Albistea entzun

Behi gutxi hil dituzte, oraingoz

Esne behiak haragitarako hiltzeko hautua asko zabaldu da Europan, esnearen errentagarritasun apala eta haragiaren prezio ona direla medio. Euskal Herrian, dena den, ez da ugaritu joera hori, eta abeltzainek halako kasu gutxiren berri izan dute. Hala ere, nabarmendu dute ukuiluen egoera oso larria dela.
Behiak ukuilu batean.
Behiak ukuilu batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2022ko irailak 21 - Bilbo

Esnezaleak kinka larrian daude. Aspaldi piztu zuten argi gorria, eta azken hilabeteetako ekoizpen kostuen garestitzeak are gehiago okertu du egoera. Esne behien errentagarritasunaren langa gero eta gorago dago, eta Europan abeltzain askok hartu dute haiek haragitarako saltzeko erabakia. Frantzian, 250.000 abelburu sakrifikatu dituzte azken hilabeteetan, eta, Espainian, 50.000 inguru. Euskal Herrira ere iritsi da ihesbide hori, baina abeltzainek diote oraingoz ez dela ugaritu.

«Gertatzen ari da, bai. Hiltegietan asko igo da lana», azaldu du Iñaki Goenaga abeltzain eta Enba nekazari elkarteko presidenteak. Hala ere, zehaztu du ez duela entzun ukuilurik itxi edo halakorik egin denik, eta behiren bat hilabete pare bat lehenago kendu duela berak. «Bi arrazoi daude: batetik, ekoizpen kostuak garestitu direnez, behiak lehenago uzten dio errentagarri izateari. Eta, bestetik, haragiaren prezioa igo egin da. Iaz, ekoizpen gastuen eraginez txekor gutxiago sartu zituzten gizendegietan, eta handizkariak behi haragiarekin orekatzen ari dira gabezia hori. Haragitarako saltzea likidezia bizkor lortzeko modu bat da».

Agurne Arbillak behitegia du Iraizotzen (Nafarroa). 200 esne behi ditu, eta 150 txekor. Ez du behirik sakrifikatu, eta Ultzama aldean ere ez du entzun halakorik egin denik. Bai, ordea, Erribera aldean. «Lau bat ukuilu itxi omen dituzte, erretiroa harturikoak eta... Baina, hemen inguruan behintzat, ez dut entzun inor haragitara pasatu denik». Gainera, horrelako albisteek harritu egin dute Arbilla, dioenez esne premia baitago merkatuan; arazoa, baina, haren prezioa da.

Zenbatean ordaintzen diete, bada, litroa esnezaleei? Abuztuan, 45 zentimoan. Aski al da? Ez. Goenaga: «Litro bat ekoizteak 50 eta 52 zentimo artean balio du, eta prezio horrekin %2 eta %3arteko irabazi marjina dugu. Esnezale gehienek urtebete baino gehiago daramate galeretan sartuta. Jaurlaritzaren eta aldundien laguntzarengatik ez balitz, egoera dramatikoa litzateke. Eta, hala ere, guk aurten ez dugu parra egingo gure ustiategian».

Arbilla bat dator. Azaldu du kostuak pandemian hasi zirela garestitzen, eta aurten jo dutela goia. «Duela bi urte, pentsu tona 280 euroan erosten nuen; azken fakturan, 447an [%59ko igoera da hori]. Esnea kobratzen dudan egunean ordaintzen dut, eta sarreren %65 da. Bereiz doa belarra, txekorrentzako pentsua, artoa... Guk artoa beti erein dugu, baina, aurten uzta txarra izan denez, erosi egin behar izan dugu. Iaz tona 48 euroan zegoen, aurten 85 euroan erosi dugu, eta, aste bateko epean, 90etik gora zegoen. Izugarria da».

Pentsua da gastu nagusia, baina ez bakarra. Goenagak buruz daki zerrenda: «Guk bazka erosi behar izan dugu, eta oso garesti, gainera, urrearen prezioan baitago. Erregaiak zenbat igo diren denok dakigu, eta argindarra, noski: hori %300 igo da». Arbillak zehatzago eman du azken datu hori: «Lehen, argindarragatik 800 euro ordaintzen genituen hilabetean; orain, berriz, 3.000». Behitegi modernoek jezteko makinak dituzte, eta horiek argindarra behar dute, baina esnearen hozte prozesua da energia gehien behar duena. Azalpena luzatu du: «35 graduan irteten da, eta lau graduraino jaitsi behar dugu, bizkor. Eta guk 20.000 litroko depositua dugu».

Bi abeltzainak bat datoz esatean urte txarra izaten ari dela, eta egoera orokorrari behin-behineko arazoak gehitu zaizkiela, tartean lehortea. Baina nabarmendu dute joera bat ere bazetorrela aurretik, eta hori da konpondu beharreko arazoa. «Eusteko urte bat da, aurrezkiei tira egitekoa», zehaztu du Goenagak. «Guk zera eskatzen dugu: salneurria ez dadila izan ekoizpen kostuak baino apalagoa. Horrela, behintzat, ez dugu galduko. Nik ez diot esango banatzaile edo garraiolariari galerak izateko, baina bakoitzak berea erants diezaiola kateari. Guk, horrela, ez daukagu ezusterik, eta administrazioak ezin du betirako jarraitu galerak konpentsatzen».

Laguntzen gaiak haserretu egin du Arbilla, ez baitute ezer konpontzen, dioenez. Hari galdetuta, argi du litroaren prezioa igo behar dela, baina ez da erraza, esnearen sektorean maiz erosleak jartzen baitu salneurria. «Igotzen ez bada, denok itxiko dugu, eta ez da esnerik izango. Denok diot, abeltzain guztiak gu bezala dabiltzalako. Agian, urte gehiago daramatzanak mailegu txikiagoa du, baina denok gabiltza estu». Azalpenaren amaieran berretsi du ez duela asmorik behirik kentzeko, baina, sektorearen egoera ikusita, hiltegiek martxa onari eutsiko diotela dirudi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Macron, Sant Nazaerko parke eolikoaren inaugurazioan. ©STEPHANE MAHE / EFE

Parisek arindu egin nahi du berriztagarrien tramitazioa

Iker Aranburu

Auzoekiko atzerapena murrizte aldera, proiektu eolikoak eta fotovoltaikoak moteltzen dituzten tramiteak eta auzibideak laburtzeko lege proiektua egin du Frantziako Gobernuak
Metalgitzako langile bat jardun betean. ©Marisol Ramirez / FOKU

Metalgintzako negoziazioak: Nafarroan akordioa gertuago dago; Bizkaian, urrun

Imanol Magro Eizmendi

Nafarroako metalgintzako patronalak UGTren eta CCOOren eskaintzak aztertuko ditu. Bizkaikoak, berriz, ez du aldatu lan ituna berritzeko eginiko azken eskaintza.

Hiru kamioi geldirik Oiartzungo aparkekuan. ©Gorka Rubio / FOKU

Jaurlaritzak zazpi milioi euro jarri ditu kamioiak berritzeko planerako

Imanol Magro Eizmendi

Asteartean hasiko da eskaerak egiteko epea. 34.000 eurora arteko laguntzak banatuko dira.

Gazte bat jan itzazu aberatsak dioen pintaketa baten aurretik pasatzen, Atenasen. ©ORESTIS PANAGIOTOU / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.