Pastor
DARWIN ETA GU

'Sex on the beach'

2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Apala bete kondoi dute aurrean iragarkiko bi mutilek. Zuriak XL tamaina hartu du. Beltzak, zakil ez hain handientzat egokiena, publizitateak iradokitzen duenaren arabera. Iragarkiak harritu egin du ikuslea. Izan ere, gazte beltzak zuriak baino tamaina handiagokoa beharko duela espero du. Ez da horrela: mutil zuriak hautsi du marka. Telebistan behintzat. Komunean beste kontu bat da. Beharbada, batak made in Antananarivo du tatuatuta zerean. Eta besteak, made in Cruces. Gurutzetara iritsi ez.

Zer kondoi mota erosiko lukete Bilboko Ledesma kaleko sex-shop-ean sartu nahi duten bi mutikoek? 13-14 urte izango dituzte, besterik ez. Bertako arduradunak alde egiteko esan die atean bertan.

Bizkaiko egunkari batek argitaratu duenez, bederatzi urterekin hasten dira hemengo umeak pornografia kontsumitzen. Parisko erregioko agintariek prebentzio kanpaina bat bultzatu dute hedabideetan: hango haurrek 10 urterekin dute lehen kontaktua material horrekin. Ume bilbotarrak paristarrak baino lizunagoak ote? Abando Pigalle baino bizio iturri handiagoa? Sodoma eta Gomorra Bilbon. Sabinok burua altxatuko balu! —edo Indaleciok, edo Federikok—.

Pornografia ikusi, bai, baina jardun? Frantziako 15-20 urte bitarteko hamar gazteetatik lauk ez dute erlazio sexualik izan aurten, IFOP iritzi institutuaren arabera. Pandemiak zer ikusi handia izan du, baina beste arrazoi batzuk ere badira, adituen aburuz: gazteak nazkatzen hasi omen dira sexu harremanak izateko presioaz. Pentsaera horrek zenbateko indarra duen... Batez ere orain, udan: hondartza, eguzkia eta sasoia, hormonak zoratzen dituena. Koktela prest dago, fresko bezain bero.

Unibertsitateko ikasle batek esan diona azaldu dit lankide batek. Larunbatetan mozkortu eta mutilen bila joaten da neska. Irakasleak —hura ere andrazkoa— besterik gabe egiten ote duen galdetu zion. Horixe! Egin egite aldera da kontua. Egun batean ez dakit zenbat mutilekin egoten saiatzen da. Ahaztu estereotipoak: ikasle fina da neska. Gelako onenen artean dago.

Sexua, sexua eta sexua. Tal Madesta militante feminista, trans eta kazetari frantsesak Désirer à tout prix liburuan adierazi duenez, kapitalismoak merkatu bihurtu du sexua. Eta gorputza, makina: ekoitzi egin behar du, errendimendua etengabe optimizatu. Antzera pentsatzen du Richard Memeteau filosofoak: gau bateko larruketak biltzeak, erlazio emozional edo sentimentalik gabe, gizatasuna kentzen dio besteari: gure desiren kontsumo-objektu bihurtzen du.

Arreta ematen du jokaera hori orain deabrutzeak, nesken artean zabaltzen ari denean. Kasualitatea? Gizonezkoen aldetik normaltzat jotzen dena —edo ez hain kritikagarritzat— bekatu ageri zaigu emakumeek bere egiten dutenean. Batzuek diotenez, 90eko urteetako feminismoa, eremu sexuala berdintasunerako urrats moduan konkistatu nahi zuena, iragana da. Joera hori heterosexual eta maskulinoa da. Ahalduntze okerra edo. «Horretarako nahi zenuten berdintasuna?» esatea besterik ez dute falta. Galderak, agian, beste bat izan beharko luke: «Gizonek beste sexualitate bat, zaurgarri eta sentikorragoa, garatuko dute behingoz, gizontasunari uko egiten ez diotela onartuta?». Arauak salbuespenak ditu, noski. Lagun baten neska-lagunak argi du: «Laztantasuna nahi dugu, baina noizean behin hormaren kontra bete-betean jo gaitzatela ere gustatzen zaigu».

Hondartzako bi neskak Bilboko sex shop-ean sartu nahi zuten mutilen adinekoak dira. Hamalau urte, gehienez. Plisti-plasta dabiltza uretan. «Inoiz egin duzu neska batekin?», galdetu du itxuraz gazteenak. «Bai. Eta zuk mutil batekin?». Besteak ere baietz erantzun du. «Pitilina txikia zuen, ezta?». Barre egin dute. Txikia bazen, zer zen? Malgatxea ala euskalduna?

Itsas hegitik oso urrun ez, koktel sorta ederra eskaintzen du taberna batek, izen ezin erakargarriagoekin: mojito, piña colada, coco loco, alisios de pasión... Sex on the beach kartako beheko aldean dago: vodka, melokotoi likorea eta laranja ura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.