Denak bat eginik, gorabidean

Osasuna bosgarren postuan iritsiko da Lehen Mailako hamargarren jardunaldira, hasiera itzela osatu eta gero. Miguel Flañoren ustez, oraingo emaitzak azken urteetan hartutako ildoaren segida dira: «Oso egina dago taldea». Gorritxoek onbidean jarraitu nahi dute gaur, Sadarren Granadari irabazita.

Osasunako jokalariak, Chimy Avila-k Vila-reali sartutako gola ospatzen. DOMENECH CASTELLO / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Begiak igurzten dituzte Osasunaren zaleek sailkapenari erreparatzen dioten bakoitzean. Lanak dituzte ikusten dutena sinesten, baina ez da ameskeria: Nafarroako taldea Lehen Mailako bosgarren sailkatua da lehen bederatzi jardunaldiak jokatu ondoren. Hamazazpi puntu ditu, Atletico Madrilek, Sevillak eta Real Madrilek adina —partida bat gutxiago jokatu dute—, eta hiru puntu eskasera dauka Realaren esku dagoen lidergoa. Gaur txuri-urdinen pare jar liteke behin-behinean, Sadarren Granadari irabazten badio (21:00, Movistar LaLiga).

Orain arte, Osasunak garaipen bakarra erdietsi du Iruñean. Goraldiaren gakoa, beraz, etxetik kanpoko jardunean dago: partida guztiak irabazi ditu bisitari gisa, lautik lau. Marka guztiak apurtu ditu, eta ohiko joerak irauli, Miguel Flaño (Iruñea, 1984) taldeko jokalari ohiak azaldu duenez. «Historikoki, beti kosta zaigu gehiago etxetik at emaitza onak lortzea, baina aurten alderantziz ari da izaten. Oso fidagarriak ari gara izaten Iruñetik urrun». Azken txanpan lortu ditu lau garaipen horietatik hiru, Cadiz, Mallorca eta Vila-realen zelaietan. Ez da zorte kontua izan soilik, Flañoren aburuz. «Behin gerta dakizuke zorioneko gol bat sartzea, baina, egoera bera behin eta berriz errepikatzen denean, ezin daiteke kasualitateez hitz egin. Taldea oso indartsu ari da iristen azken txanpara, fisikoki eta mentalki. Presioa goian egiten jarraitzen du bukaeran, eta jokalari askorekin egiten du eraso. Horren ondorio dira garaipenak».

Zaila izango da bolada horri eustea, baina, era berean, ez litzateke harritzekoa izango Sadarko emaitzek hobera egitea. Izan ere, ez du uste Osasuna etxean makal dabilenik. «Rayori irabazi dio bakarrik, azken partidan, baina oro har sentipenak ez dira txarrak izan. Berdindutako lehiak lasai asko irabaz zitzakeen. Litekeena da orekatuz joatea etxeko eta kanpoko emaitzak».

Azterketan sakonduz, taldea «oso egina» dagoela azpimarratu du. «Ideiak oso garbi dituzte, jokalari multzoak geroz eta denbora gehiago daramalako Jagobaren esanetara [Arrasate]. Lan egiteko modua eta jokamoldea oso finkatuta daude, eta, gainera, kanpotik iristen direnek berehala barneratzen dute». Eta etxeko jokalariei dagokienez, David Garciaren lana goraipatu du. «Oso garrantzitsua da atzeko lerroan jokalari erregularrak eta lehiakorrak edukitzea, eta, alde horretatik, David itzel ari da. Oso akats gutxi egiten du, eta beti dago adi. Konfiantza handia du, eta aske sentitzen da bere gaitasun guztiak erakusteko. Asko pozten naiz harengatik, merezi baitu».

Hori gutxi balitz bezala, golak sartzeko erraztasuna ere ari da izaten atzelari nafarra. Gehiago kosta zaio Chimy Avilari, baina idortea eten zuen azken partidan, Vila-reali garaitzeko gola sartuta. Askoren lehena ote? «Oso lesio larriak izan ditu Chimyk, eta sasoi onenean jartzea prozesu bat da. Gogor egin behar da lan, eta horretan dihardu. Oso indartsua da mentalki, eta ez dut zalantzarik pixkanaka hobera egin, eta oso denboraldi ona osatuko duela». Zelaitik kanpoko polemikei ez die garrantzirik eman Flañok, eta deitoratu egin ditu zale batzuek argentinarrari eginiko kritikak. «Ez ditut ulertzen. Batzuetan, garrantzi handiegia ematen zaie zelaietatik kanpo gertatzen diren gauza batzuei. Chimy eredu izan da borroka aldetik, duen guztia eman du beti, eta hori da balio duena». Ikuskizun dago hegoaldeko harmailak zer jarrera hartzen duen gaur aurrelari argentinarrarekin.

Garairik onenetan bezala

Zale baikorrenak alderaketak egiten hasi dira talde honen eta Javier Aguirrek Txapeldunen Ligarako sailkatu zuenaren artean. 2005-2006ko sasoian, gorritxoek puntu bat gehiago besterik ez zuten. Talde hartako kide zen Flaño, eta ba omen daude antzekotasunak. «Gu gai ginen erabat fin aritu gabe ere irabazteko, eta uste dut berdin gertatzen dela egun. Estiloa ez da berbera, baina antzekoa da batasun eta lehiakortasun sentsazioa». Aurrera begira, uste du Arrasateren taldeak ez diola zertan «ezeri» uko egin, betiere helburu handien distirarekin itsutu gabe. Hobe du zuhurtziaz jokatu, malda gogorra datorkiolako: Real Madril, Sevilla, Reala eta Atletico Madril izango ditu aurkari hurrengo jardunaldietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.