Betiko Eibar ez da agertu

Lehen bi partidak galdu eta gero, sailkapenaren behealdean dago Eibar. Liga abiatu besterik ez da egin, baina onbidera bueltatzeko ezinbestekoa du atzealdean berriz sendo aritzea, zelai erdian joko gehiago sortzea, eta aurreko sasoietan aurkariari egin zion presioa berreskuratzea.

Huescako jokalariak gola ospatzen, Eibarreko atezain Dimitrovic lurrean dagoela. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
ainara arratibel gascon
2018ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Lehen Mailara igo zenetik aurrenekoz, Eibar punturik batu gabe dago lehendabiziko bi jardunaldiak igaro eta gero. Orain arte, Eibarrentzat, salbazioa lortzeko gakoetako bat izan da indartsu hastea. Baina oraingoan ez da horrela izan. Denboraldi-aurrean konfiantzaz zeudela zioten jokalariek, baina zapuztu egin zaie. Emaitzetatik harago, Jose Luis Mendilibarren taldeak ohikoak dituen ezaugarriak eta nortasuna berreskuratu behar ditu, gorako bidea hasteko. Izan ere, bigun aritu da defentsan, jokoa sortzeko zailtasunak izan ditu zelai erdian, eta ez da fin aritu aurkaria estu hartzeko orduan. Getaferen aurkako partidako bigarren zatiko lehen ordu laurdenean baino ez zuen erakutsi betiko Eibarren itxura. Ostiralean, Realaren aurkako derbian, ezinbestekoa du punturen bat batzea, ligako lehen etenera lasaiago iristeko. Gainontzean, hurrengo bi asteak luzeak egingo zaizkie.

ATZEALDEA

Gutxirekin gola sartu diote

Defentsan talde sendoa eta serioa izan da beti Eibar. Aurkariak gogotik egin behar izan du lan abaguneak sortzeko, eta are gehiago gola egiteko. Lehen bi jardunaldi hauetan, ordea, ez da fin aritu arlo horretan. Bigun eta zorroztasunik gabe agertu da. Lehen partidan Huescaren aurka jasotako gola izan zen horren argigarri. Gallarrek ederki baliatu zuen Jordanek, Arbillak eta Jose Angelek utzitakozuloa gola sartzeko. Getaferen aurka, berriz, Oliveira izan zen lo hartu zuena. Mata zuhur aritu zen, eta aukerako baloia eman zion Angeli gola egiteko. Akatsak garesti ordaindu zituzten eibartarrek.

Mendilibarrek berak hor jarri du arreta: «Aurreko sasoiko atzelari berberekin jokatzen ari gara, eta oso ondo ezagutzen dute elkar. Baina oldarkorragoak eta sendoagoak izatea falta zaigu jokaldi batzuetan. Gainontzean, uste dut Huescaren aurka baino hobeto jokatu dugula», adierazi zuen Getafeko neurketa bukatu ostean. Nabari da oinak lurrean dituztela, eta jakitun direla defentsan hortzak estutzea dela gora egiten hasteko gakoa.

ZELAI ERDIA

Sormenik gabe

Pedro Leon eta Orellana min hartuta, zelai erdian joko sortzaile petorik gabe jokatu zuen Eibarrek Getafen. Diopek eta Escalantek jokatu zuten haien lekuan, defentsan lanean nabarmendu izan diren bi jokalari. Horren ondorioz, erasoko jokoa sortu eta baloia arin mugitzeko zailtasunak ditu Eibarrek. Hala, kontrarioentzat errazagoa da defentsako lana egitea eta arriskua nondik etor daitekeen igartzea.

Mendilibarrek konponbide bat topatu beharko du. Izan ere, Orellana jokatzeko moduan izango da ostiralean, baina Pedro Leoni atzo egin zioten ebakuntza bizkarrean, eta hilabeteak beharko ditu osatzeko. Lehen norgehiagokan Jordanekin saiatu zen. Baina hura ere ez da joko sortzailea, eta ez zuen asmatu.

PRESIOA

Aurkaria, eroso

Kontrarioentzat beti izan da Eibar aurkari deserosoa, egiten duen presioa tarteko. Ez die baloia eroso mugitzen uzten. Horrek ahalbidetzen zien baloia aurkariaren zelaian lapurtu eta gol aukerak sortzea. Aurreneko bi neurketetan ez da halakorik gertatu, eta, horregatik, Eibarri kosta egin zaio abaguneak sortzea eta golak egitea. Bi partidetan bakarra sartu du, Escalantek lehen jardunaldian lortutakoa. Aurrelarien ekarpena hutsala izan da orain arte: Kike Garcia, Enrich, Charles eta enparauei ez zaizkie baloi garbiak ailegatu golak sartzeko, eta iritsi zaizkienak ez dituzte baliatu.

FITXAKETAK

Ekarpen txikia

Fitxatuta etorri diren eta utzita bueltatu diren jokalarien artean, Pere Milla izan da nabarmendu den bakarra. Getaferen aurkako partidan, hasieratik jokatzeko aukera eman zion Mendilibarrek. Izan ere, denboraldi-aurre oso txukuna egin ostean, Bebek eskas jokatu zuen Huescaren kontra. Millak, hegaletik, sakontasun apur bat gehiago eman zion taldeari. Gainontzekoen artean, Pedro Bigasek bakarrik izan du jokatzeko aukera. Sergio Alvarez eta Marc Cardona, besteak beste, jokatu gabe daude, eta Herviasek gutxi erakutsi du orain arte. Ikusi beharko da hurrengo partidetan haien ekarpena handituz doan.

Hiru egun falta dira udako merkatua ixteko, eta, egoera ikusita, askok uste dute Eibarrek fitxaketaren bat egin beharra duela. Adibidez, atzealdean, Jose Angelek ez du ordezkorik ezker hegalean.Pedro Leonen tankerako jokalari bat fitxatzea ere ez da baztertzen.

Salvi, Calero, Reace Oxford... Izen bat baino gehiago agertu da. Baina Mendilibarrek eta Garagarzak dute azken hitza. Etzi argituko da zer egiten duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.