Israel. Parlamenturako hauteskundeak

Anexioak hauteskunde lehiara

Benjamin Netanyahu lehen ministroak kanpainan hitzeman du bozak irabaziz gero Zisjordania Israelen parte bihurtuko duela ofizialki. Tel Avivek 1967tik okupatuta du palestinarren lurraldea

Israelgo soldadu bat Zisjordaniako Hebron hirian, iragan hilean, palestinarren protesta batean. ABED AL HASHLAMOUN / EFE.
mikel rodriguez
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
«Ez dut bereizten kokaleku blokeen eta kokaleku bakartuen artean, kokaleku bakoitza israeldarra baita, eta nik ez dizkiot emanen Palestinaren burujabetzari». Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak kanpainako promesa bat bihurtu du Israelek Zisjordanian eraikita dituen koloniak ofizialki Israelgo Estatuaren lurralde bilakatzea; hau da, nazioarteak palestinarren lurraldetzat duen eremua anexionatzea. Israelek 1967ko Sei Eguneko Gerran inbaditu zituen Jerusalem ekialdea, Zisjordania, Gaza eta Siriako Golango gainak. Netanyahuk azken urtebetean lortu du AEBek Jerusalem Israelgo hiriburutzat onartzea, baita Golango gainen anexioa ere. Sionismoaren proiektu espantsionistaren azken muga da Zisjordania bereganatzea, palestinarrekin konponbide hitzartu bat egitea eragotziko lukeen azken pausoa. Netanyahuk, hauteskunde lehia soil baten eztabaidan sartuta, normalizatu egin du marra gorri bat zena.

Osloko Akordioetan (1994), Israelek eta Palestina Askatzeko Erakundeak hitzartu zuten PAN Palestinako Aginte Nazionala sortzea. PANen egitekoa da Zisjordania eta Gaza administratzea, eta etorkizunean Palestinako estatu baten oinarria izatea. Baina Zisjordania hiru eremutan banatzea ere hitzartu zuten, eta horren ondorioz Israelek okupazioari eutsi dio, eta PANen ahalmena mugatu du. A eremua PANek administratzen du osorik; B eremuan, berriz, administrazio zibila PANen esku dago, baina militarra Israelen esku; eta C eremuan Israelek du kontrol osoa. C eremuak Zisjordania osoaren %60 hartzen du, eta han daude lurrik aberatsenak eta kolonia gehienak.

«Kokalekuen eremu osoa», erantzun zion Netanyahuk Israelgo telebista kate bati joan den asteburuan, kazetariak galdetu zionean ea C eremua anexionatzeko asmoa zuen. Lehen ministroak hauteskunde kanpainaren azken txanpan erakutsi duen truko ezkutua izan da Zisjordaniaren anexioarena, baina aitzinetik AEBek Jerusalemen hiriburutza eta Golango gainak aitortu izana ditu oinarritzat. Anexioa zer baldintzatan egiteko asmoa duen ere azaldu du Netanyahuk: «Irabazten badut, hurrengo agintaldian Israelgo legea aplikatuko dut [kolonietan]; espero dut akordio bidez, epeka egin nahi baitut estatubatuarrekin akordio bat lortzeko».

Donald Trump AEBetako presidenteak orain arte erabat babestu ditu Netanyahuren pausoak, eta erabakigarria izan da nazioarteari jaramonik ez egin eta anexio politikekin jarraitzeko. Netanyahuk uste du Trumpen babesa lortuko duela Zisjordaniarekin ere, baina, anexioak goiti-beheiti, elkarrizketa horretan erran zuen gutxienez orain arteko egoerari eutsiko diola; hau da, jarraituko duela praktikan Zisjordania osoa kontrolatzen, eta ez duela kolonia «bakar bat ere» hustuko. Hain zuzen, koloniak handitzeko asmoa du, eta herenegun bertan baimena eman zuen bertze 3.500 etxebizitza eraikitzeko.

Gaur egun, 430.000 kolono inguru bizi dira Zisjordanian; hau da, Israelgo biztanleriaren %7. Palestinarrak, berriz, hiru milioi inguru dira. Israelek lurralde hori kolonizatu eta ustiatu du, baina anexio ofizial bat egitea saihestu du, palestinarren egoera kudeatzeak ekarriko liokeen arazoarengatik —nazioarteko legedia urratuko lukeela alde batera utzita—. Izan ere, Zisjordania Israelen partetzat hartuz gero, Tel Avivek dilema bati aurre egin beharko dio: palestinarrak automatikoki Israelgo herritar bihurtu beharko lituzke, gainerakoen eskubide berberekin. Hori egin ezean, gutxienean apartheid egoera bat ezarriko luke; hortik aitzinera, are modu larriagoan urratuko lituzke palestinarren eskubideak.

«'Apartheid' iraunkorra»

Haaretz egunkariak honela laburbildu zuen lehen ministroaren proposamena atzoko editorialean: «Hauteskunde kanpainako kontu baten gisa hasi dena agenda ofizial bihurtu liteke koalizioak egiteko negoziazioetan, eta, gero, aldekoa den AEBetako presidente batekin eta bultzada ebanjeliko batekin, errealitate bihur liteke, eta aldi baterako apartheid-a apartheid iraunkor bihur liteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.