Denbora lapurtuz, lanpostuak kentzea

'Time Thieves' dokumentala egin du Cosima Dannoritzerrek: denboraren lapurrak identifikatu eta ikusleen begien parean jarri ditu. Bezeroei lan eginaraziz lanpostuak kentzen ari dira enpresak. Lan hori oinarri hartuta, denboraren erabileraren inguruko hausnarketa abiatu dute Azpeitian.

Fabian Mohedano Azpeitiko Sanagustinen, asteartean. JON URBE / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
2018ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Lehenagotik buruan zerabilen ideia lauso bat guztiz argitu zitzaion Cosima Dannoritzer dokumentalgileari aireportuan: lanean ari zen bere denbora librean. «Neronek inprimatu behar nuen hegazkineratzeko txartela, maleta neronek fakturatu makinan, segurtasunarekin berdin, eta, gainera, kudeaketa gastuak kobratu zizkidaten. Baina, hemen, nik egin dut lan, ezta? Nork ordaindu beharko lioke nori?».

Aireportukoa ez da salbuespena, ordea. «Jatetxe batzuetan zuk joan behar duzu janariaren bila, mahaia garbitu, erretilua gorde... Supermerkatu batzuetan ez dute langilerik jartzen bezeroei kobratzeko. Aurreko batean, AEBetako hotel batean, neronek atera behar nituen maindireak joan aurretik». Tarte txikiak dira, hala dio: bost edo gehienez ere hamar minutu. Ez dirudi ezer larria, atzean dagoenaz jabetu arte: «Euren langileei legozkiekeen minutuak ari dira aurrezten».

Dokumentaleko datu batekin argiago ikusten da: banku elektronikoaren bidez, 10.000 sukurtsal itxi ziren Europan 2016an. Alegia, 50.000 lanpostu inguru galdu ziren, bankuko gestioak Internetez egiteko aukera emanez—edo horretara derrigortuz, kasu askotan—. Kontu horiek etxetik egin ahal izatea, edo asteburuetan egitea, ilararik itxaron behar izan gabe, ordea, denbora aurreztea da, edo denbora librean lan egitea?

Izan ere, batzuetan ez da beste aukerarik izaten. Bezeroak langile bihurtu dituzte enpresariek: lanean ari direla konturatzen ez diren langileak. «Kontsumitzailea azpikontratatzearen gisako zerbait da». Bezeroak gero eta goizago sartu nahi dituzte ekoizpen prozesuan, Dannoritzerren esanetan: «Kontzeptu bat ere badago hori izendatzeko: langileria partziala. Enpresen kudeaketari buruzko liburuetan agertzen da». Alegia, bezeroei lantxo txikiak eginaraztea, lan horiek egingo dituzten langileak ez kontratatu behar izateko. Kostuak murriztuz etekinak handitzea. Denbora lapurtuz, lanpostuak kentzea.

XIX. mendeko azken urteetaraino egin du salto Dannoritzerrek dokumentalean enpresek langileen denbora kontrolatzeko joeraren jatorriaren bila: lantegietan lanera sartzean eta handik irtetean fitxatzen hasi ziren garairaino. «Enpresaria langileen lanorduen jabe izatera pasatu zen: 'Denbora hori nirea da, eta nik nahi dudana egin behar dute langileek tarte horretan'».

Fitxatzea, lehen pausoa

Hori izan zen lehenengo pausoa, baina segidan etorri zen hurrengoa: zer egin zezaketen denbora hori are errentagarriagoa izateko? Hor hasi ziren denboraren inguruko lehen azterketak: mugimenduen azterketa, ergonomiarena... Dena, denbora berean gehiago ekoizteko. «Baina kasu batzuetan muturrera eraman dute kontua, langileei komunera joatea edo jatea debekatzeraino».

Fitxatzearen sistemaz gain, existitzen da kontrolerako beste dinamika bat: enpresa barruko presioa. «Jendeak pentsatzen du esku artean duen proiektua oso garrantzitsua dela, eta han ez badaude beste batek hartuko duela bere proiektua». Eta horrekin lotuta dago lanaren kultura. «Pertsona arrakastatsua da beti lanpetuta dagoena, ez ditu atsedenak egiten energia asko duelako... Buruan sartu zaigu produktiboak izan behar dugula, bestela zerbait galtzen ari garelako: izan daiteke dirua, izen ona...». Fitxatzen ez duten enpresetan ere ez daude salbu: «Googlek utzi zien bere langileei erabakitzen noiz eta zenbat orduz lan egingo zuten: enpresatik inortxo ere ez ateratzea ekarri zuen horrek».

Erresistentzia egin, egin daiteke. «Une oro ariketa kontzientea egin behar dugu: Ikeako altzari bat erosiko dut, edo eginda ekarriko didan beste bat erosiko dut?». Dokumentalean Frantziako bikote baten kasua islatu du Dannoritzerrek: Mathysi, 9 urteko euren haurrari tumore bat topatu zioten urdailean. Biek hartu zuten gaixo baimena semea zaintzeko; tratamentu andana egin zizkioten, asko arrakastarik gabeak. Semea hiltzen ari zen, eta harekin egon nahi zuten: «Egun bakoitza zen garrantzitsua».

Baimena hartu eta hiru hilabetera, gizarte segurantzako inspektore batek hala esan zion aitari: «Zure semea dago gaixorik, ez zu». Lanera itzuli behar izan zuen, lana galtzearekin mehatxu egin baitzion. «Itzuleran, lankideek galdetzen zidaten ea nahi nuen zerbaitetan laguntzea, erosketak egiten, lorategiko belarra mozten... Esan niena zera izan zen: 'Semearekin egoteko denbora behar dut'». Elkartasun keinu izugarri batean, lankideak euren egun libreak pilatzen hasi ziren: bi astean, sei hilabeteko oporrak eman zizkioten Mathysen aitari.

Halakoek argi uzten dute denbora dirua dela: lapurtzen duten hein berean eros daitekeela. Baina denen erosahalmena ez da berdina, eta klaseak zuzenean eragiten du horretan. Aditu batek dio dokumentalean jendea denbora eskubideen alde borrokan hasi dela eta denbora borrokak botere borrokak direla, oinarrizko eskubidetzat hartuta, hezkuntzaren edo osasunaren pare. «Fabian Mohedanok oso ondo azaltzen du hori dokumentalean: esaten du denbora asko ematen baduzu lanean eta gero, etxera joan, eta familia bat baldin badaukazu, ezin duzula gizartean parte hartu, ez daukazulako denborarik ez egunkaria irakurtzeko, ez kalera irteteko edo debate batean parte hartzeko». Eta lanean aipatzen ez badute ere, jokoan sartzen da generoa ere: lan ordaindua egiteaz gain, zaintza lanak emakumeen ardurapean badaude, ez zaie gizartean parte hartzeko denborarik gelditzen.

«Herrialde martetarra»

Denboraren erabileran aldaketa batzuk eginda denbora libre gehiago edukitzeko aukera egon badago. Mohedano ekintzaile eta politikaria da, hain zuzen ere, Katalunian Reforma Horaria ekimenaren bultzatzaileetako bat. Hiru eztabaida planteatu zituzten horren barruan. Batetik, ea Greenwicheko edo Berlineko orduaren arabera funtzionatu beharko luketen eta, horrekin batera, ea udaren eta neguaren arteko ordu aldaketa horiek egin beharko liratekeen. Bestetik, enpresarien, lanpostuen eta langileen arteko harremana mahai gainean jartzea: alegia, lehentasuna zerk eduki beharko lukeen eztabaidatzea, lantegian orduak sartzeak edo errendimenduak. Eta, azkenik, inguruko herrialdeen funtzionamendua eta eurena alderatzea. «Herrialde martetar batean bizi gara: hamarretik bik baino ez dute gosaltzen hemen, eta beste inon egiten ez den gosaria egiten da 11:00etan; inguruan ditugun Mediterraneoko beste herrialdeetan bazkaltzear daude ordu horretan».

Txikikeria dirudi gosaltzearenak, baina ez da, egun guztia baldintzatzen duelako. «Lehenengo Homo sapiens-ek egiten zuten lehenengo gauza gosaltzea zen, ehizarako eta uzta jasotzeko indarra izateko. Nekazaritza etorri zenean berdin, eta fabrikara lanera joateko ere indarra behar duzu; 12:00etan bazkaldu, eta eguzkia joaten ari denean sukaldean ari zara. Mundu guztiak afaltzen du 20:00etan, egunez delako, jaten ari direna ikus dezaketelako. Zergatik sinistu dugu gaua izan behar duela afaltzeko?». Irribarrez dio: «20:00etan afaltzen dudanean iraultzaile sentitzen naiz: badakit 21:00etarako afalduta egongo naizela, lotara joan aurretik tarte bat izango dudala eta hori ona dela niretzat eta gizartearentzat».

Jakitun dira aldaketak egiteko eragile guztiek jarri behar dutela ados: instituzioek, legeak egiteko; sindikatu eta patronalek, ordutegi «osasuntsuagoak» adosteko, eta, azkenik, alor pertsonaleko erabakiak: «Zer egin behar dut puntuala izateko, hala, besteen denbora errespetatzeko? Zer egin behar dut ordutegiaren bidez nire osasuna hobetzeko?».

Eurek hamabost laguneko taldea osatu zuten, gaiarekin lotuta zeresana zutenak: «Feminismotik zetozenak, hezkuntzatik, soziologiatik, ekonomiatik, kronobiologiatik, loaren medikuntzatik, lan arlotik...». Ezagutzak partekatzen hasi eta ordutegien arazorik larriena zein zen erabaki zuten: osasuna. «Lo gutxiago eginez gero, gaixotasun kardiobaskularrak izateko aukera gehiago dituzu; goizetan ez gosalduta edo ordutegi desberdinetan jateak minbizia sor dezake, diabetesa, gizentasuna... Erritmo zirkadianoak moldatu ditugu». Kontziliazioarentzako ere ona izan daiteke, baina hori ez dago Mohedano eta haren taldekideen esku. «Gizonak 18:00etan ateratzen badira lanetik 20:00etan beharrean, bi ordu horietan gimnasiora joatea edo tabernara, ez dit balio».

Eskumenak Madrildik mugatuta izan arren, lan dezente egin ostean, itun nazional bat osatzea lortu zuten: Carles Puigdemontek sinatu zuen iaz, beste 100dik gora eragilerekin batera —tartean, sindikatuak, patronala, hezkuntza komunitatea, gaueko aisialdian lan egiten dutenak, kontsumo eta komertzio elkarteak, kultur eragileak...—. Zenbait politika jarri dituzte abian dagoeneko, duela urtebete legebiltzarrak onartutako komertzio legea, esaterako, eta egin dituzte pauso batzuk: «Dendek neguan 21:00etan ixtea lortu dugu, eta TV3k Merlí 22:00etan ematea, 23:00etan eman ordez».

Lehen azterketa, Azpeitian

Krisiak gogor jo zuen Azpeitia (Gipuzkoa), eta Emakumeen Mahaian konturatu ziren andre asko zaintza lanetara itzuli zirela. Horregatik, zaintza aztertu nahi zuten, baina ez zuten modu egokirik topatzen. «Elhuyarrek ordutegien inguruko azterketa bat egiteko proposatu zigun: ikusi genuen zaintzarekin oso lotuta zegoela eta datu asko jasotzeko aukera emango zigula», azaldu du Azpeitiko Parekidetasun zinegotzi Leire Etxanizek.

Zaintza lanak eremu pribatuan izaten direnez batik bat, konturatuta zeuden «ezkutuan, inolako aitortzarik gabe» gelditzen zirela, Edurne Aranbarri Azpeitiko Parekidetasun teknikariaren arabera. Ez zuten zalantza handirik izan: proposamena onartu zuten. Azpeitia izango da gaia aztertuko duen lehen herria: galdetegi bat bidali zieten 16 urtetik gorako herritar guztiei. «Badago zeozer sekula ageri ez dena datuetan: egiten ditugun gauzak zein baldintzatan egiten ditugun». Hori saihestu nahian, «zail samarra» gelditu zaie inkesta.

Elkarte desberdinekin bildu ziren inkesta betetzearen garrantziaz ohartarazteko. «Bitxia» izan omen zen kirol elkarteekin bildu zirenekoa, Etxanizen esanetan. «Elhuyarrekoak galdera egin zuen: 'Hemen egongo ez bazina, zertan ariko zinateke?'. Hogei gizonetik bakarrak esan zuen etxeko lanak egiten ariko zela; gainerakoak, futbola ikusten».

Dannoritzerren pelikula ikusi zuten egilearekin berarekin, eta Mohedanorekin solasean aritu dira asteon. Hemendik aurrera, inkesten emaitzak aztertuko eta aurkeztuko ditu Elhuyarrek, eta horiei buruzko gogoeta saioak egingo dituzte hil honetan ez bada hurrengoan, kolektiboka: gazteekin, aitona-amonen zaintzan dabiltzanekin... Emaitzek aurrera begira jarraitu beharreko lan ildoak zehazten lagunduko diela espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.