Arrauna. Hondarribia

Trainerutik eskola

Hondarribiaren azken urte luzeetako ibilbide ona ez ditu bakarrik uretako emaitzak ekarri. Entrenatzaileak sortzen ere ari da, eta Mikel Orbañanosek erakutsitakoa irakasten ari dira, besteak beste, Osertz Aldai Isuntzan eta Asier Puertas Hondarribian bertan, bigarren traineruan.

Aitor Manterola Garate.
Hondarribia
2018ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Hamazazpi urte joan dira Hondarribia Arraun Elkarteak Mikel Orbañanosen (Orio, Gipuzkoa, 1973) aldeko hautua egin zuenetik Ama Guadalupekoa trainerua zuzentzeko. Hirugarren denboraldia izan zuen 2002koa entrenatzaile lanetan, aurreko bietan Ondarroan estreinatu eta gero, Orion arraunean urte asko egin ondoren.

Bide oparoa izaten ari da, eta ez soilik emaitzetan, joera bada ere denborekin, sailkapenekin eta bandera kopuruarekin geratzea. Horretan ez ezik, urte hauetan guztietan, isilpean eta lanean, entrenatzaileak sortzen ere aritu dira Orbañanos eta Hondarribia. Nahi gabe ziurrenik, propio ez, baina azaltzen ari dira Orbañanosen eskolak jasotako entrenatzaile berriak. Besteak beste, bi hauek: Osertz Aldai (Hondarribia, Gipuzkoa, 1976) eta Asier Puertas (Orio, Gipuzkoa, 1975). Aldai Isuntzan ari da azken hiru denboraldietan, eta Puertasek hau du lehen sasoia entrenatzaile lanetan, Hondarribia B-n.

Orbañanosek normaltzat jo du entrenatzaile kimu berriak sortzea: «Emaitza onak ari gara izaten urte luzeetan, eta normala da hemen ikasitakoa beste klub batzuetan erakustea. Logikoa da». Normaltasun horren barruan, ez du ukatu poza ematen diola: «Urteak pasatu ahala sortu da dena. Ohorea da niretzat hauei erakutsi izana, eta ohorea da horiek orain beste batzuei erakusten ari direla ikustea».

Estilo propioa darama Hondarribiko eskola izendatu daitekeen honek, eta Aldaik hor jarri du begia: «Mikel [Orbañanos] hainbeste urtetan gurekin egotea oso garrantzitsua da, azken batean arraun egiteko eta arrauna ulertzeko modu bat dagoelako hemen txertatua. Gauzak ikasteko eta barneratzeko modu bat da». Puertasek ere arreta arraunaz harago jarri du: «Mikelek erakutsi diguna ez da arrauna bakarrik. Gure jardunean eduki beharreko jarrerak nolakoa izan behar duen ere erakutsi digu».

Orbañanosek klubari ere eman dio garrantzia jarreraren gaian: «Egia da gauza asko erakutsi ditudala urteetan hemen, baina hona etorri nintzenean, ikasi ere egin nituen gauza batzuk. Nola egin behar diren egoki hainbat gauza, esaterako, eta pozik nago ikasteko aukera hori izan dudalako. Azken batean, bat nator ni hemen betidanik egon izan denarekin. Gauzak berdintsu ikusten ditugun klub eta entrenatzaile bat elkartu gara».

Entrenatzaileak sortzeko bi aldagai jo ditu ezinbestekotzat maisuak: «Arraunlariak ona izan behar du lehendabizi, eta gero, barruan eraman kirol hau, arraunlari ona eta ikasle ona izateko». Bete-betean dator hori Aldai eta Puertasen ezaugarriekin: arraunlari onak, eta entrenatzaile izateko ikasteko gogoa. Prozesu hori dena honela bizi izan du Aldaik: «Arraunean bizi izandako esperientziekin ikasi egiten duzu, eta zeure burua laguntzeko moduan ikusten duzu beste leku batetik; gogoa eta ilusioa pizten zaizkizu entrenatzaile izateko, eta horrek motibatzen du pausoa ematera. Hori dena sentitu eta entrenatzaile izateko pausoa ez ematea pena litzateke. Guk aukera daukagu egiteko, eta egin egin dugu». Puertasek eman dio segida solasaldiari: «Urteetan ikasitakoa erakustea errazagoa da, baina gaitasun berezi bat ere behar da, hau ez baita bakarrik teknika erakustea. Psikologiatik asko dauka, ezkerreko eskua eduki, arraunlariei gauzak esateko modua eta abar». Orbañanosek pausoak nabarmendu ditu,entrenatzaile bihurtzeko bidean eman beharrekoak: «Pausoz pauso joaten zara arraunlari gisa, eta une batean lider izaera hartzen duzu; hurrengo urratsa entrenatzaile izatea da. Ikusten duzunean gai zarela erakusteko, orduan eman dezakezu pausoa».

Sustrai beretik sorturiko kimuak izanik ere, bakoitzak bere bereizgarriak dauzka, eta izaerarekin lotu du Aldaik: «Gauza bera erakusten saiatzen gara, hemen ikasi duguna, baina nahi gabe ere bakoitzak bere ukitua ematen dio, norberak bere izaera duelako, eta, onerako edo txarrerako, antzeman egiten da hori». Taldearen beraren ezaugarriak ere aipatu ditu entrenatzailearen lana nolakoa den azaltzeko: «Kontuan eduki beharra dago ere nolako taldea daukazun esku artean, eta daukagun horretara moldatzen ere jakin egin behar dugu entrenatzaileok».

Koska handia dago arraunlari izatearen eta entrenatzaile izatearen artean, eta azkar jabetu ziren horretaz hirurak, bakoitza bere garaian. Orbañanosen ustez, «erabaki asko hartu behar ditu entrenatzaileak, eta gustukoak ez direnak izaten dira askotan». Aldairen aburuz, «zailena» taldea ezagutzea da: «Isuntzara joan nintzenean, ez nituen pertsona moduan ezagutzen, eta ezinbestekoa da haiek ezagutzea gero lan ona egin ahal izateko». Puertasek beste alderdi bati erreparatu dio: «Egun batzuetan, trainerua osatzen ez genuelako entrenatzeko, landu nahi nuena ezin landu ahal izatea egin zait gogorrena». Orbañanosek ondo ulertu du lagunak esandakoa: «Bigarren taldeetako entrenatzaile izatearen aje handienetakoa hori izaten da».

Maisuaren aholkuak

Horrelako une petraletan izango zuen Puertasek Orbañanosen babesa alboan, eta baita Aldaik ere pausoa eman zuenean entrenatzaile izateko. Ondo gogoan dauka eman zion aholkua: «Pazientzia edukitzeko esan zidan. Nahi izaten dugu entrenatzaileok gauzak ahalik eta azkarren ateratzea, baina horrek etsipena ekar dezake ez direnean ondo ateratzen. Pazientzia lagun ona da hausnarketak egiteko ere, eta baita helburuak zehazteko ere».

Orbañanosek beste aholku bat ere atera du solasaldira: «Nik esango nieke bi hauei diren bezalakoak izateko, gauzak berezkotasunez egiteko, asko laguntzen duelako horrek erabakiak hartzen, besteak beste». Erabaki horien oinarrian dagoenari aparteko garrantzia eman die, gainera: «Beti izaten dira taldearen eta klubaren onerako, eta, hori dena jartzen bada aurretik, errazago hartzen dira erabakiak».

Ezin da ukatu arraunean presioa dagoela emaitzak lortzeko, baina bada kirol bat entrenatzaile gehienei lana lasai egiteko aukera ematen diena. Bat datoz hirurak, nabarmendu arren badirela klub «zailagoak» ere: «Hemen, Hondarribian, bertan hasitako arraunlariekin lan egitea da gakoa, eta horrek denbora behar du ezinbestean. Emaitza aldetik lasaitasuna daukagu. Errazagoa da esatea egitea baino, baina hemen aukera hori daukagu, emaitzen aurretik etxekoekin egin beharreko lana jartzen delako». Puertasek berretsi egin ditu hitzok: «Ez daukat inolako presiorik, helburua haztea delako».

Orbañanosek Orion ikasitako aholku batekin eman dio amaiera solasaldiari: «Helburu bat jarri, eta, asko kosta arren, saiatu egin behar da hori lortzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.