Suziriek ez dute piztu festa

Bigarren urtez, ez da Aste Nagusirik Donostian, ezta kanoi hotsik ere. Piratek jai herrikoiak eta haien espazioak aldarrikatu dituzte, kaian eginiko ekitaldi batean.

Ezkila kapitainak eta Mattik hartu dute hitza Piraten ekitaldian. JON URBE / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
Donostia
2021eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Kaia aldarrikapenez jantzita esnatu da larunbatean. «Kaian aingura, Donostiatik mundura», esaten duen pankarta handi batek ematen die ongietorria Parte Zaharrera sartzen diren herritarrei. Aste nagusirik ez da izango aurten bigarrenez, baina Donostiako Piratek kaia hartu zuten atzo eguerdian, jai herrikoiak eta haien espazioak defendatzeko eta aldarrikatzeko.

Hainbat piraten begiradapean, Ezkila kapitainak eta Mattik hartu zuten hitza: «Oztopo ugariren gainetik, lortu dugu aurten ere Donostia abordatzea», nabarmendu zuen kapitainak. Izan ere, Kabotajea antolatu dute Piratek datorren asterako, ostegunetik igandera egingo den egitaraua.

Pandemiak mugatu bai, baina ez ditu geldiarazi jai herrikoiak. Festa eredua berriro pentsatu eta birmoldatzea egokitu zaie Piratei, baina gogotsu daudela dio Ezkilak. Pandemian «gazteek pairatu duten kriminalizazioaren aurrean», elkar babesteko deia ere egin dute: «Badakigu gauzak ondo egiten eta elkar zaintzen. Geure buruak zaintzeko gai gara».

Urtero legez, Donostiako aste handiak bere Matti izango du. Pertsona edo kolektibo berezi batek gorpuzten du, eta aurten, Naizen adingabe transexualen familien elkartea izan da. «LGTBI+ kolektiboaren aurkako erasoak bata bestearen atzetik datozen garai hauetan» elkartea omendu nahi izan dute Piratek.

«Izan gaitezen denok piratak. Gora piratak!». aldarriaren ostean, suziriek eta musika doinuek girotu zuten kai ingurua. Metxak, ordea, ez du piztu festarik aurten.

Giroa Parte Zaharrean

Kaiko lasaitasuna zarata bihurtzen da Parte Zaharrerako pasabidea igarota. Beteta daude kale estuak, eta beteta terraza eta taberna gehienak. Aste Nagusiko usainik ez da igartzen, baina. Frantsesa eta ingelesa barra-barra entzuten dira: kalean dabiltzan gehienak turistak diren seinale. Pintxoz beteriko barrek erakarrita, ilaran zain daude asko. Pandemiaren aurkako neurriek itxaroteko tokiak bilakatu dituzte kaleok.

Gida turistikoei jarraika dabiltzan talde handien artean, bada donostiarrik ere. Uxue Ortegak eta familiak ozta-ozta lortu dute tokia terraza batean. Ez du penarik jaiak bertan behera gelditu direlako; are, eskertu ere egin du: «Parte Zaharrean bizi gara, eta nahiko jende dabil dagoeneko. Masifikazio handiegia litzateke bizi dugun osasun egoerarekin». Piraten kofradietako kideak dira, eta egitasmoetara joateko asmoa dute. Bestelako aldarte batekin dago Naiara Vañolos gaztea, penaz bizi baititu egunok. Ulertzen du festak ez egitearen arrazoia, baina jendeak ospatu egingo dituela uste du: «Afariak ditugu, eta berdin aterako gara».

Artilleroen doinuak giroturik piztu ohi zen festa Alderdi Ederren. Alabaina, aurten, artisau azoka da udaletxeari begira dagoen lekuko bakarra, paseoan dabiltzan herritarrekin batera. Animalia formako puxikekin daude zenbait haur, baina bestelako jai zantzurik ez da. Parte Zaharrean terrazak beteta dauden arren, abuztuko larunbat arrunt baten itxura du hiriak. Surik ez da gauean Kontxako badian: burrunba hotsik gabe jan beharko dute herritarrek izozkia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.