Errefuxiatuak. Idomeni, Greziaren eta Mazedoniaren artean

«Errefuxiatuak hemen, migratzaileak han»

Europako muga berria bilakatu da Greziaren eta Mazedoniaren arteko pasabidea. Skopjeren irizpide selektiboek asilo eskatzaileak mailakatzea eragin dute.

Errefuxiatu bat Idomenin, Greziaren eta Mazedoniaren arteko pasabidean, pintaketa baten aurretik igarotzen. ZOLTAN BALOGH / EFE.
Ane irazabal
Idomeni
2016ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Non daude giza eskubideak? Lagun iezaguzu, Ban Ki-Moon». Grafiti iragarle horrek Idomenira iristeko bidea erakusten du. Greziaren eta Mazedoniaren arteko mugan, inoiz baino agerikoagoa da haserrea. Bada, Idomeni ez da ate ireki bat. Milaka errefuxiatuk beste aldera gurutzatzen dute, baina askorentzat ibilbidearen amaiera ere bada. Erabaki arbitrario baten ondorio? Ez: Idomeni Europaren iragazki berria bihurtu da. Mazedoniak Siriako, Irakeko eta Afganistango iheslariak bakarrik onartzen ditu, eta gainontzeko guztiei sarbidea debekatzen die.

«Iheslarien arteko mailaketa bat sortu dute. Siriarrak goian daude; gero, irakiarrak eta afganiarrak. Eta beste guztiak? Bazterturiko herritarrak gara, inork nahi ez dituenak», azaldu du Abdel Iaziz izeneko gazte aljeriar batek. Abdel Iaziz iritsi berria da, baina, bidaia luze baten ondotik, ez diote ongietorririk egin. Giza eskubideen aldeko erakundeek ezarritako trantsizioko kanpalekuan ez dituzte «migratzaile ekonomikoak» onartzen. Abdel Iaziz galduta dabil, nora ezean.

Idomenin, iheslarien arteko mailaketak lurralde banaketa bat eragin du ezinbestean. Alde batean kanpaleku humanitarioa dago, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak eta gainontzeko erakundeek jarritako azpiegiturekin. Bertan sartzen dituzte errefuxiatu siriar, irakiar eta afganiarrak. Barruan, jatekoa eta edatekoa eskaintzen zaie, baita atseden hartzeko ohe bat ere. Haurrentzako ludoteka bat dago, eta erizaindegi txiki bat ezarri dute.

Handik metro gutxira, zelaiaren erdian, kanpadenda inprobisatuak daude. Migratzaile ekonomikotzat jotzen diren iheslarien eremua da hori. Kanpaleku horretan inor gutxik hartzen du ostatu. Muga zeharkatzeko beste ibilbide batzuk aukeratzen dituzte gehienek. Arriskutsuagoak.

Eskubide urratuak

Paradoxa hori behin eta berriz gertatzen da Idomenin. Abdel Iazizek bezala, Marokoko, Irango, Pakistango, Bangladeshko eta Palestinako herritarrek ezin dute Mazedoniara gurutzatu, eta blokeatuta geratzen dira. Hala, mafiek esku hartzen dute. «Atenasera itzuli edo trafikatzaileek eskatzen dutena egin. Bi aukera daude, eta nik nahiago dut bigarrena», adierazi du Abdel Iazizek, eskuetan dituen urratuak ezkutatu gabe. Izan ere, iheslariek beldur handiagoa diete deportazioei mafiei baino. 500 euroren truke, Mazedoniara eta Serbiara gurutzatzen dute oinez. «Basoetan ezkutatzen gara, baina Balkanetako sare kriminalek gupidarik gabe jokatzen dute. Pistolekin mehatxatu gaituzte, eta ostu egin digute. Halere, mafia baino okerragoa da Polizia», salatu du Iazizek.

Europako Batasunak ezarritako neurri murriztaile berriek egoera ahulean utzi dituzte migratzaileak. «Ez da zuzena errefuxiatuak hemen jasotzea eta migratzaileak han uztea, baina goitik datozen erabakiak dira. Ezin dugu ezer egin», nabarmendu du kanpaleku ofizialean lan egiten duen boluntario greziar batek.

Idomeniko trantsiziozko eremuan 1200 pertsonarentzako tokia dago, baina egunotan 500 errefuxiatu baino ez dira iritsi. Greziako nekazariek egin dituzten grebek hankaz gora utzi dituzte errepideak. Atenas eta Idomeni batzen dituen autobidean 60 blokeo baino gehiago daude, eta, ondorioz, mantsotu egin da Pireoko portutik iristen den autobusen kopurua. Alta, egoera egun batetik bestera alda daiteke. Mazedoniako mugan ezer ez da segurua. «Ahalik eta azkarren zeharkatu nahi dut. Egunkarietan diote herrialde guztiek mugak itxi nahi dituztela. Ezin naiz atseden hartzen geratu; senarra zain daukat Alemanian», esan du Gulchi izeneko Afganistango emakume batek. Gulchik seme-alabekin egin du bidaia, eta beldur da Europako Batasunak ez ote dituen Afganistango errefuxituak onartuko: «Irango, Eritreako eta Somaliako asilo eskatzaile asko atzera bota dituzte. Ez da eskubiderik. Agian, berdin jokatuko dute gurekin».

Eremuaren militarizazioa

Beldur horiek uxatzen ez du laguntzen Mazedoniak. Skopjeko Polizia beste hesi bat eraikitzen ari da mugan, eta «eremu militar» izendatu du Idomeni. Hori gutxi balitz bezala, Mazedoniako armada bidaltzen ari da pasabidea kontrolatzera, eta trenbide sarea geratu du. «Argi dago zerbait aldatzen ari dela Europan. Nire senarrak hemendik gurutzatu zuen duela lau hilabete, eta ez zituen halako kontrol zorrotzak aurkitu», irizten dio Gulchik.

Edonola ere, errefuxiatu gehienek uste dute mugak ixteak ez duela iheslarien etorrera gutxituko. Idomenin dauden asilo eskatzaileek ondo baino hobeto dakizkite politikaren nondik norakoak. «Turkian milaka eta milaka pertsona daude itsasoa noiz baretuko den itxaroten, zeharkatu ahal izateko. Europako Batasunak mugak ixten baditu, beste ibilbide batzuk aurkituko ditugu. Inork ez du Grezian bizi nahi, krisi ekonomikoak nahikoa jo baitu dagoeneko», uste du Iazizek. Bitartean, Idomenira iristen diren errefuxituek ahalik eta azkarren gurutzatzen dute Mazedoniarako muga, geroak zer ekarriko duen jakin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.