Euri jasek kalte handiak eragin dituzte Urumealdean eta Bortzirietan

Beran, azken 43 urteetan maiatzeko egun batean izan den jasarik handiena bota du. Lesakan etxe batzuk hustu behar izan dituzte, luizi baten ondorioz ura sartu baita

Haur bat, Beran, luiziek eragindako kalteei begira, atzo. VILLAR LOPEZ / EFE.
Jon Ordoñez Garmendia - Jone Arruabarrena
2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Ostiral gauean eta atzo goizaldean euri jasa handiak izan ziren eskualde batzuetan, eta kalte handiak eragin zituzten Bortzirietan eta Urumealdean (Nafarroa), besteak beste. Euriteen ondorioz, zenbait errekak gainezka egin zuten, eta urak etxe eta saltokiak hartu zituen Beran, Lesakan, Goizuetan eta Aranon, baita Hernaniko Ereñotzu auzoan ere.

Jasak bailara batzuetan pilatu ziren, bi ordutan. Beran, Larrategaineko estazio meteorologikoak metro koadroko 101,5 litro bildu zituen; Lesakan, Astazalaietako plubiometroak metro koadroko 43,8 litro jaso zituen, eta Goizuetakoak, berriz, 40,8 litro metro koadroko. Baina Urumealdean izan ziren jasarik handienak: Añarbeko (Gipuzkoa) urtegiko neurgailuak bildu zuen ur gehien: 241,5 litro metro koadroko —kontuak ateratzeko: maiatz osoan, batez beste, metro koadroko 171 litro euri egiten ditu—. Aranoko estazio meteorologikoak ere metro koadroko 217 litro bildu zituen; han inoiz bildutako ur kantitaterik handiena, orain arte, metro koadroko 160 litro ziren.

Aemet Espainiako Meteorologia Agentziaren arabera, Beran maiatzeko egun batean azken 43 urteetan jaso den ur kantitaterik handiena izan da. Alabaina, Beratik kilometro batzuetara, Irunen (Gipuzkoa), ez du ia euririk egin. Aranoko jasak ere ez dituzte sumatu Hernanin (Gipuzkoan), ibaia hazita etorri den arren ez baitu euririk egin gauean bertan.

Aitor Elexpuru Berako alkateak adierazi zuen goizaldeko ordu bietan euri tantarik ere ez zela, goizaldeko hirurak aldera hasi zuela euria, eta «leherketa baten» parekoa izan zela: hiru ordu laurdenean, «igerileku baten» tankera hartu zuen haren auzoak.

Bortzirietan, ura etxeetan

Berako Zia errekako ur goraldiak izugarrizko kalteak eragin ditu karrika, etxe eta saltokietan. Aitor Elexpuru Berako alkateak Euskadi Irratian esan zuen autoak ere eraman dituela urak.

Lesakan, luizi batek ur kanal bat itxi zuen, eta ura etxe batzuetara desbideratu zen. Ladis Satrustegi alkateak Euskadi Irratian jakinarazi zuenez, ura lehen solairura iritsi zen, eta etxe horietako bizilagunek atera egin behar izan zuten; suhiltzaileek leihoak puskatu zituzten, ura ez zedingehiago igo etxe barruan.

Errepideetan ere handiak dira kalteak: Bera eta Sara (Lapurdi) arteko NA-4016 errepidea moztu egin zuten 1,3 kilometrotik aurrera. 10:30ean pasabide alternatibo bat ireki zuten, hala ere.

Hernanin bertan ez, baina Ereñotzu auzoan ere izugarrizko jasa egin zuen, eta handik Urumean gora, dozenaka lekutan moztuta gelditu zen Aranora eta Goizuetara doan NA-4150 errepidea. Larunbateko azken orduan bidea zabaltzeko lanetan zebiltzan oraindik. Aranon eta Arano eta Goizueta arteko errepidean ere dozenaka luizi izan ziren, baina atzo arratsalderako bidea irekitzea lortu zuten Nafarroako Gobernuak bidalitako langileek. Hainbat etxe bakartuta gelditu dira, luiziek errepideak erabat txikitu edo itxi dituztelako, Jon Mari Beasain Aranoko zinegotziak BERRIAri azaldu dionez: «Goizaldean tximistek eta trumoien zaratek esnatu gintuzten. Euri jasa handia bota zuen, eta, bizpahiru orduren buruan, kanaletan errekak sortu ziren».

Eguerdian, Nafarroako Obra Publikoen Kontserbazio Taldeko langileak makineria astuna erabiltzen hasi ziren luiziak kendu eta errepideak irekitzeko. Erreka bazterretan dauden etxe batzuetan ere sartu zen ura, Ereñotzun eta Aranon. Arratsaldean euria egin zuen leku batzuetan, baina ez zen euri jasarik izan.

Egoera, «normalizatuta»

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta bozeramailea Berara eta Lesakara joan zen atzo, uholdeak eragindako kalteak bertatik bertara ikusteko. Komunikabideei azaldu zien euri jasa Nafarroa iparraldeko gune jakin batean kontzentratu zela, batik bat Bera eta Areso arteko eremuan. Remirezen arabera, ez dago zauriturik, baina larrialdi zerbitzuek autobus gidari bat erreskatatu behar izan dute Gipuzkoan.

Presidenteordearen arabera, larrialdietarako protokoloak aktibatu ziren, eta harremana etengabea izan da inguruko alkateekin. «Egoera normalizatuta dago, baina komatxo artean esango nuke», adierazi zuen. Bitarteko guztiak mobilizatu direla gaineratu zuen, eta euriteek eragindako kalteak zenbaterainokoak diren zehaztea geratzen dela orain. Hain denbora gutxian hainbesteko euriteak egitearen arriskuaz ere hitz egin du. «Beran, hirigunea zeharkatzen duten ubide ugari daude. Garai batean ohikoak ez ziren eurite handi hauek gero eta maizago gertatzen dira orain». Gogorarazi zuen uholde eta sute arriskuaren kudeaketa ohiko eta lehentasunezko bihurtuko dela aurrerantzean, klima aldaketaren eraginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.