Donostiako Aste Nagusia

Italiako Scarsella Fireworks su etxeak irabazi du suen nazioarteko lehiaketa

Castelloko Marti Pirotekniarentzat izan da Zilarrezko Maskorra, eta Kanaria Handiko San Miguel Pirotekniarentzat Brontzezko Maskorra

Ostiralean izan zuen Scarsella su etxeak bere bilduma lehertzeko aukera. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
2019an bezala, Donostiako Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketako Urrezko Maskorra irabazi du Italiako Scarsella Fireworks su etxeak. Herenegun erakutsi zuten haien bilduma Kontxako badian, eta horri esker jaso du sari nagusia.

Bigarren saria Herrialde Katalanetara joan da: Castelloko Marti Pirotekniak jaso du. Astelehenean erakutsi zuen bere lana, eta emanaldi dotorea eta erregularra osatu zuen, bukaerako traka zaratatsuarekin. Bigarren saria ez ezik, Super Amara Epaimahai Gazte saria ere irabazi du Marti su etxeak.

Hirugarren saria, berriz, Kanaria Handira (Espainia) joan da. Asteartean erakutsi zuen San Miguel su etxeak bere lana: ikuskizun dibertigarria osatu zuen, kolorez eta jolasez betea. Horri esker eramango du bueltan Kanarietara Brontzezko Maskorra.

Atzo eguerdian eman zuen sarien berri epaimahaiak, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Ekitaldian, eskerrak eman nahi izan zizkieten Erresuma Batuko Fully Fused Fireworks eta Valentziako (Herrialde Katalanak) Turis piroteknia enpresei, «erakutsitako profesionaltasunagatik eta lehiaketan parte hartzeagatik, beren bildumen muntaketak egin zituzteneko baldintza meteorologiko apartei aurre eginda».

Asteazkenean bota behar zuen bere bilduma Erresuma Batuko su etxeak, baina haize bolada handiengatik bertan behera geratu zen emanaldia, eta, beraz, ezin izan du lehiaketan parte hartu. Ostegunean eman zuen bere ikuskizuna Valentziako su etxeak, eguraldi kaxkarrarekin. Jon Insausti udaleko Festa Jardueretako zinegotziak aipatu zuenez, zailtasun horiek su festen atzean egoten den segurtasun lanaz hitz egiteko aukera eman zuten.

Irabazleek herenegun emanaldi dotorea eskaini zuten Kontxako badian, bai kolore eta bai formei dagokienez. Ohi duten moduan, ez zuten su alturik bota, eta altuera ertainekoak izan ziren nagusi. Emanaldi bikain horri esker jaso dute Urrezko Maskorra.

Eskarmentu handiko piroteknia da Italiako Scarsella Fireworks. 1969an sortu zuen Giussepe Scarsellak, Alatrin (Italia), eta su festen bilakaera guztia ezagutu eta barneratu dute. 50 urteko esperientzia berme handia da pirotekniaren munduan, eta horixe eskaintzen du Scarsellak behin eta berriz: belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutza. Ekitaldi ahaztezinak sortzearen fama dute italiarrek, eta hala erakutsi dute bi urtez Donostian, 2019an eta aurten Urrezko Maskorra irabazita. Gaur egun, bi egoitza nagusi dituzte: Alatrikoa eta Anagnikoa.

Su festa musikatua

Izaskun Astondoa eta Antton Blanco epaimahai ofizialeko kideak izan dira, eta biek ala biek azaldu zuten «oso maila oneko» suak izan direla aurtengo Aste Nagusian. «2012. urtetik ez dugu hain argi izan irabazlea», esan zuen Blancok.

Atzo Vulcano su etxeak su eta musika ikuskizuna eskaintzeko aukera izan zuen. Lehiaketaz kanpoko 24 minutuko ikuskizunean, euskal musika izan zen nagusi; Donostiako Martxa eta Huntza, Izaro, Neomak eta Koban taldeen doinuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.