Italiako Scarsella etxeak irabazi du Donostiako suen Urrezko Maskorra

Sari nagusia ez ezik, Hasierarik Ikusgarrienaren Saria ere eman diete italiarrei. Bigarren saria Espainiako Vulcano etxeak jaso du

Astelehenean lehertu zuen Scarsella etxeak bere suziri bilduma. Figura handiak goraipatu zizkieten. IÑIGO URIZ / FOKU.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2019ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Italiara joan da aurten Donostiako Su Artifizialen Nazioarteko lehiaketako lehen saria. Scarsella Fireworks familia enpresari Urrezko Maskorra eman zion atzo epaimahaiak, «Oso ikuskizun ona, eta ondo egituratua» eskaintzeagatik, Izaskun Astondoa epaileak azaldu zuenez.

Astelehenean egin zuten su ikuskizuna italiarrek, eta «handitasuna» nabarmendu zuten adituek. Altuera handian lehertu zituzten suziriak, eta figura handiak sortu zituzten zeruan. Zuriak, moreak eta gorriak izan zituzten nagusi, eta amaierako traka luzearekin biribildu zuten ikuskizuna. «Lehen aldiz hartu dugu parte Donostiako lehiaketan, eta ustekabe handia izan da irabaztea», esan zuen atzo Antonio Orzella enpresaburuak sariaren berri jakitean. Italiatik mintzatu zen Orzella, eta Ricardo Caballerrek jaso zuen saria haren izenean atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eginiko ekitaldian.

Ausardia, sorkuntza eta zorroztasuna du lelotzat Scarsella familiak. Duela 50 urte hasi ziren pirotekniaren munduan, Giuseppe Scarsellak orduan sortu baitzuen enpresa lagun batekin. «Koloreak eta forma nahasketak hobetu nahi izan ditugu beti, berrikuntza eta teknologiaren bitartez», adierazi du konpainiak. «Arriskua maitatzea gure DNAn dago».

Urrezko Maskorra irabazteaz gain, Hasierarik Ikusgarrienaren Saria ere eskuratu zuten italiarrek. Badiako uraren gainean dagoen plataformatik lehiakide guztiek hasieran bi minutuz egin behar duten saioa epaitzen dute.

Zilarrezko Maskorra Madrilgo Vulcano etxeak lortu du aurten. Haren su jauziak eta palmondoak nabarmendu zituzten ikusleek, eta, italiarren kasuan bezala, suziriak altuera handian leherrarazi zituztela.

Brontzezko saria, Hermanos Caballer (Castello, Herrialde Katalanak) etxeak eraman zuen.

«Donostiako lehiaketa su artifizialen Txapeldunen Liga da», esan zuen atzo Jordi Beltran epaileak. Badian egiteak dakarren zailtasuna nabarmendu zuen adituak, jakin behar delako «Kontxako markoa erabiltzen». Beltranek nabarmendu egin zuen aurten lehiatu diren piroteknia etxeen eskuzabaltasuna. «Material asko bota dute enpresa guztiek; bat bera ere ez da etorri denbora pasatzera».

'Bartzelona', Donostian

Atzo amaitu ziren su ikuskizunak, Aste Nagusiarekin batera. Ohi den bezala, ikuskizun «piromusikal» eskaini asmo zuten. Hemezortzi minutuko ikuskizuna programatu zuten, «su klasikoak eta modernoak; gure jakinduriaren erakustaldi osoa egiteko», azaldu zuen eguerdian Ricardo Caballerrek. Usandizagaren eta Pucciniren musikarekin aireratu zituzten suziriak, eta Montserrat Caballek zein Freddie Mercuryk abesturiko Bartzelona kantarekin, turista galduak are gehiago nahasteko arriskuarekin. «Donostia Musikal elkarteak lagundu digu doinuak aukeratzen», esan zuen atzo Jon Insausti Donostiako Kultura eta Euskara zinegotziak. Lehiakideen mailarekin «pozik» zegoela esan zuen Insaustik. «Donostiarrek ere ikusi dute aurten maila handixeagoa izan dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.