztelugatxera, eta, larunbatetan bakarrik, zetazeoak ikusteko. Erreserbatzeko: (0034) 946-87 04 02.

Albaola ontziolarara bisita, San Juan baleontzia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Gipuzkoa

Gipuzkoak ere badu eskaintza zabalik Aste Santurako. Donostian, adibidez, Ekoguneak baditu familia osoarentzako hitzorduak: Land Art deskubritzea, ipuin kontaketa, didgeridoo ipuin tailerra, yoga naturan, zianotipia laborategia eta euskal artilearen deskubritzea. Izena emateko: ekogunea.eus. Albaola Itsas Kultur Faktoriak Aste Santuko lehen lau jaiegunetan goizez zabalduko ditu ateak. Usaiaz aldatzeko, barnealdeko ibilaldiak ez dira eskas: Urola Garaia deskubritzeko ibilbide egokiak badira. Antiguatik has, bertako ermita bisitatu eta Beloki mendian promenatu. Urretxutik pasatzean, Joxe Mari Iparragirre olerkariaren ibilbidea egin daiteke, QR kodeei esker; baita Santa Barbara auzotik Irimo mendira igan ere, Aikur ezti museoa bisitatu... Zumarragako larunbatetako azoka ezin da bazterrean utzi. XVI. mendeko Ezkioko Igartubeiti baserria bistatzekoa da. Legazpin buka daiteke ateraldia: Mirandaolako Burdinolan. Erreserbatzeko: www.gipuzkoaturismoa.eus.

Arroilen jaitsiera Araban. INGURUABENTURA.COM

Araba

Arabako eskualde ezezagunagoak deskubritzeko balia daiteke pandemiaren egoera berezi hau. Aiara ibarrean, adibidez, txakolina egiten da, eta badu bere ibilbidea. Upeltegiak nahiz gaztandegia bisita daitezke. Erreserbatzeko: (0034) 945-39 92 57. Gorobel mendilerroaren edertasunaz goza daiteke han. Gainera, Artziniegan, bada zer bistatu: Santxotena tailer-museoa, museo etnografikoa, eta egonaldiaz balia daiteke XVI. mendeko Arteko Amaren Santutegia ezagutzeko ere. Izki eta Valderejo ere badira, Arabako bortz parke naturaletatik ezezagunenak. Izarratik abia daiteke Gujuliko ur jauzi ikusgarrira; Delikako ur jauzia den bezainbeste. Arroilen jaitsierak egiteko, erreserbatu behar da: www.inguruabentura.com. Ezagunagoa bada ere, ez du interes faltarik Añanako gatzagak; alta, erreserbatu behar da, bisitak mugatuak baitira: www.vallesalado.com.

Irantzuko monasterioa. NAFARROAKO TURISMO BULEGOA

Nafarroa

Nafarroa Garaiaren barne zabal ezezagunagoak deskubritzeko, Irantzuko lurrek bereziki prestatu dute Aste Santua. Apirilaren 3an eta 4an, adibidez, erromatar biaduktuaren bisita antolatua dute Azkonan. Bezperan, Irantzuko arroilaren bisita gidatua, Irantzuko monasteriotik abiatuz. Lakarreko Lezaun mahasti ekologikoan barrena bada zalgurdiz ibiltzeko parada. Lezaunen, Basabere eskola-etxaldean abereen egunerokoan parte har daiteke, bisita gidatuaren bidez. Irantzuko monasterioa egunero irekia da, eta manera ludikoan ere egin daiteke haren inguruko bisita: zortzi kilometroko ibilbidean gorderik baitira hamabi altxor. Hortik hurbil da Allotzeko urtegia; piraguan edo parapentean ibil daiteke han. Erreserbak egiteko: www.tierrasdeiranzu.com. Iparralderago, memoria historikoaz gehiago jabetzeko, Amaiurko gaztelua eta museoa bisita daitezke. Erreserbatzeko: www.amaiur.eus.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.