Itzaleko zaintzaren memoria

Guda garaitik gaur egunera arte, etxeko langile edota neskame izandakoen testigantzak bildu ditu Eider de Dios historialariak liburu batean. Garaika, historian zehar izandako aldaketak azaleratu ditu.

Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Zergatik dira emakumeak nagusi zerbitzu lanetan? Eider de Dios historialariak erantzuna argi du: esparru prekarizatua delako eta prekarizazioak emakume izena duelako. Hala, ondorioztatu du doktore tesia idazteko etxeko langile edota neskame izandako emakumeei egindako dozenaka elkarrizketaren ondoren. Sirvienta, Empleada, Trabajadora de Hogar (Neskame, enplegatu, etxeko langile) liburuan bildu ditu testigantza guztiak. Garaian arabera sailkatuta, historian zehar hiru taldetan banatu ditu, hain zuzen. Halaber, lan mota, soldata edota baldintzei dagozkien aldeak azaleratu ditu.

Etxeko langileen sektorea sektore arrunt bat balitz, ez litzatekeela hain feminizatua egongo azpimarratu nahi izan du De Diosek liburuan: «Bizi maila apalagoko emakume batez aprobetxatzeaz gain, langile normal bati baino gutxiago ordaindu izan zaie langile hauei, eta oraindik ere hala jarraitzen dute». Bat egiten du gaur egungo etxeko langileen diskurtsoarekin. «Diskurtso feminista irudituagatik, aldi berean erradikala da, berdintasuna bultzatzen duelako». Egun, etxeko langileen borrokak piztuta jarraitzen badu ere, urteetan atzera eginda aurki daitezke gatazka horren lehen pausoak.

36ko gerra garaian ugaritu egin ziren etxeko lanetan aritzen ziren neskameak. Zehazki, Francoren diktadura hasi zenetik teknokratak heldu arte, hau da, 1959. urtera arte, ehunka izan ziren beraien etxeak utzi eta etxe arrotzetan lanean aritu zirenak. 1959. urtean, mutualitate berezi bat eman zitzaien, baina ez zen gainontzeko langileena bezalakoa.

Aurretik, Errepublika garaian, langileen sisteman sartuta zeuden, eta lana profesionalizatzeko saialdiak izan ziren arren, ez zen posible izan familiarekiko lotura askatzea. Frankismoaren diktadura iristean, ez zuten iraganarekin eta errepublikarekin zerikusirik izan nahi;«aditu bati entzun nion, eta hala da, garai hartako gizartearentzat, oso esanguratsua zen neskameak manifestazioetara joatea eta beraien eskubideak aldarrikatzea», azaldu du De Diosek.

Frankisten arabera, neskameen lana ez zen lan arrunt bat, eta familiei zegokien ordutegiak jartzea. Halaber, gaizki ikusia zegoen halako lanak arautzea. Legeak existitzen ziren, eta, ondorioz, ez zegoen debekatua lana, horren ordez, etxetik eta etxerako lana esaten zitzaiona bultzatzen zen batik bat. Hala eta guztiz ere, legeak emakume horiek baztertzen jarraitzen zuen.

Gutxietsitako langileak

Euskal Herrian, etxeko langileen zerbitzua neska baserritarrekin zein Espainiako herri txikietatik etorritakoekin lotu izan da. Hirian jaiotako oso neska gutxik lan egiten zuten zerbitzuan. «Neskame lana nekazari giroko neskek egiten zuten, horiek zakarragoak zirela suposatzen zelako», azaldu du De Diosek. Emakume horiek etengabe barreak eta txisteak jasan behar izaten zituzten, berba egiteko moduagatik, besteak beste.

Hasierako neskameak, oro har, oso txiroak ziren, probintzia barruan mugitzen ziren, eta, askotan, errepresioari eta goseari aurre egiteko lan egiten zuten. Horrez gain, De Diosek azaldu du gerra garaian, neskameen lanpostuak normalean gurasoek lortzen zituztela: «Familia batek beste batekin hitz eginda adosten zuten». Horri lotuta, soldata zuten neskameen kasuan, haiek ez zuten ezer jasotzen, zuzenean haien familiari joaten baitzitzaion.

«Aldebiko zerbitzua» ematen zen familien eta langilearen artean, familiek arauak jartzen zizkieten neskameei, eta haiek gehienetan janariaren truke lan egiten zuten. De Diosek azaldu duenez, familiek neskameei hezkuntzaren bat ere emango ziotela suposatzen zen. «Etxeko lanak feminitate eskolak ziren aldi berean, neska finagoak egiteko balio zieten».

1959. urtetik trantsiziora bitartean neskame aritu zirenak ez ziren dirudunak, baina ezta txiroak ere. Garai horretan, soldata izatea ohikoagoa zen, eta dirua aurreratzea ere lortzen zuten zenbaitek. «Independentzia zentzu bat lortzera ere iristen ziren batzuetan», azaldu du De Diosek. Halaber, migrazioek lotura izan dute zerbitzu lanekin. Bigarren frankismoa esaten zaion garaian, etxeetan neskame aritzea aukera ona zen Burgostik edota Andaluziatik (Espainia) migratu nahi zuten emakumeentzat. Migratzeko arrazoiak bat baino gehiago izaten ziren: bazeuden gaztetako espektatibak bete nahi zituztenak eta Bilbo inguruetara dantza ikastera edota alfabetatzera joaten ziren emakumeak; edo beraien gurasoen bizimoduarekin eten nahi zutenak eta nekazari munduarekin nekatuta zeudenak.

Garaiaren arabera, etxeko langileek egin beharreko lan mota ere aldatuz joan da. Gerra garaian, ia etxe guztietan zeuden neskameek haietan igarotzen zituzten eguneko 24 orduak. 1960ko hamarkadatik trantsiziora bitarte ere halakoek jarraitu zuten. 24 orduko langile izatea estrategia ona zen hirira joateko, lo egiteko lekua eskaintzen zuelako lanarekin batera, eta ez zuten beste etxebizitzarik bilatu behar: «Bilbon, adibidez, arazo handia zegoen etxebizitzekin».

Etxeko langileak ugaritzearen ondorioz, haien soslaia ere aldatuz joan da. Denborarekin, egun osoko neskameak desagertu egin ziren, eta, geroz eta gehiago, ordu tarte zehatzetarako eskatzen zituzten. Familiaren ekonomiak baldintzatzen zuen hori. Era berean, orduka lan egiten zutenek izaten zuten lanik potoloena, hots, garbiketa lana. Are gehiago, garai haietan familiak handiak zirela kontuan hartuz. Normalean,astean behin joaten ziren soilik hori egitera. Horrez gain, jostunak ere ordu zehatzetan joaten ziren arropa zuriak jostera, edota gizon-emakumeen jantziak egitera. Bestalde, 1960ko hamarkadatik trantsiziora arteko garaian, ezkondu ostean ez zegoen ondo ikusia fabriketan lan egitea, eta errekurtso bat zen etxeetan lanak egitea, garbiketaz arduratzen ziren emakumeak ziren, hain zuzen.

Harrotasunez diote

Errepublika garaitik gaur egunera arte, 1985ean aitortu zuten lehen aldiz lana. Eta tarte horretan hasi ziren etxeko langileengana zuzentzeko orduan hizkuntza aldatzen ere. Langileen mugimenduak bestalde, trantsizio inguruan hasi ziren, ordura arte neskameak oso zapalduak egon ziren. Gazte langile katolikoen elkartea izan zen mugimendu horien bultzatzaile nagusienetakoa. 60ko hamarkadan, iraultza garai betean, neskame askoren ametsa gizartea aldatzea zen, eta horretarako, fabriketan lan egitea zen gakoa eta ez etxeetan.

Hala ere, etxeko langile izateak historian zehar, oro har, ez du kutsu negatiborik izan neskameentzat beraientzat, De Diosek liburuan jasotzen duenaren arabera. Lan eskaria handia zen, eta haiek ez zuten bere burua biktima gisa ikusten, nahiz eta egoera ona ez izan, aukerak ikusten zituztenhobetzeko.

Oro har, De Diosek bildu dituen testigantzek argi dute gizarteak ez duela irudi ona haien inguruan, «hirugarren mailako langileak» sentitzen dira, baina horrek bost axola die, eta neskame lana eta duen alde soziala gustatzen zaiela aitortu dute gehienek. Horrek ez du esan nahi, baina, zer baldintzatan egiten den. Halaber, haien lanak ez duela zentzurik iruditzen zaie, azken finean beste batek egin nahi ez duelako egiten dutelako. De Diosek azpimarratu du egoera latzetan ere, oso emakume boteretsuak ezagutu dituela eta beharrezkoa dela beren borrokatik ikastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.