Zurea da nire gorputzaren gaineko erabakia, eta nireak ondorioak?

Elisa Valenzuela Mendoza
2023ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Gaur egun mundu osoan asko aurreratzen ari da abortatzeko eskubidearen inguruan; esaterako, Argentinan, Kolonbian eta Mexikon. Hala ere, beste herrialde batzuetan —Nikaraguan, Dominikar Errepublikan eta, urrutira joan gabe, Andorran— oraindik ere ez da legezkoa haurdunaldia nahita etetea, zein ere den egoera. Gainera, beste batzuetan, AEBetan esaterako, utzi egin diote abortua konstituzioaren bidez babesteari; ondorioz, emakumeek kartzelatuak izateko arriskua dute, bizilekutzat duten estatuaren arabera. Beste herrialde batzuetan, Espainian adibidez, 1985ean legeztatu zuten abortatzeko eskubidea, baina inguruabar jakin batzuetan bakarrik; beraz, praktikan, ama izan nahi ez zuten emakumeek ez zuten izan horretarako eskubiderik 2010era arte, orduan onartu baitzuten Haurdunaldiaren Borondatezko Etenaren eta Sexu eta Ugalketa Osasunaren Legea (2/2010 Legea).

Horrek esan nahi du haurdun geratzeko gai direnen erdiek ez dutela modurik erabakitzeko ea ama izan nahi duten, eta beren gorputzarekin zer egin nahi duten. Ia 2.000 milioi lagun bizi dira haurdunaldia eteteko bidea zorrotz murriztua dieten herrialdeetan, eta horrek bizia arriskuan jartzen die, modu klandestinoan abortatu beharko dutelako edo, bestela, ama izateak berak prekaritatea eta pobretzea ekarriko dizkielako.

Haurdunaldia nahita eteteko eskubidea izan beharko lukete mundu osoan haurdun geratzeko gai diren guztiek. Eskubide hori murriztua izateak urratu egiten ditu beste eskubide oinarrizko batzuk ere: nork bere bizitza izateko eskubidea, osasun eskubidea, intimitate eskubidea, autonomia eskubidea, indarkeriarik eta diskriminaziorik ez jasateko eskubidea.

Feminista eta perinatologiako psikoterapeuta gisa, amak eta ez-amak laguntzen aritzen naiz, eta uste dut modu asko daudela pertsona uterodunen gorputzak kontrolatzeko, bai eta, kasualitatea, zaintzen, emakumeen eta haurren ingurukoak diren gaiak kontrolatzeko ere.

Oraindik ere estigma oso handia dago haurdunaldia nahita etetearen inguruan, baina ez gizartean bakarrik: batzuetan, halaxe da holako egoera batean bizi den pertsonaren beraren baitan ere. Uste okerra da pentsatzea aukeratu ahal izatea aski dela galerarik ez sentitzeko. Oro har, haurdunaldia eteteko erabakia hartzeak, askatasunerako aurrerabidea izanagatik ere, ez du esan nahi galerarik ez duela nabarituko, ez dela errudun sentituko, edo ez duela zailtasunik izango emozioak eta esperientziak adierazi eta besteei kontatzeko. Bizipen bakoitza norbanakoarena da, eta milaka forma eta izen ditu.

Pertsona bakoitzaren egoeraren araberakoa ere izan ohi da askotan, baina oso ohikoa da ez izatea hain ulerberak baldin eta emakumeak berak kontzienteki erabakitzen badu bere gorputzarekin zer egin. Batetik, ziurtzat jotzen dugu haur guztiak direla nahita edukitakoak; bestetik, beldurra zaio heriotzaz hitz egiteari, baina ez horri bakarrik, baita bizitzaren eta heriotzaren inguruan erabakitzeko gai izateari ere. Horren adibide argia da eutanasiaren inguruko polemika.

Horretantxe bihurtzen gara emakumeok sorgin; izan ere, zer besterik izan gintezke bizia sortzeko gai baldin bagara eta bizia ez sortzeko erabakimena ere baldin badugu?

Zer bihurtuko ginateke ahaldunduko bagina? Zera bihurtuko ginateke beharbada... jainkosa?

Alternatiba horrek askoz ere beldur handiagoa ematen du.

Abortatzeko modua izatea da geure gorputzen gaineko kontrolaren formarik agerikoenetako bat, eta lege horiek gure askatasuna babesteko edo murrizteko ahalmena dute. Hala ere, ez da alde batera uztekoa egunero aurre egin behar izaten diegula beste kontrol modu sotilago batzuei ere.

Batetik, patriarkatu honetan, emakumeok oraindik ere errudun sentitzen gara ezin konta hala gauzarengatik. Errudun, haurrik ez izateagatik; errudun, haurrak izateagatik; errudun, haurrak nola eduki edo nola hazi behar ditugun erabakitzeagatik. Errua, erlijioaren asmakizun hori, emakumeen gorpuztasunari atxikia dago, existitze hutsagatik, eta ez sexualitateari bakarrik.

Bestetik, aurrez aurre dugu emakume izateak zer esan nahi duen, zer espektatiba edo uste sozial sortzen duen mundu kapitalista eta matxista honetan, non emakume izateak ama izatea esan nahi baitu, familiak haurrak izatea esan nahi baitu, zoriontasunak familia esan nahi baitu, haurdunaldiak jaiotza baitakar, haurrak zoriontasuna baitakar... Ondorio sinplistak, batzuetan zerikusi handirik ez dutenak errealitatearekin. Ustekizun sinplistak, zeinetan produktiboa gailentzen baitzaio erreproduktiboari.

Patriarkatua dugu aurrez aurre, eta haren kontrol adar guztiak: amatasunaren erromantizazioa, doluaren eta galeraren tabua, lan eta ekonomia prekaritatea, aukerarik eza, immigrazioa, askotariko zaintza lanak...

Uste dut pixkanaka hasiak garela gai horiei buruz hitz egiten, edo, gutxienez, horiek guztiak hizpidera ekartzen, eta esparru batzuk sortzen ari direla elkarri bizipenak entzuteko, espektatibak, beldurrak eta mamuak leuntzeko, eta baliteke, kontu horiek agerian jartzeko ez ezik, argibideak eta konponbideak aurkitzeko ere balio izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.