Zapi urdinik ezean, gorriak

Milaka lagun bildu dira Bilboko kaleetan pentsio duinak eta zahar etxeetako egoera «dramatikoa» salatzeko. Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak bilerak eskatu dizkie aldundiei adinekoen egoitzen inguruko euren eskaerak jakinarazteko. Segurtasun neurriak gordez egin dute manifestazioa.

Pentsiodunen manifestazioko pankarta zeraman emakume bat, ukabila altxatuta, Bilboko Kale Nagusian barrena. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Zapi urdinik ez da ageri aurten Bilboko kaleetan. Aste Nagusia bertan behera utzi izanak jaiarekin zerikusia duten ikur guztiak ezkutatu ditu. Jairik ez izateak, baina, ez du esan nahi aldarrikapenak itzaltzen direnik, eta, iazko Aste Nagusian antolatu bezala, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak (BPM) manifestazioa egin zuen atzo hiriaren erdi aldetik. Pentsiodunek euren eskaera klasikoak plazaratu zituzten: pentsio duinak, babes neurriak, sistema publikoa, alargunen egora hobetzea... Baina aurten beste aldarri batek hartu du indarra: zahar etxeen egoera «dramatikoa» salatzeak. «Langileekin hitz egin dugu, eta esaten digute gainezka daudela, leher eginda, nekatuta... Egoera hori konpondu behar da», ohartarazi zuen Jon Fano BPMko kideak.

Zapi gorria da pentsiodunen mugimenduko ikurra, eta hark bete zuen urdinen zuloa Plaza Eliptikotik Areatzarainoko bidean. Antolatzaileen esanetan, «lau mila pertsonatik gora» elkartu ziren, adin guztietakoak. Bilboko Konpartsek euren egitarau guztia bertan behera utzi dute, baina ordezkaritza bidali zuten mobilizaziora, eta konpartsetako atorra batzuk ikus zitezkeen. Osasun neurri guztiak zaindu zituzten mobilizazioan. Manifestariek lau ilaratan banatuta egin zuten ibilbidea —burua Areatzara iritsi zenean atzeko muturra irteera puntutik oso gertu zegoen—, maskarekin, eta behar adina gel hidroalkoholiko eraman zuten.

«Gu gelditzen bagara, bihotza gelditzen zaigu. Pandemiak ezin ditu gure aldarriak gelditu, kalera atera behar ditugu arazoak», azaldu zuen Xabier Isasa BPMko kideak martxa hasi aurretik. Plazan zen Pentsio publiko duinak zioen pankarta handia zabaldu zutenean. Geroago manifestarien leloak iritsi ziren. Besteak beste, «lapurrak kanpora erakundeetatik» eta «terrorismoa hilabete bukaerara ez iristea da» oihukatu zuten. Kale Nagusiaren erdi aldera Bizkaiko Aldundiaren egoitza dago, eta orduan hasi ziren zahar etxeen egoera hobetzearen aldeko oihu ozenenak.

«Pandemia hasi eta sei hilabetera, menpekotasuna duten adineko pertsonen egoitzak oraindik ez dira toki osasuntsuak», salatu zuen Fanok. «Oinarrizko prebentzio neurriak hartu gabe jarraitzen dute. Langile egoiliar ratioak ez dituzte hobetu. Ez dituzte langile gehiago kontratatu, eta ez dituzte hobetu daudenen lan baldintzak». Pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik, lau egoiliar hil dira Bizkaiko zahar etxeetan, eta atzo aurrenekoa hil zen Gipuzkoakoetan.

Pentsiodunen mugimenduak eta egoitzetako egoiliarren senideek bilerak eskatu dizkiete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiei, zahar etxeen egoerari buruz hitz egiteko, baina ez dute jaso erantzunik. Bizkaikoak esan zienegoerari buruzko «txosten bat» egingo duela hiru aste barru. Uztailean, arartekoarekin bildu ziren eta fiskaltzak irailean hartuko ditu, Isasak aurreratu zuenez.

Itxialdiaren osteko bigarren mobilizazio handia izan zen atzokoa. Uztailean beste manifestazio bat egin zuten, eta irailaren 7rako kontzentrazio handi bat antolatu dute Donostian, beste bat Bilbon eta beste bat Gasteizen. «Gaur egun duela bi urte genituen arrazoi berak ditugu protesta egiteko. Gertuko erakunde publikoek arazo hauek konpontzeko eskumenak dituzte Madrilgo aurrekontuei itxaron gabe», nabarmendu zuen manifestazioaren ondoren Andrea Uña BPMko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.