Navaleko hesia: ireki edo eraitsi

Sestaoko ontziolako ondasunak erosteko eskaintzak egiteko epea bihar eguerdian bukatuko da. Lehen ondasun sorta da garrantzitsuena, lurzorua eta azpiegitura industrial osoa bateratzen duena. Industriako inbertitzaile batek eskuratzen badu, ontzigintza jarduna berpizteko aukera egon daiteke.

Naval Sestaoko ontziolako sarrera. Bertan biltegi nagusia ikus daiteke eta atzean garabi erraldoi ikonikoak. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Bi urte daramatza itxita Naval ontziola historikoko hesiak, Sestaon (Bizkaia).Handik paseoan igarotzen direnek burua barroteen aurka estutzen dute iragan loriatsuaren arrastoen bila. Laster, baina, errutina hori aldatuko da, bihar 12:00etan bukatuko baita enpresaren ondasunak erosteko eskaintzak egiteko epea. Horrela amaituko da ontziolaren likidazioa prozesua, eta jabe berria nor den jakingo da. Eta hor datoz zalantzak: nork erosiko du? Zertarako? Industria asmodun norbaitek lortzen badu, ireki egingo da hesia; aldiz, biltegi edo antzekoren bat egiteko asmoa duen norbaitek lortzen badu, Babcock & Wilcox zenaren zoruarekin Amazonek egin bezala, hesia eraitsiko du garabi eta makinak ez dituelako beharko.

Carlos Palomino abokatuak darama ondasunen likidazio prozesua, Merkataritza arloko Bilboko Epaitegiko 2. salak hala eskatuta. Hark 21 sorta egin zituen Navalen ondasunekin, baina etorkizun industriala sustatzeko moduko zatiketa egin zuen. Izan ere, 1 sortan 300.000 metro koadroko lurzorua, kilometro bateko kaia, biltegiak, garabiak eta dike lehorrak sartu zituen. «Ontzigintzan behar den azpiegitura guztia hor dago», deskribatu du Manuel Veladok. UGTko sindikatuko ordezkaria izan zen Velado Navalen, eta ondo ezagutzen du prozesua. Beste hogei sortetan balio gutxiagoko ondasunak daude: ibilgailuak, garabi txikiak, altzariak... eta La Naval izena erabiltzeko eskubidea, esaterako.

BERRIAk jakin ahal izan duenez, atzo goizean ez zegoen eskaintzarik mahai gainean, baina hori ez da arraroa, halako prozesuetan azken orduetan iristen baitira. El Correo egunkariak zabaldu zuenez, Marina Meridional ontziolak eskaintza egiteko asmoa du, baina ez da bakarra izango. Veladok badaki gehiago egongo direla, Sestaoko Udalak ere baieztatu du hainbatek galdetu egin dutela orubearen inguruan, eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak atzo esan zuen Marina Meridionalena «eskaintzetako bat» dela. Kudeatzaileak denak bildu eta epaileari bidaliko dizkio. Hark izango du azken hitza.

Navalen lurzorua, baina, babestuta dago. Erosten duenak hedaduraren %51 industriara bideratu behar du, eta Sestaoko Udalak esana du ez duela kalifikazioa aldatzeko asmorik han etxeak eraikitzeko. Erakunde publikoek eta sindikatuek ere aukera hori babestu dute. «Inguruan kalitateko enplegua bermatzeko modu bakarra da. Babcocken likidazioa ere nik jarraitu nuen, eta han lurzoruak ez zuen halako babesik. Amazonek biltegi handia du, baina lanpostu gutxi sortu ditu, eta kalitate txarrekoak», azaldu du Veladok. Operadore logistikoak gehien erakartzen dituen ezaugarrietako bat Navalen garraio loturak dira. Itsas portua bertan du, A8 autobidea oso gertu, eta Renferen trenbidea biltegiraino iristen da. 2019an, esaterako, Urssa enpresak 42 metro luze, hemezortzi metro zabal eta 650 tonako zubi bateko zati erraldoi bat kargatu zuen kaian, Suediara itsasontziz eramateko.

Navalen azpiegiturak, izan ere, «gozoki bat» dira. Veladoren ustez, ezin hobeak dira tamaina txiki edo ertaineko ontziak egiteko: «Lehen egiten ziren ontzi handiek ez dute merkaturik. Baina arrantzontziak berritzeko laguntzak daude, draga ontziak, gasontzi txikiak...». Datu deigarria gehitu du: «Begira beste euskal ontziolak. Zamaconak, Muruetak, Balentziagak eta Pasaiak hamahiru enkargu dituzte gaur egun. Ontzi ertain eta txikiak dira guztia, ados, baina hamahiru enkargu dira!».

Ontziak egiteaz gain, konpontzeko ere egokia da azpiegitura. «Hartzen duenak denetarik egin beharko du». Iaz, esaterako, abuztuan eta irailean ontziak konpontzen aritu ziren. «Bi dike lehorrak berriak dira, bost orduan hustu eta bete daitezke, eta hori denbora gutxi da. Bilbora 1.700 ontzi datoz urtean, eta askok behar dute konponketa azkarra. Konpontzeko leku bakarra Astilleron [Kantabria, Espainia] dago egun, eta lanez lepo dabil. Hori lan karga litzateke Naval hartzen duenarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.