Qatarko Munduko Kopa

Zazpi otso, eta antxumea

Gaur eta bihar jokatuko dira Munduko Kopako final-laurdenak. Argentina, Brasil eta Frantziak aurrera egingo dutela «garbi» ikusten du Gorka Etxeberria kirol zuzendariak; aldiz, zalantzak ditu Portugal eta Marokoren artean.

Marokoko jokalariak final-laurdenetarako sailkapena ospatzen, Espainia kanpoan utzi ostean. RODRIGO JIMENEZ 7EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Estutzen ari da galbahea Munduko Kopan. Azken txanpara iritsita, onenek bakarrik iraun dezakete bizirik. Esperotako guztiak ez daude: Belgika eta Alemania multzoen fasean joan ziren etxera, eta Espainiak kale egin zuen final-zortzirenetan. Aldiz, ezusteren bat egon da: Maroko zortzi indartsuenen artean sartu da, historian aurrenekoz. Besteak mundu mailako potentziak dira: Herbehereak, Argentina, Brasil, Kroazia, Ingalaterra, Frantzia eta Portugal. Gaur eta bihar, finalaurrekoetan sartzen saiatuko dira.

Adituak kabalak egiten hasi dira. Finalera nortzuk iritsiko diren, txapelketa nork irabaziko duen... Bada, hiru talde gainontzekoen gainetik ikusten ditu Gorka Etxeberria kirol zuzendariak (Donostia, 1972): Frantzia, Brasil eta Argentina. Didier Deschampsen taldea da haren zaldi irabazlea, baina gauzak «oso paretsu» ikusten ditu hiruren artean. «Bakoitzari gauza bat ikusten diot. Brasilek eraso ikusgarria du, eta Argentinak, Messi. Osoena, ordea, Frantzia iruditzen zait».

Final-laurdenak Kroaziaren eta Brasilen arteko lehiak abiatuko ditu gaur (16:00). Lehia horren emaitzak sortzen dio zalantza gutxien Etxeberriari. «Brasil askoz ere aukera gehiagorekin ikusten dut. Uste dut aurrealderik onena duela. Batez ere, hegaletan duen indarra nabarmenduko nuke. Gainera, oso talde orekatua da». 2002az geroztik, ezin izan du Europako talderik kanporatu, eta gaur, munduko azpitxapelduna izango du aurrean. Etxeberriaren iritziz, baina, Kroazia ez da «duela lau urteko berbera».

Gaurko beste norgehiagoka Herbehereen eta Argentinaren artekoa izango da (20:00). Hor ere ez du dudarik Etxeberriak: «Argentina nagusituko da». Messi da zuri-urdinen giltzarria. «Areatik urrutiago ari da gaur egun, baina taldeari jokarazi egiten dio. Merezi du Munduko Kopa irabaztea». Gorantz doaz argentinarrak, eta badute beste abantaila bat, Etxeberriaren esanetan: pasioa. «Txoratuta daude futbolarekin, eta horrek indar handia ematen du zelaian». Bestalde, Herbehereei «malgutasuna» falta zaiela iritzi dio. «Entrenatzaile gisa parean egongo banintz, nola planteatu erraz jakingo nuke. Jokatzeko duten modua ez da aberatsa».

Marokok eta Portugalek bihar jokatuko duten lehia (16:00) ikusten du orekatuen Etxeberriak. «Portugal aurretik jarriko nuke, baina, Maroko Espainiarekin nola aritu zen ikusita, kontuz. Emaitzaz harago, tempoa kontrolatu zuen, eta kalitatea erakutsi». Suitzaren aurka indar erakustaldia egin zuen Portugalek: sei gol sartu zituen, horietako hiru Gonçalo Ramosek. Haatik, afrikarrek gauzak dezentez zailago jarriko dizkiote, Etxeberriaren arabera. «Ez dakit prest dagoen Marokoren egitura apurtzeko».

Parekatua dirudi, halaber, bihar Ingalaterra eta Frantzia aurrez aurre jarriko dituen neurketak (20:00). Final-laurdenetako lehiarik ikusgarriena izango da, izen aldetik bederen. «Hemendik aurrera, kilate asko behar dira partidak irabazteko, eta Ingalaterrari goi mailako kalitate puntu bat falta zaio», esan du Ingalaterran bertan eta Australian aritua den kirol zuzendariak. Ozeaniarrei lau gol sartuz hasi zen Frantzia, eta indar betean jarraitzen du, Mbapperen gidaritzapean. «Partidak bere kasa erabakitzen ditu. Dena dauka». Griezmannen ekarpena ere goratu du. «Oso fin dabil erdi-punta moduan jokatzen».

Kluben futbola, «josiagoa»

Hilaren 18an jokatuko da finala, Lusail estadioan. Brasil eta Frantziaren arteko izar talka ikusi nahiko lukete askok. Frantziaren aldean, Brasili «sufritzeko gaitasuna» falta zaiola uste du Etxeberriak. «Frantziak Brasilek adinako joa du, eta sendoagoa da. Brasilek oso jokalari onak ditu defentsan, baina mentalitate kontua da: ez dut prest ikusten hogei minutu txar eduki eta zutik irauteko».

Oro har, txapelketa «entretenigarria» ari da izaten Etxeberriarentzat. Halere, nahiago du kluben arteko futbola. «Joko aldetik, Munduko Kopak aspertu egiten nau askotan. Ez da ikusten Txapeldunen Ligan ikusten den futbola. Kluben jokoa askoz ere josiagoa da». Urrunago joan da: «Txapeldunen Ligako final-zortzirenetara iristen den edozeinek irabaziko luke Munduko Kopa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.